Bixente Ameztoyren lanak ikusgai, Bilboko Arte Ederren Museoan

Gaur, iluntzeko 20:00etan, zabalduko dute Bixente Ameztoy margolariaren lana biltzen duen erakusketa. Margolari billabonatarraren inguruko erakusketarik osatuena izango da Bilbokoa, eta ekainaren 7ra arte egongo da zabalik.

Bilboko Arte Ederren Museoak bere webgunean azaldu duenez, Ameztoyren ibilbide artistiko osoa bilduko du erakusketak. "Hala, ikusgai egongo dira joan den mendeko 60ko hamarkada amaieran, gaztaroan, egin eta oso gutxi ezagutzen diren obretatik, 2001ean hil aurretik egindako azkenengo lanetara arteko lanak".

53 margolan dira, eta batzuk oso esanguratsuak; esate baterako, bere azken lan garrantzitsua: Rodríguez Hernandorena familiaren enkarguz, Bastidako (Araba) Remelluriko Amaren ermitarako 1994 eta 2001 artean egin zuen margolanen zikloa.

Margolan "asko eta asko bilduma partikularretatik datoz, eta, batez ere, 1970 eta 1980ko hamarkadetan erositakoak direnez, orduz geroztik oso gutxitan ikusi ahal izan diren obrak dira. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumatik, hirurogeita hamarreko hamarkadako lau obra ikusi ahal izango dira: Izenbururik gabe (c. 1972), Izenbururik gabe [Juan Luis Goenagaren erretratua] (1976); Izenbururik gabe [Poxpolinak (Arias Navarro)] (1977) eta Izenbururik gabe [Ahoa] (1979)".

Madrilgo Arte Ederren Museoan ere izan dira ikusgai Ameztoyren margolanak, baina Bilboko erakusketa osatuagoa dator.

Museoaren webgunean irakur daitekeenez, "Margolanez gain, paperean egindako hainbat obra ere izango dira ikusgai (marrazkiak, estanpak eta kartelak), baita askatasun osoz elkarganatutako objektuak biltzen dituzten collage-kutxak eta dokumentazioa ere, esaterako, marrazki-koadernoak, liburuxkak eta liburuak. Ameztoyren obrari buruzko Miradas (1969) film laburra ere proiektatuko da; Jesús Almendros zuzendariarena da, eta margolaria bera izan zen filmeko aholkulari artistikoa".

Arte Ederren Museoko 32. gelan jarri dute erakusketa eta, ikusgai egongo da ekainaren 7ra arte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!