Kilometroak 2020

Kilometroak 20ren baitako ekintza publiko guztiak atzeratuta

Aiurri 2020ko mar. 13a, 16:34

Koronabirusaren aurrean zehazten ari diren neurriak jarraituz, 2020ko Kilometroak jaiaren bueltako ekintza publiko guztiak atzeratzera erabaki du antolakuntza batzordeak.

Kilometroak 20 festa nagusia urriaren 4an izango bada ere, Zubimusu ikastola buru-belarri ari da urte osorako ekintzak antolatzen. Ekintza horietako bat, martxoaren 23tik apirilaren 6ra,Tolosaldeko Milimetroak festa izango zela nabarmendu dute antolakuntza batzordeko kideek.
Egitasmo horretan parte hartu behar zuten partaideen osasuna bermatzeko, eta Eusko Jaurlaritzak zehaztu dituen neurriak jarraituz, ordea,Tolosaldeko Milimetroak jaia atzeratzea erabaki dute Anoeta, Laskorain, Irura, Uzturpe eta Zubimusu ikastolek. Data berria zehazten denean jakinaraziko dute berriz ekintzak noiz egingo diren.

Tanta salmenta eta denda
Horrez gain, adierazi dutenez, Kilometroak jaiaren aldeko Tanta boletoen salmenta egiteko antolatutako irteerak bertan behera geratuko dira datozen bi asteetan. "Berdin dendako irteerak ere. Datozen bi asteetan ez da salmenta irteerarik egingo, eta Villabonako denda ere itxita egongo da. Webguneko online salmenta bidez egindako eskariak, ordea, kudeatuko dira eta zerbitzua indartu egingo da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!