Ernaik erraustegiaren aurkako mobilizazioetan parte hartzeko deialdia zabaldu du otsailaren 27rako

Aiurri 2020ko ots. 6a, 21:23

Arratsaldean Lasarte-Oriako Okendo plazan Ernaik agerraldia egin du, martxoak 3an irekiko den Zubietako erraustegiaren harira; "ez dugu onartzen ustelkeriarik, ez dugu onartzen gure lurrarekin eta osasunarekin jolasterik, ez dugu onartzen zuen poltsikoak betetzeko proiektu txikitzaileak eraikitzea", gehitu dute.

Ernai Gazte Antolakundeak bat egin du Larreko Mahaiak erraustegia geratzeko deitu duen manifestazioarekin otsailaren 29an Donostian. Otsailaren 27rako bi mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu dute:

  • 12:00 Ikasleen mobilizazioa Donostiako Gipuzkoa plazatik.
  • 19:00 Gazte mobilizazioa Lasarte-Oriako Okendo plazatik.

Hernai Gazte Antolakundearen oharra:

USTELEN LEGEA ERRAUTSA ETA KEA
Negu mugitua dugu Euskal Herrian. Astebete eskas da gure bizitza duinen aldeko aldarria lau haizetara zabaldu genuela gure herrietako kaleetan. Gaurkoan, mobilizazio sozialarekin jarraitzeko beste deialdi bat egin nahi dugu Lasarteko plazatik. Hemendik kilometro gutxira eraiki duten erraustegia martxoaren 3an jarriko dute martxan. Gipuzkoarrok urteak daramatzagu makro proiektu zentzugabe hone aurkako borrokan eta argi adierazi nahi dugu ez dugula etsiko eta borrokan jarraituko dugula.

Erraustegia egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren ikono bat gehiago da, gutxi batzuen etekin ekonomikoa jartzen du gu guztion bizitzen gainetik. Bulego ilunetan itxi eta jatetxe garestietan ospatutako tratu milionarioak dira haien boterearen berme eta xede nagusia. Argi dago erraustegiak ez diola herriaren interesei erantzungo, gutxi batzuen poltsikoen mesedeei baizik. Berriro ere poltsikoak diru ustelez beteko dituzte erraustegia beharrezkoa dela diotenek, nahiz eta ongi dakiten gizartearen kalterako proiektuak direla.

Hau da EAJ-k PSE-ren laguntzarekin zabaldu nahi duen eredua Gipuzkoan zein Euskal Herri osoan, konstruktora eta lagunekin hitzarmenak egin eta poltsikoak diruz betetzea ahalbidetuko diena. Herritarron hitzari entzungor egin eta gu guztiok heriotzera kondenatuko gaituen proiektua. Herriaren hitza alde batera utzi eta haien interes pribatuen aldeko apustua egin du beste behin ere EAJ-ak. Hau baita beraien ustez herriaren alde lan egitea. Baina urte hauetan guztietan herri mugimenduak bultzatutako lanketekin, argi geratu da Gipuzkoako herritarrok ez dugula proiektu txikitzaile honen aldeko apusturik egiten. Argiago esanda, ez dugu horrelako proiektu txikitzailerik gure herrian nahi.

Egungo testuinguruan gainera, larrialdi klimatikoaren gaiak zentralitatea hartu eta eztabaida poitiko eta mediatikoaren erdigune bilakatu denean, are eta ulergaitzagoa da proiektu hau irekitzeko urratsa ematea. Aldaketa klimatikoa denok interpelatzen gaituen errealitate bat da. Mundu mailako olatu sozial erraldoia pizteko gaitasuna izan duen gaia, hain zuzen, eta Euskal Herrira ere iritsi dena. Egoera honen aurrean, agente politiko eta botere faktikoek kapitalismo berdearekin erantzun dute, haien aurpegia garbitu nahian, inolako aldaketarik suposatzen ez duten azaleko adierazpenak eginez eta hazkunde ekonomiko eta negoziorako aukera berriak irekiz. Baina gu ez gaituzte engainatuko!

Alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestiak eraikitzeari utzi eta beste bizimodu baten aldeko apustua egin beharra dago. Gu guztion bizitza erdigunean jarriz eta ez gutxi batzuen etekin ekonomikoa. Beraz, gazteok argi dugu, herriaren aurkako iruzurrik ez dugu onartuko. Merkatua eta interes pribatuak lehenesten dituen ereduaren aurrean, bizitzaren aldeko apustua egiten dugu.

Gure hitza entzun dadin, otsailaren 27an goizean ikasle mobilizazioa izango dugu Donostian 12:00etan hasita Gipuzkoa plazatik eta arratsaldean gazte mobilizazioa burutuko dugu Lasarten 19:00etan plaza honetatik hasita. Azkenik, agerraldi hau ere baliatu nahi dugu, Larreko Mahaiak otsailaren 29an antolatu duen herrialde mailako mobilizazioari gure atxikimendua eman eta euskal gazteriari ere bertan parte hartzera deitzeko.

Ez dugu onartzen ustelkeriarik, ez dugu onartzen gure lurrarekin eta osasunarekin jolasterik, ez dugu onartzen zuen poltsikoak betetzeko proiektu txikitzaileak eraikitzea. Ustelen legea errautsa eta kea besterik ez delako, gu bizitzak erdigunean jartzera gatoz.
Euskal gazteria aurrera!

2020ko otsailaren 6an, Lasarten.
Ernai Gazte Antolakundea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!