Langabeziak nabarmen egin du gora martxoan, Koronabirusaren eraginez

Aiurri 2020ko api. 3a, 10:54
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusi Borja Belandia eta Zerbitzu Orokorren zuzendari Nestor Arana.

Aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteek 140.000 pertsonei eragiten diela adierazi du Lanbidek. Eta horri “langabezia-zerrendan izena eman duten 10.974 horiek gehitu behar zaizkie”. Martxoa amaieran 128.213 langabe daude Euskadin”.

Euskadi osoan egin du gora langabeziak: % 10,91 Araban, % 9,90 Gipuzkoan eta % 8,66 Bizkaian.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusi Borja Belandiak eta Zerbitzu Orokorren zuzendari Nestor Aranak atzo eskaini zituzten datuak. Eta ez dira batere onak. “Nabarmendu beharreko lehen gauza da aldi baterako langileen kontratuak ez direla luzatu, beren jarduera eten egin duten sektoretan”.

Eta gaineratu du azken hilean sektore guztietan egin duela gora langabeziak, zerbitzuen sektoreko hazkundea esanguratsua izan delarik (7.947 langabe gehiago). Zehazki, ostalaritzari loturiko jarduerak izan dira eragin handiena izan dutenak: janari eta edari zerbitzuak (1.725 langabe gehiago) eta txikizkako merkataritza (+922).

Bestaldean, langabeziaren beherakada izan duen jarduera bakarra dago: egoitza-zerbitzuetako asistentzia (-261); izan ere, egoitza askok kanpoko langileak kontratatu behar izan dituzte gaixotasuna izateagatik edo aipatuaren aurreko prebentzioagatik baja hartu behar izan duten beren ohiko langileen hutsuneak estaltzeko.

Langabeziaren beherakada izan duen jarduera bakarra dago: egoitza-zerbitzuetako asistentzia.

Egungo krisiaren eragina martxoaren 12an hasi zen nabaritzen langabeen erregistroan. Ordura arte, ordea, joera positiboa zen. “Lanbideren ustez, egoera hau gertatu izan ez balitz 2.000 langabe gutxiagorekin bukatuko genukeen hila. Honela, ezohiko egoera honen ondorioz gertaturiko langabezia 13.000 pertsona ingurukoa dela esan genezake”.

Adina eta generoa

Langabeziaren hazkundea nabariagoa izan da 44 urtetik beherakoen artean. 54 urtetik gorakoen artean % 3 eskasekoa izan da. Lurraldeei erreparatuz, hiru lurraldetan egin du gora langabeziak: % 10,91 Araban, % 9,90 Gipuzkoan eta % 8, 66 Bizkaian. Generoei erreparatuz, aldiz, krisiaren eragina gizonen artean da nabariagoa (% 11,85), emakumeen artean baino (% 7,43).

“Kalterik handiena izan dutenak gizarte-egoera ahulenean dauden pertsonak izan dira; beren laneko ezegonkortasunaren ondorioz langabezia-zerrendetan aldizka sartzen diren horiek hain zuzen ere eta, horren harira, epe laburreko langabeziak gorakada esanguratsua izan du”, adierazi du Belandiak.

 

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta

52.391 titular daude guztira, 2019ko martxoan baino 2.492 gutxiago. Araban 8.102 titular daude, aurreko hilean baino 39 gehiago. Bizkaian, bestalde, 31.822 titular daude, aurreko hilean baino 142 gutxiago. Eta, azkenik, Gipuzkoan 12.467 titular daude, aurreko hileko kopuru berbera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!