Euskarazko haur film berria

Aiurri 2020ko ots. 3a, 07:42

Asteburuan izango da “Lur eta Amets” filmaren estreinaldia Euskal Herriko zinema aretoetan. Haurrei zuzenduta, Euskal Herriko historian barrena bidaia modukoa da. Kobazuloen garaitik XX. mendera. Igande eguerdian egin zuten aurre estreinaldia Donostian, eta bertan izan zen filmaren lan talde osoa.

Lotura filmsen ekoizpen berriena da, Miren Berasategiren ardurapean egin dena. Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce izan dira filmaren zuzendariak, eta Eneko Olasagasti gidoilaria. Soinu banda Joserra Senperenarena da.

Filmaren muina bikain agertzen da sinopsian: Lur eta Ametsen gurasoek asteburu honetan ezkontza dute eta bikiak amona Andereren etxean utzi dituzte asteburu pasa. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren botereei esker, ez da asteburu arrunta izango. Bidaia batean murgilduko dira, garai eta sasoi desberdinetan abentura gazigozoak bizituz, gure historian zehar bidaiatuko dute. Beti izango dira beraiek protagonistak, Andere eta Baltaxarren laguntza ordaingabearekin. Baina, tamalez, gaiztoak, sasoi eta garai desberdinetan, ia beti izango dituzte atzetik.

Historia-aurrea, Erromatarren garaia, Nafarroako erresumaren sorrera, Zugarramurdiko sorginen kondaira, Karlistadak, Industria garaia Bilbo aldean, Frankoren garaiko hizkuntz jazarpena, 1983ko uholdeak... Lau dira filmaren protagonista nagusiak: Lur, Amets, amona eta Baltaxar katua.

 

Trailerra:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!