"Aiurri.eus guneko komunitatea atala indartzen ari da"

Aiurri 2020ko urt. 31a, 07:55
Olatz Lasa Aiurriko kazetaria

Aiurri astekariaren webgune berriak aukera ugari eskaintzen ditu. Erredakziotik "Komunitatea" atala indartzeko ahalegin berezia egiten ari dira.

Martxoan urte bat beteko da Aiurri.eus webgune berria zabaldu zenetik. Zein abantaila ditu webgune berriak?

Bisualagoa da, albisteak jaso eta irakurtzeko erakargarritasun handikoa. Edukiak prestatzeko eta sarean partekatzeko aukera hobeak ditu, baita bilaketak egiteko ere.

Tokikom tokiko hedabideen federazioak plataforma digital bateratua garatzeko lan handia egin du, Codesyntax enpresarekin batera. Azken urtean, Beterri-Buruntzako Kronika, Noaua eta Txintxarri hedabideekin batera, Aiurri plataforma horretara batu da.

Editore modura, oso pozik gaude tresna berriarekin.

Aukera ugari eskaintzen ditu webgune berriak, denborarekin garatzen joango garenak. Besteak beste, parte hartzeko eta herritarrei hitza emateko aukera zabalagoak eskaintzen ditu aiurri.eus webgune berriak.

Parte hartzea aipatu duzunez, komunitatea atala indartzen ari da. Zu zeu zara atal horren dinamizatzailea, gainera...

Lehenik eta behin eskualdeko ikastetxeetara jo genuen. Euren atala sortu eta albisteak txertatzeko oinarrizko ikastaroa eskaini genien, eta gaur gaurkoz atal hori ondo baliatzen ari dira Urnietako Salesiar ikastetxea edota Egape ikastola.

Zer moduzkoa izan da hezitzailearen lana?

Ikastetxeetan oso ondo hartu dute ekimena, eta parte hartzen ari direnek neurria oso ondo hartu diotela esan genezake. Mekanika antzekoa da, kasu guztietan. Albisteak lantzen dira bertatik: izenburua, sarrera eta testua norberak idazten du eta albiste edo post horri argazkiak edo bideoak eransteko aukera dago. Komunitatea atalean, ondorioz, erabiltzaile bakoitzaren edukiekin azpi webgune modukoak sortzen dira. Aipagai izan ditudan ikastetxeen kasuan, esaterako, eurek idatzitako albiste guztiak atal propio modura ikusteko aukera dago.

Erraza al da komunitatea atala kudeatzea?

Bai. Minutu gutxian neurria hartzeko modukoa. Erabiltzaileen albiste jarioari erreparatzea da, onena. Azken hilabeteetan "Komunitatea" atala indartzen ari baita. Eta hori soilik erabiltzearen poderioz gertatzen da.

Idazten hasteko erabiltzaile bakoitzari erabiltzaile profil bat sortzen diogu, izena eta pasa-hitzarekin. Albistea landuta, webgunean berehala argiratatzen da. Ondoren, erabiltzaile bakoitzak bere sareetan partekatzeko aukera dauka. Aiurrik bere aldetik hori bera egiten du. Webgunean erakusteaz gain, komunitateko eduki bakoitza gure Twitter eta Facebook kontuetatik zabaltzen ditugu. Gure hartzailegoarengana iristeko leiho berria eskaintzen diogu, beraz, komunitateko partaideari.

Hainbat gizarte eragilek ere aukera hori baliatu dute. 

Halaxe da. Larramendi Bazkuna eta Mintzalagunak parte hartze aktiboa izaten ari dira. Baita Aiztondoko beste zenbait eragile ere. Talde guztiei zabalik gaude.

Zer egin behar da, beraz, parte hartzeko?

Edozein giza taldek parte har dezake. Andoain@aiurri.eus emailera idatz dezatela, eta eurekin jarriko gara harremanetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!