Aztarrika

Atzokotik | Apirilak 3

Xabier Lasa 2020ko api. 4a, 21:17

Belgikan liburuak eta liburu dendak premia-premiazkotzat daukaztela-eta hara begira dauden irakur zaleak, sexualitateari buruz Irlandako gobernuak egin dituen gomendioak, eta, ziberpornoaren kontsumoaren izugarrizko gorakada. Horietxek dira Aztarrika zutabeak oraingoan jorratu dituen hiru gaiak.

Inbidia Belgikako liburu dendekin

Liburuak objeturik preziatuenetakoak egin dira geure etxetan egunotan. Gutako asko oraintxe gogoratu gara urtetan apaletan hautsak hartzen eduki ditugun liburu horiekin, etxeko itxialdian denbora nolabait pasa beharrak bultzatuta. Urrezko artikulutzat eta gozamenerako gitzatzat jo genituen erosi genituen egun hartan, baina geroztik, irakurgaiekin osatutako itxaron zerrendan egon behar izan dute orain arte.

Belgikara luzatu dituzte begiak batzuek, hango liburudendek ateak irekitzeko baimena daukatela-eta, nahiz eta konfinamendua indarrean egon. Zerbitzu publikoa eskaintzen dutela adierazi du bertako gobernuak justifikatzeko salbuespen hori.

Irakurle amorratu ugariren haserrea eragin du agrabio konparatibo horrek Estatu espainiarrean. Baina hara non, gaizkiaren eta ongiaren gainetik bezala ibili ohi den Arturo Perez Reverte idazle best sellerra etorri behar izan duela asaldatuen matxinadara, komunikabide handiak ohartu zitezen sare sozialetan lehendik ere bazebilela ezinegona. Revertek Espainiako gobernuak liburuak premia-premiazko objetutzat ez jotzea salatu zuen txio batean martxoaren 30ean, baina denetariko erantzunak jaso ditu. 

Liburuak oinarrizko liburuak ez baizik eta aisialdi eta kulturako iturri direla gogorarazi diote zenbait txiolariek. Baita ere, benetan irakurlea den horrek, normalean, etxean liburuak pilatuta eduki ohi dituela lehendik ere. Latzago egurtu dutenak ere badira, leporatu baitiote populismo merkea egitea kultur etiketaren aitzakiatan, edo eta, burges egozentrikoen apeta liburu dendetako eta liburu biltokietako langileen osasunaren gainetik jartzea.

Ander Izagirre idazle eta kazetariak liburuak etxean erreserban edukitzearen argudio horri eutsi zion martxoaren 29an, bere twitter kontuan zabaldu zuen galderan, “benetan, iruditzen zaizue badela irakurlerik liburuak etxean irakurtzeko zain ez dauzkanik, berrogei berrogeialdi asetzeko lain?”. Erantzun dioten gehienek ildo beretik jo dute oro har.

Liburuaren inguruko debate horrek badu beste ertz bat, liburu denda txiki independienteak diskriminatu eta enpresa handiak pribilegiatzearekin zerikusia duena. Argia astekariak heldu dio gaiari “Liburu-denda independenteak itxita, Amazonek triskantza eragin dezake sektorean” izenburupeko erreportajean.

Bazterrean utzitako liburu denda horietako batek, Durangoko Hitz izenekoak, zera idatzi zuen bere twitter kontuan: Liburu-dendok itxita jarraitzen dugun bitartean, Amazon inoizkorik eta salmenta handienak egiten ari da, Gobernuaren baimenaz. Hori bai, gaur, martxoak 31, autonomoen kuota pasatu digute, besteak beste. Ez dakigu egoera honi denbora luzez eusteko gai izango garen”.

Anboto herri aldizkariak aipatu liburu denda horretako saltzaile Gaizka Olabarriari egindako elkarrizketa argitaratu zuen bi egunen buruan, "Amazon salmenta itzelak egiten ari da; bitartean, guk itxita dugu denda" izenburupean.

Mezu horri segida emanez, Gorka Bereziartua kazetariak ere gai horri azpimarratu zuen bere twitter kontuan egun berean, esanez “Liburu-denda txikiak itxita eta Amazon lanean: konfinamenduak sektorean triskantza egiteko aukera eman dio erraldoi digitalari”.

Bien bitartean, goiz berean, Javier Cardenas Europa FM (Onda Cero) irratiko esatari aho beroa sumatu genuen nola egiten zuen iragarkia (pod castean, 09:25. minututik aurrera) El Corte Ingles saltoki handiaren alde, bere milioi eta erdi entzuleei gomendatuz on line erosketak egin ditzagun, izan jostailuak, izan bideo-jokoak, izan liburuak, eta aginduz erosketa 24 orduko epean etxean jasoko dugula.  

 

Sexualitateari lotutako gomendioak Irlandan

Irakurketarako ez ezik aisialdiko beste hainbat jardun burutzeko denbora ematen du (nahi eta ahal izanez gero) etxeko itxialdiak. Sexuarekin lotutakoak, esate batera. Irlandako Errepublikako osasun arloko agintariek beren herritarrei gomendio mordoa luzatu diete euren sexualitaren gainean, neurriak har ditzaten. Masturbazioak ez duela koronabirusa hedatzen, baina komeni dela eskuak edo jostailu sexualak garbitzea; sexua praktikatzerakoan etxeko bikotearekin egitea, ez kanpoko beste inorekin (gainera, horretarako etxe batetik bestera ibiltzeak galarazi egiten du konfinamendurako dekretuak ez, bai Irlandan baita Europako beste herrialde askotan).

Bi pertsonen arteko harreman sexualen alternatiba gisa, eta kutsatzeko arriskua ekiditeko, erotismoa adierazteko beste zenbait ekintza gomendatzen ditu; hala nola, sexting-a (telefono mugikorren bidez eduki erotikoko edo pronografikoko argazkiak, testuak...) bidaltzea, edo bideo pronografikok kontsumitzea.

Irlandatik Europa osora zabaldu den berria jasotzearekin batera, haritik, Carmela Cobo sexologo eta psikologoak El Correo de Andaluzia-n adierazi duenez, normal samarra da desiorik ez edukitzea itxialdi egoera batean. Nolanahi ere, aukera hori ez baztertzea aholkatu du, osasungarria delako buru zein gorputzarentzat, “dibertigarria eta konfinamendu egoerak eragindako antsietatea aritzen lagun dezake. Horrez gain, sistema inmunologikoa sendotzen du, presio arteriala jaisten du, erlaxatzen du, loa errazten du, eta, analgesiko indartsua da”.

Aingeru Epaltza idazle eta kazetariak Irlandakoari heldu zion Euskadi Irratiko Faktoria saioan apirilaren 2an, ostegunarekin, Sinadura izeneko tartean (07:55ean goizero, hainbat iritzi emaile). Irlanda izenburua zeraman iritziak.

Irlanda eta Euskal Herriaren arteko alderaketa egin zuen, historian zeharko gertakariak batuaz. Zionez, II. Errepublika garaian euskal abertzaletasun zaharrak handik kopiatu zuen Aberria Eguna Pazko Egunera eramatea, Jainkoak bere hilobitik bezala Euskal Herria berpizteko ilusioarekin. Abertzaletasun berriak ere, hango errepublikanoen mugimendua izan du eredu. Bizi publikoko kontuetan, berriz, euskaldunak aurretik joan gara; dibortzioa, abortua, homosexualen eskubideak… Nolanahi ere, konfinamenduarekin batera, aurre hartu digute berriz ere hangoek Epaltzaren aburuz, eta penatuta ageri da, Txibite, Etxegarai eta Urkullu agintariei ez zaielako halakorik otu.

Ez dakit Irlandako albistegiak inspiratuta ala ez, baina Lucia Baskaran Zarautzko idazleak, “Frases que puedes decir durante el sexo y durante una cuarentena” proposamen iradokitzailea jarri zuen zirkulazioan bere twitter kontuan martxoaren 28an, eta hainbatek egin zioten kosk amuari irribarre murritza eragiten duten esaldi irudimentsuak idatziz, “Pasaidazu komuneko papera”, “barruan gera zaitez”, “garbitu eskuak, arren”, “buka zak/zan”, “lasai, laztana, babestuta noa korrika egitera”...

Ikusten da feminismoaren erreferentzietako bat bilakatu dela Baskaran; ia sei mila jarraitzaile ditu twitterren, eta bi eleberri arrakastatsu idatzi ditu, Partir eta Cuerpos malditos, eta berriki Joxe Antonio Sarasolak bigarrena euskaratu du (Gorputz madarikatuak). Literatur aktualitatea oso gertutik jarraitzen ez dugunontzat bere sormen lanak deskubritzeko gonbitea izan zen ETB1eko Artefaktua literatura saioan Yolanda Mendiolak martxoaren 14an egin zion elkarrizketa.

Artean, Baskaranek Iruñean Katakrak liburu denda alternatiboan (istera behartu duten liburu denda horietako bat) egin zen hitzaldi batean, 2019ko ekainean, Hasier Etxeberria kazetari eta idazlea zena (martxoaren 29an, bere heriotzaren hirugarren urteurrena bete zen) modu iraingarrian (“no me acuerdo cómo se llama el desgraciao, que está muerto y bien muerto que está“) aipatzeagatik egin zitzaigun ezagun, batzuei behintzat.

Txema Arinas idazleak Uberan izeneko Euskal Idazleen Elkarteko web orrian aferari buruzko kronika jakingarria (bere iritzi pertsonala barne) argitaratu zuen 2019ko uztailean, edonor janzteko moduan euskal munduan bazterrak harrotu zituen gertaeraren gainean. 

 

Pornoaren kontsumoa izugarri gorantz

Sarean bideo pornoak eskaintzen dituen PornHub enpresa erraldoiak jakinarazi duenez, %11,6a igo da bere web orrian egin diren bisiten kopurua (otsailaren 24tik martxoaren 17ra). Munduan barrena, ohartu dira Estatu espainiarrean igo dela gehien (%61,3).

PorHoub enpresa hori sarean erabiliena da pornografia online-eko industrian, bideoak modu askean zein ordainduan eskainiz. Nonbait, Premium harpidetza doakoa eskaini die porno zale internautei egunotan, mauka ederra jarriz. Halabaina, marketing estrategia maltzurra erabili du, eskaintzak amarrua baitakar berarekin: erabiltzaileari, oharkabean, faktura etxera iritsiko zaio bigarrengo hilabetean.

Informazio berean esaten zaigunez, googleko bilatzailean porno eta coronavirus hitzak idatziz gero, eduki sexuala esplizituki erakusten duten 131 bideo agertzen dira. Gidoiak eta tramak oso landuak dira (uler bedi ironia). Konparazio batera, horietako batzuetan, polizia sensualek koronabirusarekin gaixotutako emakumeak atxilotzen dituzte, edo eta grafikoki azaltzen diete nola ez kutsatu.

Didaktikoak direla diote PorHub plataformako arduradunek, etxean itxita egotearen psikosia eramangarriagoa egiteko. "Panikoaren erotika" dela gaineratu dute...

Pentsatzen jarrita, deigarria da oso PorHub porno plataformaren historia, zibersexua kontsumitzeko habituak irauli izanaren ardura egozten dioten enpresa horrena. Bere historian sakonduz, pornoak interneten egin duen bidearekin egiten dugu topo: 2006an, Jawed Karim gazte estatubatuarrak “zergatik ez dago web orririk, jendeak bideoak zintzilika ditzan eta guztiok ikusi ditzagun?”. Handik bi urtera, Matt Keezerek ireki zuen lehen web orria, sexuzko bideo pirata xixtrinak sarean zabalduz, PorHub plataformaren hazia izango zirenak. Orduz geroztik, urtero milioiak eta milioiak fakturatzen dituen inperio ekonomikoa bilakatzerainoko bidea egin du.

Sexuarekin lotutako objetuak iragarriz hasi bazen ere, gaur egun, modako luxuzko artikuluak ere zintzilikatzen ditu publizitate gisa. Itsasoa garbitzeko edo zuhaitzak landatzeko kanpainak burutzeari ekin dio azken aldian irudi kanpaina garatuz, baina pantaila distiratsu horrek bestelako errealitatea ezkutatzen duela salatu izan dute bere detraktoreek. Horiek ziurtatzen dutenez, pornoaren industriako aktore eta ekoizleen lan baldintzen prekarizazioa eta sormenaren makaldu du izugarri; eta batez ere, industria horrek sortzen duen dirutza poltsiko bakan batzuetara bideratzea lortu du, PornHub ez ezik YouPorn plataformaren jabe den MindGeek multinazionalaren poltsikora hain zuzen.

Emakumearen liberazioaren ikuspegitik ere historikoa da pornografiaren inguruan egin izan diren gogoeta eta debateak.

Emakumea objektu sexual bihurtu eta merkantilismo hutserako erabiltzen dela, biolentzia eta gizonekiko menpekotasuna irudikatzen dela bideoen eszenetan, emakumeen hipersexualizazioa eta hegemonikoa den maskulinitatearen subjetibitatea irudikatzen dela esan izan da, nagusiki. Baina gero eta ahots gehiago entzun daitezke objezio egiten diotenak ikuspegi tradizional horri.

Estatu espainiarrean Amarna Miller aktore porno madrildarra izango da famatuena akaso, gurutzada horretan. Porno konbentzional eta androzentrismoaren (gizona, emakumearen aldean, erreferentzia nagusitzat hartzen duena) kontrako, eta, antzezleak gozatzen jarriko dituen porno etiko eta feministaren aldeko borrokan, arpegirik mediatikoena dugu behintzat.

Errealitatea ikuspegi feministatik jorratzen duen Pikaramagazine aldizkari digitalak 2018ko otsailean egin zion elkarrizketan bere pentsamenduaren nondik norakoa suma daiteke.

Egunotan, digitalean online mugitzen den CodigoNuevo komunikabidean kontsulta ireki berri du Millerrek, konfinamenduak eragindako antsietatea eta estresari aurre egiteko aholkuak emateko asmoz; adimen emozionalen arloan formakuntza egunez egun jasotzen ari dela argudiatu du ekimen horri eusteko. Baina kritika ugari jaso du, intrusismoa egitea leporatu diote ez dauzkalako psikologiako ikasketak eginda. Adibidez, Josep Darnes idazleak berre twitterreko kontuan. Gizona, nonbait, nazkatu samar dago ongizate emozionalarekin eta hazkuntza pertsonalarekin obsesionatuta omen dagoen gizarte psikologizatu-arekin, eta baita ere, modan dauden tailler, terapia, guru eta autolaguntzako liburuekin.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!