Hezkuntza Sailburuak eginiko prentsaurrekoaren harira Steilas sindikatuaren oharra

Aiurri 2020ko mai. 8a, 14:05

Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak egindako agerraldiaren harira, Steilas ikasle sindikatuak prentsa oharra zabaldu du; maiatzaren 18an ikasleak ikastetxeetara bueltatzearen erabakia sindikatuekin adostu ez izana leporatzen dio Uriarteri.

Honako hauxe da zabaldu duten oharra: 

Aldebakarreko erabakien prentsaurrea izan da beste behin ere. Sindikatuokin ez du ezer adostu edo negoziatu nahi

Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburuak, urte amaierarako neurriak jakinarazteko bilera batera deitu gaitu gaurkoan; oraingoan ere hezkuntza komunitatearekin adostu gabeko neurriak aurkeztu dizkigu. Harrigarria eta arduragabekeria iruditzen zaigu, sindikatu eta ikastetxe publikoko zuzendaritzekin negoziatu ez izana langileen lan baldintzei eta ikastetxeen antolamenduari zuzen-zuzenean eragiten dioten neurriak dira eta.

Jakinarazi digute klaseak honako datetan berrabiaraziko direla: Batxilergoko 2. mailan eta Lanbide Heziketako hainbat ziklotan maiatzaren 18an, eta Batxilergoko 1. mailan eta DBHko 4. mailan maiatzaren 25ean. Segurtasun distantzia mantentzeko 15 ikasle izan beharko dira ikasgela bakoitzeko eta erabilera komuneko aretoak (liburutegiak, jolastokiak...) saihestu beharko dira. Irizpideak jakinarazi dizkigute, baina ez horiek betetzeko hartuko diren neurriak. Ikasleak erabilera komuneko ez diren espazioak erabiliko ez badituzte, 5 orduz jarraian egongo dira ikasgelan? Agian ikasle batzuek telematikoki jarraituko dituzte eskolak, baina ez dakigu nork ezta hori egiteko irakasle gehiago izango den ere.

Hezkuntza Sailak oraingoan ere ez digu lan baldintzen inguruko informaziorik eman, ezta ikastetxe publikoetako langileen inguruko daturik ere. Datorren urteari begira plantillak gurekin negoziatu ditzan eskatu dugu behin eta berriro, klase bakoitzeko ikasle kopurua jaitsiko bada irakasle hornikuntza handitu beharko dela begi-bistakoa baita. Haurreskolei buruz kezkagarria da sailburuak hezkuntza sistematik at kokatu izana. Argi dago Eusko Jaurlaritzarentzat Haurreskolak haurren “aparkalekuak” baino ez direla. Horrez gain, Haurreskolak 0-1 etapan irekiko direla jakinarazi digute, eta gurasoek funtsezko lanetan ari direla demostratuz gero, umeak eraman ahal izango dituzte.

Hezkuntza Berezietako zentroak ere maiatzaren 25etik aurrera martxan jartzeko proposamena luzatu dute, inolako argibiderik eman gabe ikasleen, langileen, lan baldintzen, garraioaren... inguruan. Ez dakigu planteamendua hezitzaileak bermatzea izango den edo huts-hutsean asistentziala izango den. Sektore honetan ere ez da inolako negoziaziorik gauzatu.

Argi dago egindako bileran ezjakintasuna eta inprobisazioa izan direla nagusi. Horregatik Hezkuntza Sailari egin dizkiogun galdera asko erantzun argirik gabe gelditu dira. Esate baterako, nola kudeatuko da guztiz utzita gelditu diren hezkuntza premia bereziko ikasleen buelta ikastetxeetara? Zer gertatuko da garraioarekin? Beste herri batean bizi diren ikasleak herriz
mugitu ahalko dira ikastetxera joateko? Telematikoki lan egingo bada, baliabideak jarriko dira ikastetxe eta langileentzat? Maskarak eta EPIak jasoko dituzte ikastetxeek? Ikastetxe publikoetako RPTak moldatuko dira datorren ikasturteari begira beharrezkoak izango diren langileak ziurtatzeko?

Zalantzarik gabe Eusko Jaurlaritzak ekoizpena jartzen du osasunaren aurretik oraingoan ere. STEILASetik Hezkuntza Sailari eskatzen diogu soilik ikasleen eta langileen osasuna bermatuta dagoenean berrabiarazi ditzan klase presentzialak, hori egiteko ezinbestean etapa guztietan ratioak jaisteko, beharrezkoak diren langileak kontratatzeko eta baldintzak bermatzeko. Haurreskolak Partzuergoa ez irekitzea exijitzen diogu, arduragabekeria hutsa litzatekeelako. Inprobisaziorik ez gure osasunarekin!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!