Uda honetan, zer egin haurrekin?

Ainhoa Gil 2020ko uzt. 5a, 09:00
Aiztondo bailarako haurrak udaleko irekietan, San Fermin bezperan.

Ikasturtea amaituta, gurasoen urteroko buruhaustea izaten da umeekin zer egin. Herri gehienetako udaleku irekiak bertan behera geratu dira aurten, eta horrek, zaildu egin du urtero osatu beharreko puzzlea.

Udaberri amaieran, udaleku irekiak ez antolatzeko erabakia hartu zuten eskualdeko herri gehienek. Egoerak eskatzen zituen segurtasun neurriak betetzeko ezintasunak eraman zituen udalak erabaki horretara.

Aduna, Alkiza eta Larraulen, bateratuta antolatzen dute udaleku irekien zerbitzua. Zenbait astetako ziurgabetasunaren ondoren, udalekuak bertan behera uzteko erabakia hartu zuten aurten. Asteasun, udaleku irekiak antolatzeko erabakia hartu dute.

Zaintza zerbitzua, Zizurkilen

Zizurkilen ez da aurten udaleku irekirik egingo. Nolanahi ere, lanean ari diren gurasoei zuzendutako zerbitzua jarriko du martxan udalak; elkar zaintza programa. Maite Amenabar zinegotziak eman ditu zerbitzuaren inguruko azalpenak: “Urtero antolatzen ‘Goazen jolastera’ ekimena bertan behera geratu zenean, argi genuen zerbait egiteko aukera ikusiz gero, heldu egingo geniola. Araudia aztertu eta beste eredu batzuk ikusi ondoren, zaintza zerbitzua antolatzen hasi ginen. Zaintzari eman nahi genion garrantzia; zerbitzuaren premia zuten familiei aukera hori eskaini nahi genien”. 

Uztailaren 6an jarriko dute martxan zerbitzua, eta hilabete osoan zehar egongo da martxan. Maite Amenabarrek azaldu duenez, asteka antolatu dute. Taldeak antolatzeko garaian, familia-unitateak errespetatuko dituzte, familia bereko haurrak talde beretan jarriz. 

Asteasun, udaleku irekiak

Udalekuak egingo dituzte aurten Asteasun. Pili Legarra alkateak azaldu duenez, “herritarrekin bildu ginen, eta gurasoek oso garbi azaldu zuten zerbitzuaren premia zegoela. Beharrezko segurtasun neurriak eta protokoloak aztertuta, aurrera egin dugu udaleku irekiekin eta 92 haurrek eman du izena. Guraso guztiek jaso dute jarraitu beharreko protokoloa, eta arduraz jokatzeko eskaera egin nahi diegu; umeak sukarrik edo bestelako sintomarik izango balu ez ekartzea, adibidez”. 

Uztailaren 6an jarriko dituzte martxan Asteasuko udalekuak, eta hilabete osoan luzatuko dira. 09:30etik 13:00etara izango da, ohiko ordutegian, eta adin tartea ere betikoa izango da; 3 eta 12 urte artekoa. DBHko gazteei zuzendutako eskaintza ere prestatzen ari dira.

Andoainen, aukera ezberdinak

Andoainen, eskaintza ezberdinen artean aukeratu ahal izango dute gurasoek. Batetik, Sport Madness enpresak kirol jarduera ezberdinak oinarri izango dituzten udaleku irekiak antolatu ditu. Hamabost eguneko bi txanda antolatu dituzte eta 09:00etatik 13:00etara arituko dira. Taldetan banatuta eta egoerak eskatzen duen protokoloa zainduta, kirol froga ezberdinak egingo dituzte gaztetxoekin. Informazio gehiago eskuratu ahal izateko, helbide elektroniko honetara idatz daiteke: konkisandoain@gmail.com 

Udalak urtero antolatzen dituen ‘Goazen jolastera’ udalekuak bertan behera utziko zituela iragarri zuen. 2007 eta 2010 urteen artean jaiotako gaztetxoei begira, Leitzaran abentura udalekuak antolatu dituzte. 09:00etatik 13:00etara elkartuko dira gazteak, eta Leitzaran bailaran barrena ibiliko dira, begiraleek lagunduta eta bi txandatan. Hamabi urtetik gorako gazteek aisialdirako beste aukera bat ere izango dute, udalaren eskutik. Izan ere, Gazte lokala zabalik egongo baita. Azkenik, Andoaingo Udalak jakinarazi duenez, uztailaren 6ko astean zabalik izango da ludoteka, elkar ikusi eta ikasturteari amaiera emateko.

Andoainen bertan, zaintza zerbitzua abiarazi dute Maialen eta Ainhoa Mujika ahizpek. Maialenek azaldu duenez, “Goazen jolastera’ ekimenean begirale lanak egiten ditugu urtero. Ni irakaslea naiz eta bi ahizpak arlo sozialean lan ezberdinak egiten aritzen gara. Konfinamendu garaian haur batzuk zaintzen aritu gara eta argi genuen, guraso askorentzat buruhauste handia zela orain haurren zaintza.  Gurasoen beharrari erantzuteko modua da, baina baita haurren beharrei ere. Izan ere, haurrek elkarrekin harremanetan egoteko premia dute”.

Uztailaren amaiera arte eutsiko diote zerbitzuari. Hilabete amaierarako izango dute beste haurren bat zaintzeko tarterik. Interesatuek, 635 71 67 09 telefono zenbakira dei dezakete. 

Amasa-Villabonan, ekimena abian

Amasa-Villabonan ere martxan jarri dute haur eta gazteei zuzendutako aisialdi eskaintza. 2008 eta 2013 urte artean jaiotako haurrei zuzenduta, bi txanda antolatuko dituzte. Adinaren arabera, talde ezberdinetan banatuko dira, eta, gehienez, 13 haurrez osatuko dira taldeak. Izen-ematea doakoa izango da.

Gaztelekuak ere ekintza ezberdinak antolatuko ditu gazteei zuzenduta. Ekintza ezberdinak egingo dituzte, herrian barrena eta txangoren bat egiteko asmoa ere badute. Uztailaren 17ra arte egongo da martxan ekimen hau. Informazio zehatzagoa: aiurri.eus.

 

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 564. alean

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!