Bizikleta Itzulia, presoen eskubideen alde

Xabier Lasa 2020ko uzt. 14a, 14:33
Sareko kideak, Goikoplazan egindako agerraldian

Bizikleta Itzulia egingo da uztailaren 23, 24 eta 25ean, Sarek antolatuta. Hiru etapetan banatuko da ekimena, hartu beharreko segurtasun neurriak direla eta. Buruntzaldeko Sareko kideek ekimenaren inguruko xehetasunak eman zituzten Andoaingo Goikoplazan atzo egindako agerraldian. Joxan Barandiaran Alkate ohiak hartu zuen hitza.

Hona hiru Itzuliak, egunez egun:

* Uztailaren 23an, Lekunberritik Hernanira. Nafarroa eta Gipuzkoa batuz.

Lekunberritik 09:00etan abiatu eta bide zaharretik Tolosaraino joango da. Villabona, Zizurkil eta Aduna zeharkatu ostean Sorabillara iritsiko da. Andoaindik Urnietarako bidea hartuko du gero. Herri guztietan harrera egingo zaio Itzuliari.

* Uztailaren 24an, Urduñatik Durangora, Araba eta Bizkaia batuz.

* Uztailaren 25ean, lau etapa: Euskal Herrian dauden lau espetxeetatik hiriburuetara (Zaballa-Gasteiz, Basauri-Bilbo, Iruñeko espetxea-Iruñea, eta, Martutene-Donostia).

Herritarrek ekimenarekin bat egiteko deialdia luzatu zuten antolatzaileek, “Bizikleta hartu eta gurekin bidea egitera animatu nahi zaituztegu, guztion artean kilometroak egiten jarrai dezagun”.

Barandiaranek adierazi zuenez, “Preso eta iheslarien etxerako bidea eta euskal jendartearen elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten jarraitu nahi dugulako” antolatu dute Itzulia. Urte gogorra izaten ari dela senide zein preso dauden euskal herritarrentzat gogora arazi du Barandiaranek. “Covid-19a dela hiru hilabete igaro behar izan dituzte senideek bisitarik gabe. Haurrek ezin izan dute gurasoekin bisitarik izan, eta denbora guzti horretan ezjakintasuna eta ziurgabetasuna izan dira nagusi senide eta presoei dagokionean, eta baita beldurra ere espetxean dagoen gabezia higieniko eta masifikazioaren ondorioz”.

Pandemia gainditu ostean, senideek berriro ehunka eta ehunka kilometro egin behar dituztela salatu du, “bizia errepidean arriskuan jarriaz”.

Buruntzaldeako presoen senitarte eta lagunek jakinarazi dutenez, asteburuero, 24.087 kilometro egiten dituzte. Zehazki, Hernanitik, 18.177 kilometro (13 motxiladun haur, 3.540 kilometro); Lasartetik, 2.680 kilometro; Usurbiletik, 1.000 kilometro; eta Andoaindik 2.230 kilometro (motxiladun haur bat).

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!