'Etxealditik Euskaraldira' ekimenarekin bat egin eta film emanaldi bateratua proposatu dute EiTB, TOKIKOM eta Topaguneak

Aiurri 2020ko api. 27a, 16:00

 'Elkano: lehen mundu bira' eta 'Gartxot' filmak ikusteko aukera egongo da Euskal Herriko telebistetan, 16:00etan eta 21:00etan hurrenez hurren. Arratsaldekoa Aiurri.eus bidez ikusi ahal izango da, eta gauekoa ETBn. 

Euskarazko bi filmen emisio bateratua. Horixe da Euskaraldiak martxan duen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenarekin bat eginez, EiTB, TOKIKOM eta Topagunearen eskutik gauzatuko den proposamena.

TOKIKOM toki komunikabideen bateragunea eta EiTBren arteko akordioa izan da proposamenari oinarria eman diona. Akordio horren ondorioz, datorren asteazkenean, apirilak 29, euskarazko bi film ikusi ahal izango dira euskarazko toki telebistetan eta ETB3
katean, aldi berean.

Filmak, esan bezala, aldi berean emitituko dituzte: 16:00etan, 'Elkano: lehen mundu bira' ikusteko aukera egongo da, eta 21:00etan, berriz, 'Gartxot'.

Gartxot: konkista aitzineko konkista 2011. urtean Juanjo Elordi eta Asisko Urmenetaren agindupean egindako animaziozko filma da. Asisko Urmenetaren Gartxot komikian oinarritutako filma da, Arturo Kanpionek idatzitako Gartxot, Itzaltzuko Bardoa liburutik abiatutako komikia.

Elkano: lehen mundu bira, berriz, 2019an estreinatutako animazio filma da, Angel Alonsok zuzendua. Jose Antonio Vitoria eta Garbiñe Losadak Juan Sebastian Elkanoren ibileratan oinarritu zuten filmerako egindako gidoia.

Emisio bateratuak ondoko telebistetan ikusi ahal izango dira:

'Etxealditik Euskaraldira' ekimenak bezalaxe, hizkuntza eta ohiturak izan dira proposamenaren ardatz, eta “euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko” eta “euskarazko ekoizpenen kontsumo-ohitura bultzatzeko” bat egin dute telebistek.

Asteazkena ‘ikuslearen eguna’ izan ohi denez, zinera joan beharrean, zinea etxera ekartzea zen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenaren baitan, herritarrei luzatu behar genien proposamena”, aurreratu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk. “TOKIKOM, EiTB eta Topagunearen eskutik datorren proposamenak egun horretako planteamendua borobildu eta osatu egiten du”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!