Zabalik da bertso eskoletako izen-ematea

Aiurri 2020ko eka. 2a, 11:36

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldea hasi da 2020-2021 ikasturteko bertso eskola taldeak osatu eta ordutegiak antolatzen. Hori dela eta, ekainaren 1etik 21era zabalik egongo da Tolosaldeko bertso eskoletako izen-emate epea.

Deialdia 10 eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxoei bideratuta dago bereziki baina bertsolaritzarekiko interes handia duten beste adinetako ikasleak ere izena ematera gonbidatu nahi ditu Harituzek. Izena emateko bi modu daude: bata, mezu bat bidaltzea harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora. Bestea, ondorengo loturan klik egin eta izen-emate fitxa beteta bidaltzea:

https://forms.gle/3oKxH6nbWzJTi4Vt6 (euskarazkoa)

https://forms.gle/2WGejvSiN1mMUybGA (gaztelerazkoa)

Izena ematen duten ikasleekin Harituzeko arduraduna jarriko da harremanetan, taldeak antolatu eta ordutegiak ikasleen egunerokora egokitu ahal izateko. 

2019-2020 ikasturtean 60 ikasle inguruk parte hartu dute eskualdeko bertso eskoletan, bederatzi herri eta hamalau taldetan banatuta. "Amaitzen ari den ikasturtearen balorazioa oso positiboa da. Kuantitatiboki zein kualitatiboki aurrerapauso handia egin dugula uste dut eta datorren ikasturtean ere joera horri eustea da helburua" aipatu du Haritz Mujika Harituzeko koordinatzaileak. 

Bertso eskolek ikasleengan dituzten onurak kontuan hartu beharrekoak direla uste du Mujikak "Bertso eskoletan sortzen den talde giroa eta laguntasun harremana berezia da eta hori interes eta ezaugarri oso desberdinetako ikasleak elkartzeak eragiten du. Bertso eskoletan guztien ahotsa entzuten da eta denek topa dezakete euren lekua". Horrez gain, bat-batean sortzeak, euskararekin etengabe jolasean aritzeak eta kantatzeak haur eta gazteei "sekulako motibazioa" pizten diela aitortu du eta ikasle guztiek "aurrerapauso handiak" egiten dituztela denbora tarte laburrean.

"Izen-emate epea ekainaren 21era arte egongo da zabalik eta interesa duten ikasleak izena-ematera animatu nahi ditugu. Zalantzaren bat izanez gero, berriz, jar daitezela gurekin harremanetan harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikoaren bidez eta guztiak argitzen saiatuko gara."

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!