#BertsoVid19

Bertsokate kolektiboa antolatu du Aiurrik

Aiurri 2020ko mar. 16a, 16:44

Berrogeialdia etxean eramangarriagoa egiteko Aiurrik "Bertsokate koletiboa" antolatu du. Twitter izango da bertso katearen eszenatokia #BertsoVid19 traola erabilita.

Zer da?
Etxeko egonaldia arinagoa egiteko bertsotan aritzera animatu nahi du jendea Aiurrik. Puntukako ariketa izango da, eta haria Twitter bitartez sortuko da. Hasiera Unai Ormaetxea andoaindarrak emango dio eta berak bi izendaturi luzatuko die erronka Twitter bitartez #BertsoVid19 eta #Aiurri traolak erabilita.

Zeintzuk dira arauak?
Bertsoaren neurria zortziko txikia izango da eta doinua norbanakoak erabakiko du (doinu errazak eta ezagunak izatea gomendatzen da).

Nola funtzionatzen du?
Puntukako ariketa izango da. Unai Ormaetxea andoaindarrak ekin dio erronkari eta bere bi izendatuak Ion Beloki eta Unai Mendizabal izan dira. Honela hasi beharko dute bertsoa:

Ion Belokirentzat: Zer moduz bizi zera etxean sartuta?

Unai Mendizabalentzat: Komuneko papera erosi al dezu?

Orain beren txanda izango da Ormaetxearen puntuari erantzuteko.

Bertsoa bideoz grabatu, aurrez puntua jarri dizunari erantzunez, eta Twitter sare sozialera igo behar da #BertsoVid19 traola erabilita. Txioan zure bi izendatuak ere etiketatu behar dira, beraiek zure bertsoaren hasierari jarraitzeko.

*Izendatua ez bazara eta bertso katean parte hartu nahi baduzu, bota bertsoa (hori bai, zortziko txikian) eta izendatu jendea*

Nork har dezake parte?
Beterri-Buruntza eta Aiztondo bailarako gazteek hartuko dute parte batez ere, baino beste edozein eskualdekoek ere har dezakete parte.

*Twitterra ez baduzu bidali bideoa honako zenbakira izendatuak aipatuz: 692 73 80 94*

Azalpena zehatzago bideoan Unai Ormaetxearen eskutik:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!