Malen Otxoa, Maddi Etxeberria, Garazi Jauregi eta Rebeca Gestoso. Lorratzak. Lau neska gazte kantuan eta musikan.

Ikastolan sorturiko musika egitasmoa izan zen Lorratzak. Gazte-gazte musika zaletasuna medio sortu zen laukoa irakasle baten bultzadaz. Rebeca (ahotsa), Garazi Jauregi (ahotsa), Maddi Etxeberria (bibolina eta ahotsa) eta Malen Otxoa (gitarra eta ahotsa). Lau musikari. Lau ahots. Bi ahots nagusi eta beste bi azpi-ahotsetan. Gitarrak, biolina, perkusioa... Batez ere, ahotsetan zegoen taldearen indargunea. Ahots erregistro ezberdinetan murgiltzeko erraztasuna eta hauekin jolasteko abilezia handia zuten. Potentzial handia zuten lau musikariak. Ahots perfektuak, eta musikarekin sentsibilitate handia. Nahi zutenean xuabe eta leun, eta behar zenean oihukari eta indartsu. Xuxurlak, eta intentsitate handiko uneak. Ahotsak, azpi-ahotsak, tono aldaketak, erregistro askoren konbinazioak... Musikari bakoitzak bere lekua zuen bandan. Rollak aldatzen zituzten kantuen arabera, bakoitzak bere momentua zuelarik emanaldian zehar. 

Zuzenean zenbait aldiz ikustekoa aukera izan zuen, Basteroko erakusketa gelan, gaztetxean edo Irunberriko goxotasunean laukoa ederki moldatzen zen agertokian. Bazuten ere komunikatzeko erraztasuna, ikuslegoa bereganatzeko abilezia. Umiltasun handiz, baino ausart. Zuzenekoez gozatzen. Musika bizitzen.

2015ean "Oinutsik" diskoa grabatu zuten Amoroto (Bizkaia) herriko Musikorta estudioetan Jota Navarro soinu teknikariaren gidaritzapean, eta disko horri esker kontzertu dezente eskaini zituzten Euskal Herriko luze zabalean. Taldeak sorturiko sei kantu, Ruper Ordorikaren "Ene Begiek" eta Eñaut Elorrietak Lauaxetaren hitzekin egindako "Mendigoixaliarena" kantuak sartu zituzten debuteko diskoan. Giro akustikoetan zetorren disko polita zen "Oinutsik", lasai-lasai entzutekoa eta gozatzekoa.

Oso gazte hasten diren musika egitasmoek askotan ez dute asko irauten, eta banatu egiten dira denboraren poderioz. Ikasketak, Erasmus bidaiak, herri ezberdinetan bizitzea, saioak eta entseiuak egiteko zailtasunak...Askotan gauzak konplikatzen dira. Horrelako zerbait pasa zen Lorratzak taldearekin. Taldeak 2018ko ekainean esan zuen agur bidean bost urteko musika bidai ederra egin eta gero. Sekula ahaztuko ez duten bidai bat burutu dute Malenek, Maddik, Garazik eta Rebecak. Musika nerabe garaian intentsoki bizitzeko aukera paregabea. Denborak esango du musikari bakoitzak bere bidea egingo duen, edo gaztaroko abentura batean geratuko den dena. Berdin du! Egindakoa egina dago eta nik behintzat gozatu dut beraien musikarekin!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!