Koronabirusa

"Etxealdi hau amaitzean, jarraitu egin beharko dugu higiene neurriak zaintzen"

Ainhoa Gil 2020ko mar. 31a, 16:16

Berastegin ari da lanean Amaia Agirre sendagile andoaindarra. Koronabirusaren inguruan aritu da ondorengo elkarrizketan:

Berastegiko sendagilea zara. Zer nolako egoera sorrarazi du koronabirusak sendagileen kontsultetan? Zein aldaketa ekarri dizkizue?

Covid-19aren agerpenak aldaketa asko ekarri dizkigu eguneroko lanean, asko eta handiak. Nire unitatea Ibarra da, eta, adibidez, han asteazkenero mediku eta erizain guztiak elkartu egiten ginen, saio klinikoak egiteko; saio horietan batzuen eta besteen kontsultetan azaltzen zitzaizkigun kasuak aurkeztu eta eztabaidatzen genituen. Koronabirusa agertu denetik, ordea, horixe utzi genuen bertan behera lehenbizi, autobabeseko neurri zorrotzak hartu behar izan ditugulako. Berastegin erizaina eta biok bakarrik gaude eta gure arteko distantzia mantentzea errazagoa da. Gure unitateko gainerako lankideekin, harremana telefonoz mantentzen dugu. Azken egunotan, egunero bilera izaten dugu Skype bitartez, bakoitza bere kontsultatik, noski.

Covid-19ak gure eguneroko zereginean ekarri duen beste aldaketa handi bat odol estrakzioena izan da: lehen egunero egiten genituen zentro guztietan. Baina, une hauetan, paziente onkologikoei eta urgenteak kontsideratzen ditugunei bakarrik egiten dizkiegu.

Aldaketa horiek hasieratik bertatik jarri ziren martxan eta halaxe mantentzen ditugu gaurko egunerokoan, baina egunero sortzen dira aldaketa berriak, birusaren portaeraren arabera.

Nola bideratzen dituzue eguneroko kontsultak?

Gaur egun, esan bezala, egunero-egunero ditugu aldaketak. Medikuen kontsulta presentzialak desagertu egin dira, orain hitzordu guztiak telefonoz ematen ditugu. Guk deitzen diegu pazienteei hitzorduaren arabera, eta telefonoz moldatu litezkeen kontsultak horrelaxe bideratzen ditugu; aldiz, pazientea kontsultan ikusi beharra dugula kontsideratzen dugunean, beste hitzordu bat ematen diogu, presentziala eta egunean bertan zentroan. Kontsulta presentzialen artean ohizkoa baino denbora tarte handiagoa uzten dugu, pazienteak itxarongelan elkarrekin egokitu ez daitezen.

Orain dela egun batzuk martxan jarri den beste aldaketa bat «arnas kontsultak» sortzea izan da. Tolosako osasun zentroan zentralizatuta daude eta Tolosaldeko ESIko mediku guztiok pasatzen ditugu kontsultak, txandaka. Nola funtzionatzen du horrek? Ba, pazienteak eta medikuak telefonoz hitz egiten dutenean, medikuaren galderei erantzunez pazienteak bere sintomak kontatzen dituenean, medikuak erabakitzen du “arnas kontsultara» bideratu behar ote duen. Kontsulta horien helburua da Covid-19ak kutsatuta egon litekeela pentsatzen dugun paziente hori ez joatea kontsulta arruntera, anbulatoriora doazen gainerako pazienteak kutsatzeko arriskua saihesteko.

Nola bideratzen dituzue bestelako zainketa-lanak?

Kurak eta sintrom-en kontrolak lehen bezala egiten jarraitzen dugu, erizainaren kontsultan, baina hitzorduak tarte handiagoarekin emanez, paziente bat baino gehiago batera ez egokitzeko.

Segurtasunerako baliabideak ondo iritsi al zaizkizue?

Guk hilaren amaieran jasotzen ditugu behar ditugun material sanitarioak. Martxoari zegokion eskariarekin oso justu iritsi gara hilaren bukaerara. Espero dugu apirilari dagokion eskaria iristean, behar dugun guztia etortzea.

Egoera honetan, zein da herritarren kezka nagusia?

Beldurra eta kezka. Beldurra birusarekin kutsatzeko, eta kezka ez dakigulako noiz arte iraungo duen kutsatzeko arriskuak. Honi buruz, oso garbi utzi nahi dut Espainiako gobernuak ezarritako lau asteko konfinamendu hau amaitzen denean, horrek ez duela esan nahiko kutsatzeko arriskua desagertua egongo denik; ez, kutsatze kasuen kopurua jaitsi egingo da, baina birusa oraindik hor egongo da, bere ezaugarriekin. Horregatik, etxealdi hau amaitzean, jarraitu egin beharko dugu higiene neurriak zaintzen, eskuak ondo garbitzen, eztula ukalondoan egiten, paperezko mukizapiak erabiltzen eta abar; horregatik, bolada batean saihestu egin beharko dugu jende multzo handietan biltzea. Neurriak lasaitzen joango dira, baina ez dira egun batetik bestera desagertuko, etxealdia amaitu izanagatik.

Beldur handia sumatu al duzue zuen jendearengan?

Bai, sumatu dugu eta oraindik sumatzen dugu. Pandemia egoera bat pasatzen ari gara, minutuero jasotzen dugu gertatzen ari denaren informazioa, eta kopuruak beldurgarriak dira. Normala da beldurra izatea.

Bakoitza bere etxean sartuta, kezkak eta beldurrak…. Zein eragin du edo izan dezake horrek osasunean?

Nik dakidala, hain konfinamendu luzea eta hain espazio mugatuan ematen den lehenbiziko aldia da eta, oraingoz, ez dago ikerketarik honelako etxealdi batek izan dezakeen eraginari buruz. Momentu honetan ikerketa bat dago martxan,  konfinamenduak umeengan eta nerabeengan izan ditzakeen eragina aztertzeko. Baina informazioa biltzen ari dira oraindik, inkesten bitartez. Nolanahi ere, badakigu isolamenduak zer eragin izaten duen adin handiko pertsonengan. Adineko jende asko sozialki bakartuta bizi da arrazoi desberdinengatik. Eta ikusi da horrela bizi direnen artean depresio, galera kognitibo edo sistema inmunitarioaren galera kasu gehiago egoten direla, isolamendu sozialean bizi ez diren adin berekoen artean baino.

Badakit zaila dela honelako konfinamendua betetzea, baina gaur egun teknologia asko dugu eskura; telebista, ordenagailuak, telefono mugikorrak aplikazio pila batekin…, horrek denak asko lagundu digu etxealdia eramangarriago egiten. Imajina al dezakegu zer izango litzatekeen egoera hau bera bizi behar izatea, adibidez orain dela 60 urte? Askoz ere gogorragoa izango litzateke.



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!