Euskadiko Auzitegiak atzera bota du garraiolariei ezarritako kanona

Xabier Lasa 2020ko mai. 27a, 11:52
Andoainen, Ikastolaren parean dago peajeetako bat

Euskadiko Justizia Auzitegiak Gipuzkoako Aldundiak garraiolariei Andoain, Astigarraga eta Etzegaraten jarritako peajeen aurkako bigarren epaia kaleratu du. Aldundiak adierazi zuenez, hiru sariak ez ditu bertan behera utziko eta helegitea aurketuko dio epaiari.

Auzitegiko magistratuek argudiatu dute bide saria diskriminatzailea dela, Europako berdintasunerako zuzentasun araua urratzen duelako. Epaian zehazten dutenez, Euskadikoak ez diren kanpoko garraiolariek lurraldeko hiru peajeetatik igaro behar dutenez bertakoek baino kostu handiagoa daukate.

Aldundiak 2016an ezarri zuen kanona lehenengo aldiz, eta ondoren Auzitegiak erabakiaren kontrako lehen epaia kaleratu zuen. Aldundiak hiru peajeak mantendu egin zituen orduan, zuzenketa batzuk ezarri eta gero. Fenadismer Espainiako garraiolarien elkarteen federazioak helegitea jarri zuen, eta horregatik heldu da bigarren epai hau, kanona baligabetzen duena.

Bigarren epai honetan Auzitegiak erantsi duenez, itxuraldaketa hutsa izan ziren Aldundiak egin zituen zuzenketa horiek.

Aintzane Oiarbide Bideazpiegitura diputatuak epaiaren zentzuarekiko desadostasuna adierazi du Euskadi Irratian. “Europaren abala jaso genuen eta diskriminaziorik ez zegoela ziurtatu genuen. Ezin dugu ahaztu, N1 errepidea erabiltzen duten kamiolari guztiek ordaintzen dutela, inolako diskriminaziorik gabe”.

Fenadismer elkarteak, epaiagatik poza adierazteaz gain, ordainketen agiri guztiak gordetzeko eskatu die garraiolariei, ondoren erreklamazioak aurkezteko.

Bestalde, Jaione Ugalde Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko ordezkariak eskaera zuzena egin dio Aldundiari: garraiolariei itzultzeko orain arte kobratu dien guztia. Gaineratu duenez “peajeak ez lirateke azpiegiturak ordaintzeko erabili behar; zergen bidez izan behar luke hori, publikoak diren heinean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!