Askotan entzuten dut nire inguruan egun ez direla talde interesgarriak ateratzen. Pasatako garaiak beti hobeak izan direla musikalki, eta egun ez dagoela ezer erakargarririk. Oker daude. Belaunaldi bakoitzak bere musika taldeak izaten ditu, eta une honetan gauza majoak egiten ari dira entsegu lokaletan. Talde interesgarri bat nahi duzue? Ba hor duzue Habi bikoa.

Bai. Ongi irakurri duzu, bikoa. Jon Ander eta Yerai dira Habi. Bateria, gitarra eta ahotsa. Lehen begi-kolpean baxuaren falta sumatzen da, ohiko rock "power trio" izateko, baino taldearen musika entzun eta gero, irudipen hori desagertzen da. Bi musika tresna hauek nahikoak izan dituzte kantu on batzuk egiteko. Bitxia den arren, eta ez oso ohikoa, taldeak lehenik diskoa grabatu zuen eta gerora hasi ziren zuzeneko emanaldiak eskaintzen. Hasiberria den musika talde batek, ohikoan, entsegu lokalean kantuak sortu, zuzeneko emanaldietan probatu eta garatu eta lehen diskoa grabatzera sartzen da estudiora. Debuteko diskoetan ia beti, horrela izan ohi da. "Loratu" diskoa ordea, entsegu lokaletik estudiora joan zen zuzenean.

Taldea musikalki definitzea erreza da. Hitz batean: Rocka. Hori bai, ñabardura asko dituen rock musika da Habi taldeak lantzen duena. "Loratu" diskoa ederra da hasieratik amaierara. Musika pasarte ezberdinak topatu ahal dira, baino badago kantu guztiak lotzen dituen hari bat. Territorio ezberdinetan murgiltzen badira ere, talde bera da kantu guztietan. Eta hori oso erakargarria da. Estilo bakarrean ainguratu beharrean, saiakera ezberdinetan aritzea maite dut. Arriskatzea. Musikalki ongi menderatzen dituzte bi tresnak eta ez dituzte behar izan estudioko konponketa edo edizio askorik kantuak borobiltzeko.  Asko maite dut Yeraik abesteko duen manera. Tonalitate ezberdinak erabiltzen ditu Yeraik, eta kantuaren aldartearen arabera abesten du, beti ere kantuaren mesetan. Disko iluna dela esan daiteke, baino argi izpi asko dituena ere. Victor Sanchez soinu teknikariak Elkar estudioetan egindako lanak ere asko erraztu du azken emaitza. Lehen diskoarekin arreta piztea lortu dute, eta ziur naiz datozen kantuek zer esana emango dutela.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!