Ttap aldizkari digitalaren edizio berria

Aiurri 2020ko mar. 20a, 16:44

Ttap astekari digitala edukiz eta formaz berrituta argitaratuko da martxoaren 20az geroztik. Zero zenbakia kaleratu zenetik 20 hilabetera, aldizkariaren lantaldeak haren ibilbidearen inguruko gogoeta sakona egin eta hainbat aldaketa egin dizkio aldizkariari, “etengabe hobetzen jarraitzeko”.

App bidez irakur, ikus edo entzun daitekeen aldizkari digitala da Ttap. Urrutira joan gabe, iazko ekainean Rikardo Arregi Kazetaritza Saria irabazi zuen. Egitasmoa bideratuta, diseinua berritzeari ekin dio lantaldeak. Martxoaren 20an kaleratuko du Ttap-ek edizio berritua. Itxuran eta edukietan aldaketak egin arren, oinarrizko irizpideak betikoak izango dira:
• Doako aldizkari digitala.
• Kontsumo arin eta urbanokoa.
• Irakurri ez ezik, ikusi, ukitu eta entzun egin daitekeena.
• Euskara hutsez.
• Hainbat komunikabideren artean elkarlanean ekoitzia.
Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean jaio zen, Anboto, Baleike, Euskalerria Irratia, Goiena eta TOKIKOMen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Astero-astero argitaratzen da, ostiraletan, eta dohainik. Orain arte aldizkariak Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan zituen hiru edizioak bakar batean bilduko ditu Ttap-ek aurrerantzean. Edizio bateratuak atal eta kolaboratzaile berriak izango ditu, eta euskal lurralde guztietako gaiak landuko ditu. Monika Belastegi Ttap-eko zuzendariak dioenez, “lurraldekako planteamendua gainditu eta euskal herritar guztientzako interesgarria den produktua sortu nahi dugu, edizio ezberdinak deskargatzera behartzen ibili gabe”. Ttap-ekin kolaboratuko dutenen artean daude: Izaro Andres, Anabel Arraiza, Aitzol Atutxa, Ion Celestino, Aingeru Epaltza, Angel Erro, June Fernandez, Ander Izagirre, Ane Labaka, Bea Sever, Arantza Urretabizkaia, Oier Zuñiga, Janire Azkueta, Jokin Ayerregaray, Naia Ibrain, Aitor Abaroa...

Diseinu berritua
Diseinuan eta maketazioan ere aldaketa nabarmenak dakartza Ttap berrituak.

‘Gorabeherak’ saila
Berrikuntza eta esperimentazioarekin jarraituz, martxoaren 20ko edizio berriak aldizkarirako propio sortutako eduki berri bat estreinatuko du: ‘Gorabeherak’ ikusentzunezko sail bat da, umorezko kapitulu laburrez osatua, Ttap-ek hamabostean behin eskainiko dituena. Belastegiren hitzetan: “'Gorabeherak’-en planteamendua oso sinplea da: igogailu bat izango dugu, hildakoak zerura ala infernura eramaten dituena. Igogailu horren arduraduna Ramon da, igogailuzaina, eta berak egoera xelebreak biziko ditu igogailuan gora ala behera eraman behar dituen eta denok ezagutzen ditugun pertsonaiekin. Pertsonaia horien artean denetarik izango dugu. Gehienak euskaldunak izango dira, baina Euskal Herritik kanpokoak ere ez dira faltako”. Ttap-en lantaldea oso ilusionatuta dago Gorabeherak proiektuarekin: “Mimo handiz egin dugu, eta uste dugu emaitza dibertigarria eta oso txukuna dela. Gogo handia dugu publikoari erakutsi eta iritziak jasotzeko, guri behintzat ederra iruditu zaigu eta”. Belastegik eskerrak eman dizkio proiektua posible egin dutenei: alde batetik Tabakalerako 2deo Laborategiari eta Bertako Igogailuak enpresari, egitasmoan sinistu eta babes ekonomikoa emateagatik. “Babes eske joan ginenean, ideia polit bat besterik ez genuen, eta uste dugu eskertu eta aitortzeko modukoa dela gugan konfiantza osoa jarri eta ideia hutsa zena diruz laguntzeko apustua egin izana. Gorabeherak kajoi batean gordetako ideia polita litzateke 2deo eta Bertakoren babesik gabe”. Bestalde, sorkuntza lana ere goraipatu du Belastegik: “luxua izan da Kepa Errasti eta Nerea Arriolaren erabateko inplikazioarekin kontatzea. Kepak berehala heldu zion zirriborratua genuen ideiari eta hartu duen forma zehatza ematen erabakigarria izan zen bere ekarpena. Atalen gidoiak eta zuzendaritza lana ere bereak dira, eta gure ustez behintzat, emaitza bikaina da. Nereak ere sekulako lana egin du, atal bakoitzean fisikoki ere guztiz ezberdina den pertsonaia antzeztuz. Emaitza, gure ustez behintzat, bikaina eta oso dibertigarria da, eta espero dugu publikoaren oso gustukoa izatea”.

---------------------------------------------------------------------------------------

AIURRI HAMABOSKARIA HARPIDEDUNEN ARTEAN BANATZEN DA SOILIK, ETA HAIEI ESKER ATERATZEN DA AURRERA. KORONABIRUSA DELA ETA, EZOHIKO NEURRI NEURRI BEZALA, AIURRIKO EDUKI GUZTIAK IREKIAN UTZIKO DITUGU. BIZTANLE GUZTIEN EGONALDIA ARINAGOA IZATE ALDERA, HORI DA ERREDAKZIO TALDEAK HARTU DUEN ERABAKIA.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!