#BertsoVid19

Bertso-kateari amaiera emateko garaia heldu da

Aiurri 2020ko api. 12a, 21:00

Mila bertsotik gora bilduta, aurrikuspen guztiak gainditu dira. Eskualdeko, Euskal Herriko eta nazioarteko partaidetza batu da ekimenera eta erredakzio taldetik partaide guztiei eskertza adierazi nahi diegu. Datozen egunetan amaituko da #BertsoVid19 ekimena, Mailu Arruti aktoreak bideotxoan ondo azaltzen duenez.

Konfinamenduaren hasierarekin batera, Aiurrik #BertsoVid19 ekimena abiarazi zuen. Aktualitate gordina lantzeaz gain, etxeko egonaldia arinagoa egiteko eduki osagarriak txertatzea egoki ikusi zen. Lehenetako jarduera bertso-katearena izan zen, eta arrakasta sekulakoa izan da. Mila bertsotik gora Twitter bidez zabaldu dira, eta ondoren tartea eskaini zaio Aiurri.eus webgunean. Eskualdeko ekimena Euskal Herri osokoa bilakatu da, eta nazioartetik iritsitako bertsoak ere ez dira gutxi izan.

Hasiera izan zuen bezalaxe, ekimenari amaiera eman behar zaio. Eta zeregin horretan laguntza paregabea eskaini digute aktore lanetan jarri ditugun Mailu Arruti andoaindarrak, Jon Unanue urnietarrak eta Urtzi Ugalde billabonatarrak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!