GuraSOSek elkartasuna adierazi die Zaldibarko zabortegiko istripuak erasandakoei

Aiurri 2020ko ots. 10a, 09:20

"Ezin dugu saihestu, gaur gure burua eta bihotza Zaldibarren izatea", adierazi du GuraSOSek urgentziaz, ostiral arratsalde honetan plazaratu duen oharrean.

"Gaur ezin dugu saihestu burua eta bihotza Zaldibarren izatea. Gure elkartasuna eta hurbiltasuna helarazi nahi diegu Zaldibarko bizilagunei eta istripuak erasandako langileei (instalakuntzako langileei, hondakinak kentzeko lanetan jardundakoei, asistentzia eta polizia zerbitzuei)". 


GuraSOSen esanetan, "zoritxarrez Zaldibarren gertaturikoak eta oso larria izan den istripuari buruz egin den informazioaren kudeaketa okultistak gure borrokaren egokitasunean berresten gaitu".

Erraustegiaren kasuan bezala, gardentasun eta informazio falta
Aipatu zabortegiko gertakariaren eta Zubietako erraustegiaren arteko "paralelotasunak marrazteari ezin diogu utzi", adierazi du GuraSOSek.

GuraSOSen esanetan, Zubietako erraustegiaren kontratuaren harira azken asteotan salatu dituzten irregulartasunekin bezala, Zaldibarko zabortegiko istripuaren kasuan,  "berriz ere gardentasun eta informazio falta eta osasun zein ingurumenarentzat arriskutsuak diren eta ingurumen kontrol egokirik gabe egiten diren jardueren kudeaketa pribatua" aurkitzen ditugu.

Onartezintzat jotzen du GuraSOSek, osasun eta ingurumen arazo handiena ez bada handienetarikoa den hondakinen kudeaketa "irabazi ekonomikoak izatea xede duten enpresa pribatu eta multinazionalen esku egotea; izan Urbaser (Zubietako erraustegiaren kasuan) edo Verter Recycling (Zaldibarreko zabortegiko kudeatzailea), beti segurtasunaren eta osasunaren bizkar".

GuraSOSek gogorarazi duenez, urteak daramatzate benetazko beharretan "eta ez bulkada interesatuetan" oinarritua egon eta osasun zein ingurumena lehenetsiko dituen hondakinen kudeaketaren planifikazio falta salatzen.

Zaldibarren jazotakoak Zubietako erraustegian gertaturikoarekin lotura zuzena egin du GuraSOSek. "Azken bi asteotan erraustegiaren agintariek Donostiako erraustegia martxan jarri asmo duten emakidadunekin izandako mesede-tratua salatu dugu. Erraustegia martxan jarri aurretik gertaturiko istripu bat ezkutatzea lehenbizi eta gero izan duen garrantzia txikiagotzea araudia urratuz eta Ingurumen Baimenaren tramitazioan izandako irregulartasun larriak". 

Ingurumen baimenaren inguruko epaiaren zain
Zenbait ekimen juridiko eta administratibo abiaraziak ditu GuraSOSek. Horietako baten epaia jakinaraziko du otsailaren 11n EAEko Auzitegi Nagusiak. "Gure ikuspegitik erraustegia bidegabeki baimentzen duen 2016ko apirilaren 11ko Ingurumen Sailburuordearen ebazpena baliogabetzen duen edo ez erabaki beharko du. Zaldibarreko zabortegiaren baimena urte berekoa da. Aukera ezinhobea beraz, botere judizialak argi eta garbi esan dezan ingurumenaren, bizitzaren eta osasunaren defentsan ez dagoela bidezidorrik". 

Mundu mailako ingurumenaren egoera eta "gure industrializaturiko herrian" bereziki hain da larria egoera" GuraSOSen esanetan, "amore-emailea ez den ingurumen justizia beharrezkoa egiten dela". Guraso elkarteak gogorarazten duenez, "epaile eta auzitegien zeregina administrazioaren jardunaren legaltasunaren kontrola eta norbanako nahiz kolektiboen eskubide eta interesen babesa". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!