Aztarrika

Atzokotik | Martxoak 25

Xabier Lasa 2020ko mar. 26a, 16:43

Garraiolarien ez ezik herritarren osasuna arriskutan jartzen dituzten on-line erosketak, Andoaingo Udalaren eta Andoaingo Covid Bolondresak taldearen arteko inkomunikazioa, eta, Felipe monarkaren diskurtsoarekin egindako muntaje-parodia ditu hizpide gaurko Aztarrika zutabeak.

On-line erosketak

Denok, edo ia denok, jasotzen ari gara zenbait korreo, erosketak on line egiteko. MediaMarketek adibidez, “Ez diezazula ezertxo ere falta!” aldarrikatu ostean, hainbat produktu (mugikorrak, ordenagailuak, etxe-tresna elektrikoak…) eskaintzen dizkigu, horiek erosleoi eskura jartzeko erraztasunak emanez. Hori bai, zehazten digu pakete-enpresek neurriak zorroztu dituztela beren langileen eta bezeroen osasuna arriskutan ez jartzeko.

Forum kirol dendak, berriz, zera adierazten digu serio antzean: “Gogorra izango da, baina erraztu egin nahi dizugu: Eskaria etxera doan eramango dizugu”. Horrela, kirola etxean egiteko makina bat produktu (esterillak, fitness-eko jantziak, bizikleta estatikoak edo Spinning erakoak…) eskaintzen dizkigu.

Samanta Villa, Cuatro telebistan formatu doku-reality estiloan saioak egiten dituen kazetariak, “Fuera hay un francotirador” izenburupean, korreoz erosteko eskaintzak jaso ditugun guztioi burura datorkigun gogoeta berbera zabaldu du sareetan: “zer egiten dute makina bat enpresek erosketan on-line eskaintzen eta herritarrak? Edo ez dira kontzienteak, edo eta negozioa guztion osasunaren gainetik jartzen ari dira bizitzarako beharrezkoak ez diren bigarren mailako akzesorioak salgai jarrita”.

Bezeroen jokabidea ere auzitan jartzen du, galdetuz ea merezi ote duen biltegietako langileen, garraiolarien, banatzaileen eta geuron osasuna arriskutan jartzea, etxeko itxialdia eramangarriagoa egin diezaguketen edozein jolas edo tramankulu eskuratzeagatik.

Elixabete Garmendiak Euskadi irratiako Faktoria saioan, Sinadura atalean, antzeko hausnarketa egin zuen Anakronismoak izenburupean, astelehenean.

Bizi duen sentsazioa kontatuz, hasi zen holaxe: “(…) Antzezlanaren baten aurrean egotea baina ez ikusle modura, aktore gisa baizik. Aktore, norbera eta ingurukoek bizi dugun egoerari buruz hizketan beste norbaitek idatzi dituen dialogoak botaz… Nork idatzi du deskalabro honen gidoia?...”.

Errealitateak fikzioa gainditzeko moduko gertaerak bizi ditugula-eta, anakronismo ugari ikusten ari da azken aldian. Bada, horietako bat omen da ETBn eta Euskadi Irratian egunero ikus-entzuten ari garen iragarki bat: “(...) Karlos Argiñano ez dakit zenbat izarreko telefonoa saltzen. Estraineko aldian gazapo gisa irensten duzu, baina hirugarrenetik aurrera zin egiten dut telefono izarduna ez dudala erosiko, ezta erdi prezioan ere...”.

 

Elkartasun sarea eta (in)komunikazioa Andoainen

Nik dakidala, Andoaingo Udalak eta Andoaingo Covid Bolondresak taldeak bost agiri egin dituzte publiko, elkartasun sarea eta beronen antolaketa gaitzat hartuta. Hona kronologikoki eta laburbilduta bostak:

* Martxoaren 14an, Andoaingo Covid Bolondresak taldeak jakinarazten du arrisku egoeran dauden pertsonei laguntzeko sortu dela. Gaineratzen duenez “(…) Argi utzi nahi dugu ez garela inongo GKE, elkarte edota alderdi politikoetako kideak, ez irakasleak, ezta hezitzaileak ere. Antolatutako auzotarren talde bat gara, egoera honi ahalik eta hobekien aurre egiteko intentzioz”.

* Martxoaren 18an, Udalak agiri baten bidez adierazten duenez, “(…) Eskerrak eman nahi dizkiegu une zail hauetan laguntzeko borondatea adierazi duten udalerriko pertsona guzti-guztiei, eta, era berean, aitortu behar dugu erantzun eraginkorra emateko beharrezkoa dela modu antolatuan egitea”. Hori dela eta, zera jakinarazten du: “(…) ahalik eta erantzun eraginkorrena emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzak "Guztion Artean" elkartasun-sarea sortu du erakunde publikoen, Gurutze Gorriaren, Caritasen eta hirugarren sektoreko beste erakunde batzuen artean, betiere Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gidalerroei jarraituz…”.

Azkenik, boluntario gisa lagundu nahi dutenek zentzuk diren bete beharko dituzten baldintzak (prestutasuna, osasun-egoera, erakundeekiko lotura, erakundearekiko lotura…) zehaztu ostean, Gurutze Gorriaren eta Caritasen telefonoak ematen ditu.

*Martxoaren 19an, Andoaingo Covid Bolondresak dioenez “(…) Andoaingo Udalak zabaldutako oharrean ikus daitekeenez, Eusko Jaurlaritzatik babes sare bat antolatu da. Ekimen honek, ordea, erabat baldintzatu gaitu, gure bolondres taldearen baitan dagoen elkartasun eta herri-sarearen logikaren aurka baitago. Horrez gain, nabarmendu nahi dugu ez dugula Udalaren laguntzarik jaso; Udalak ez baitigu erantzunik eman. Gainera, gurekin kontaktuan jarriko zela adierazi zigun arren, ez dugu saiakera minimo bat ere ikusi. Jakinaren gainean zeuden herrian bolondres talde bat sortu zela…”.

Taldearen ustez Udalak Andoainera instituzioen bertikaltasuna oinarritzat duen “Guztion Artean” elkartasun-sarea ekarri nahi du, “sortu den antolakuntza eta elkartasuna alde batera utzita”. Horrela, “Taldearen lana baztertzen saiatu diren bitartean, esfortzua eta lan herrikoia poltsikoratzen saiatzen ari direla uste dugu”. Azkenik, ohartarazten du Gurutze Gorriarekin lanean dabilela.

* Martxoaren 20an, Udalak bigarren agiria kaleratzen du, adieraziz “Guztion Artean elkartasun-sareak agindutakoari jarraituz, gaur goizean Gizarte Zerbitzuetako arduraduna eta Andoaingo alkatea Andoaingo Gurutze Gorriarekin eta Caritasekin batzartu direla”. Zehazten denez, “Bilera horretan erabaki da, Gurutze Gorria Andoainen sortutako boluntarioen sarearekin harremanetan jarriko dela haien datuak fitxa batean erregistratzeko eta, horrela, Gurutze Gorriaren behin-behineko boluntario izan daitezen”. Berriro ere eskerrak ematen dizkie “une zail hauetan laguntzeko borondatea adierazi duten udalerriko pertsona guztiei, bai eta Andoaingo Gurutze Gorriari eta Andoaingo Caritasi ere”.

*Martxoaren 23an, Andoaingo Covid Bolondresak jakinarazten du bere kideak jada lanean hasi direla eta lehen zerbitzua egin dutela Gurutze Gorriarekin elkarlanean”. Lanean segiko duela gaineratzen du, nahiz eta, bere ustetan, Udalak taldea ez duen aintzat hartu.

Luze jo genezake ohar publiko horietan islatzen diren gai eta eztabaiden gainean; hots, gizarte batek daukan bolondresen eta elkartasun sareen premiaz, erakunde publikoen eta herriko ekimenen arteko elkarlanaren beharraz, antolakuntza bertikalaren eta horizantalaren inguruko eztabaidaz… Hausnartzen ere hasi gaitezke giza kolektibo batek osatutako gizartea osatzen dugun heinean zenbateko muskulua daukagun, kontuan hartuta larrialdi egoera honi erantzuteko asmoz erakunde publikoek eta ekimen sozialak abian jarri dituzten ekimenak.

Nolanahi ere, gai potolo horien gainetik gauza bat nahiko argi geratu da egunotan, oinarrizko-oinarrizkoa behar lukeena izan: komunikazio eza.

Izan ere, kosta egiten da ulertzea nola ez den harreman zuzenik egon Udalaren eta Andoaingo Covid Bolondresak taldearen artean. Alegia, telefonoaren erabilera %40tik gora igo dugun garai honetan, nolaz ez den telefono dei bat ere gurutzatu bi aldeen artean, nolaz ez lehen kontaktu formal eta protokolario horrenik egon, elkarren berri edukitzeko. Enfin, ez dut asko eskatzea denik, ez baikara ehunka mila biztanle dituen hiru batean bizi, baizik eta guztiak, gutxiago-gehiago, ezagunak egiten garen herri batean.

Krisialdi honetatik milaka irakaspen atera beharko ditugu. Zerrenda luze horretan, ziurrenera ez da lehen postuetan jarri beharko, baina bada bat gogoan hartu beharko duguna orain arte baino serioago, erakunde publikoen eta herriko era guztietako talde eragileen (kultura, kirola, gizartea…) arteko harremanak finkatzen dituen protokoloan:

Komunikazio zuzena premiazkoa da, ez zaio beldurrik eduki behar.

Komunitatea, gizarte elkartasuna, zerbitzu publikoak… inoiz baino gehiago jarri ditugularik balioan egunotan, gizartea hortik bideratzekotan, oinarri-oinarrizkoa izango da KOMUNIKAZIOA.

 

Felipe borboiaren diskurtso alternatiboa

Monarkak martxoaren 18ko diskurtsoan ustez egin zuen plagioa -gezur biribila zena- izan nuen mintzagai atzoko zutabean.

Diskurtso beraren haritik tiraka, honezkero iritsiko zitzaizuen sare sozialetan eta youtuben zirkulazioan dabilen montajea. Baina tira, despistatuenek jakin dezazuen, Kataluniako Omnium Cultural elkarteak zabaldua dauka parodia ezin kritikoagoa, Felipe borboiaren diskurtsoen inguruan, pare bat minutu eskas irauten duena.

 

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!