Eskubide sozialen kartak deituta, mobilizazioak izango dira eskualdean

Jon Ander Ubeda 2020ko eka. 18a, 10:03

Ostiral honetarako Euskal Herriko eskubide sozialen kartak mobilizazioak deitu ditu. Goizeko 11:30ean, probintzia mailako bilkura izango da Donostiako Alderdi Ederren. Arratsaldean, berriz, Beterri-Buruntza mailako biztanleei begira mobilizazioa izango da Hernanin. 19:00tan hasiko da manifestazioa, Gudarien plazatik.

Konfinamendu garaia igarota, deitzaileek kalera irteteko garaia dela deritzote: “Bizitzak sostengatzeko gure burua gobernatu nahi dugu, erabakiak hemen hartu, gehiengoen araberako politikak egiteko. Eredu sozio-produktibo berria ezinbestekoa da, erabateko norabide aldaketa exijitzen dugu. Ez gara gutxiagorekin konformatuko”.

Aldarrikapenak

Ekainaren 10ean Donostian egin zuten agerraldian aldarrikapenen zerenda egin zuten. Zazpi dira proposatzen dituzten neurriak:

  1. Zerbitzu publikoak garatu. Zaintza lanen (zahar egoitza, eguneko zentro, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egoitza-elkate, adin-txikikoen bizileku eta etxez etxeko zerbitzuak), osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza…) azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak…) eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetatako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.
  2. Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea.
  3. Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a eta etxebizitza eskubidea.
  4. 1.080 eurotako gutxieneko dirusarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.
  5. 1.200 euroko gutxieneko soldata/35 orduko gehienezko lanaldia.
  6. Fiskalitate berria: Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.
  7. Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!