“Aurtengo Aberri Egun bereziak erakutsi du Euskal Herrian ere posible dela bateratasuna”

Aiurri 2020ko api. 13a, 08:55

Euskal Herria Batera ekimenak igande gauean balorazioa egin zuen: “Aski izan da herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek batera keinu bat egiteko, eta hainbat gizarte eragile, alderdi eta sindikatu ere ekimenarekin bateratzeko”.

 

Azken adierazpena:

“Gizarte konplexuetan handia da aniztasuna eta zail bihurtzen da batasuna, helburu bakarra eta ibilbide bera partekatzea. Posibleago da bateratasuna, jomugak hurbiltzea eta ibilbideak sinkronizatzea, tarteka batera jardunda elkar indartzea eta komunitatea aniztasunaren gainean eraikitzea.

Mundu zabalean komunitarismoa ari da indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko; lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak dira tresnarik egokiena pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko.

Norabide horretan urrats esanguratsua izan da aurtengo Aberri Eguna. Herritar asko gehitu da ospakizunera bateratasun eskaintzari erantzunez eta eragileek malgutasuna izan dute osagarritasuna bilatzeko. Komunitate bat irudikatu dugu, herri bat marraztu.

Aurrera begira, bateratasuna areagotuko duen herrigintza behar du Euskal Herriak, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko. Herrigintza horretan erabili beharko dugu eztabaida demokratikoa beti, konfrontazioa behar denean eta lankidetza ahal den guztietan, herritarron, eragileen eta erakundeen indarrak norabide bateratuan jartzeko. Herrigintzan batera jardunda garatuko baitugu euskal lurraldeen eta herritarren arteko lankidetza, gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa.

Izan bedi bateratasuna 2020ko Aberri Egunaren lezioa, eta izan beza jarraipena hurrengoetan.

Mila esker bateratu zareten guztioi. Gora Euskal Herri burujabea!

Erlazionatuak

"Mapa bat Aberri Egun berezian"

Jon Ander Ubeda 2020 api 05 Eskualdea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!