'Plazak aldarriz betetzeko' deia egin du Hamaika Garak iganderako

Aiurri 2020ko eka. 4a, 11:47

Parte-hartzaile bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eramango du lurrean utziz. Eskualdean Villabonan ospatuko da ekimena igandean 12:00etatik 13:00etara, Berdura plazan.

Gure Esku burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu da azken urtean zehar gizarteko alor askotako eragileekin, era harreman horiei eske, Haimaika Gara ekimena abiatu zuen martxoaren 11n. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati ekin zioten haimaka eragilek [ZERRENDA OSOA]. Bistan denez, egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira, osasun krisiak dena baldintzatu zuen, eta jakina, ekimena ere bai: sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi, eta aurreikusitako kale mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.

Gure Eskuk 'Gelditu. Hausnartu. Erabaki' solasaldi digitalak antolatzeko baliatu du geldialdia. COVID-19aren ondoren mundua nola aldatuko den elkarri galdetuz, zer gertatuko zain geratzen bagara, iraganaren antza gehiegi izango duen "normalitate berri" batera igarotzeko arriskua handia da. Horregatik, norantz jo nahi dugun hausnartzeko saioak sustatu ditu. Izan ere, krisiek ez dituzte berez aukerak zabaltzen; gure erabaki burujabeek, bai. Ane Zabaleta (geologoa, zientzian doktore eta geodinamikan espezializatua, eta EHUko ikertzailea) eta Unai Pascual (IkerBasque-ko ikertzailea BC3, irakaslea eta bioaniztasunaren galera ikertzeko PBES adituen taldeko kidea NBE) egongo dira hizlari, gaur izango den solasaldi digitalen zikloaren azken saioan, klimaren inguruan.

Fase berrian, herritarrok eta gure aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela uste du dinamikak: “premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea”. Horregatik, Hamaika Gara ekimenean bat egindako eragileek herri erantzun bat emateko deia egin dute gaur goizean, sare sozialetan eta prentsa ohar bidez, ‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’ lelopean.

Ekimen bateratu honen bidez, herri eta hirietako “plazak berreskuratu eta aldarriz bete” asmo dituzte igandean, 11:00etatik 14:00etara bitartean. Parte-hartzaile bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eramango du, lurrean utziz. Egoerara egokitutako formatu horrekin eta hartuko diren beharrezko neurri guztiekin, parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorroztasunez bermatuko direla ziurtatu dute antolatzaileek.

Azkenik, iragarri dute mobilizazio horren ondoren, pixkanaka Hamaika Gara erreferendumaren aldeko sinadura bilketa berrartzeari ekingo diotela eta udazkenetik aurrera indartuko dutela kanpaina.

Eskualdeko deialdiak

ESKUALDEKO DEIALDIAK

  • Villabona - Berdura plazan (12:00-13:00)
  • Tolosa - Euskal Herria plazan (11:00-14:00)

Kontaktua: Jone 695 742 385

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!