Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020

Argibideak botoa emateko garaian

Jon Ander Ubeda 2020ko uzt. 9a, 13:00

Hauteslekuak Osasun Alarmaren ondorioz aukeratu dituzte. Urnietan, esaterako, Udal pilotalekuan. Eta Andoainen Arrate frontoian eta Allurralde kiroldegian. Botoa ematerako orduan sor daitezkeen zalantzen inguruan baliagarria da Urnietako Udaletik emandako erantzunak. 

Arrazoi ezberdinak tarteko, badira posta bidezko botoa emateko aukera baliatu dutenak. Baina oraingoz gutxiengo dira. Gehiengo zabalak igandean eman behar du botoa. Aiurriko eskaerari erantzunez, hauexek hainbat egoeren aurrean Urnietako Udalak eskaini dituen argibideak:

Hautesleku berria

Lekaion eman izan da botoa azken deialdietan. Oraingoan urnietarrek metro gutxira dagoen Udal pilotalekura hurbildu beharko dute. Euskadi osoan botoa emateko espazio eremu zabal eta handiak lehenetsi dira, prebentzio modura. Frontoia zabala da, altuera handikoa eta pertsonen arteko segurtasun distantzia bermatzea ahalbidetzen duen instalakuntza. Irisgarritasunaren ikuspegitik, gainera, baldintza guztiak betetzen ditu.

Pilaketak ordu jakinetan

Hauteslekura eguerdi aldera hurbiltzen da botu-emaile kopuru handiena, zehazki 12:00ak eta 14:00ak bitarteko tartean.

Pilaketak ekiditeko, ordu horiek saihesteko aholkua luzatu dute. Udalak ordu horietatik kanpo botoa emateko gomendioa luzatu du, gehienez ere 120 egon daitezkeelako batera.

Jendetza pilatuz gero, ilaran zain egon beharko da. Botoa ematerako garaian gutxieneko distantziak mantentzea ezinbestekoa izango baita.

Zaintzarako langile kopurua

Aurreko hauteskundeetan ohikoa dena baino langile kopuru handiagoa jarriko du Udalak lanean. Sarbideak kontrolatzeko eta botoa ematen ari direnei laguntzeko bizpahiru langile gehiago arituko direla adierazi diote Aiurri astekariari.

Adinean gora doazen botu-emaileak

Covid 19-ak baldintzatuta segurtasun neurri bereziak hartuko diren arren, adineko pertsonek laguntzaile batekin botoa ematera joateko aukera izango dute. Ezintasun bat dutenen pertsonen kasuan ere, lagunduko dion pertsona batekin hurbil daitezke.

Botoak eta sobreak hauteslekuan

Gipuzkoarrek 14 hautes-zerrenda ezberdinen artean botoa emateko aukera izango dute. Alderdi horiek guztiek ez dute botoa eta sobrea etxeraino bidaltzeko ahalmen ekonomikoa. Beraz, botu-emaileak hauteslekuan aurki dezake gogoko duen botoa eta sobrea. Udalek botoa etxetik prestatuta eramateko gomendadioa luzatu duten arren, behar adina sobre eta boto egongo direla adierazi dute.

Botoa emateko denbora

Hain egoera berezian, arin ibiltzeko deia luzatu dute. Kirol  instalakuntzatan ahalik eta denbora gutxien igarotzea eta kontaktuak ahalik eta murritzenak izatea baita helburu nagusia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!