Kilometroak 2020

Urriaren 4ko jairik izango ez bada ere, bestelako ekintzak egingo dira Kilometroak jaiaren baitan

Aiurri 2020ko abu. 20a, 10:11

Urriaren 4an zen ospatzekoa Kilometroak Jaia Amasa-Villabonan eta Zizurkilen Zubimusu Ikastolaren bitartez. Egun bizitzen ari garen egoera aintzat hartuta, jaia bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek.

Zubimusu Ikastolak bere webgunean zabaldutako mezua jarraian:

Azken egun eta asteetan bizitzen ari garen egoerak zenbait hausnarketa egitera eraman gaitu, eta mezu honen bidez jakinarazi nahi dugu horrenbeste ilusiorekin eta gogorekin urriaren 4rako prestatzen ari ginen Kilometroak jaia ez dela egingo.

Eredu berria oinarri hartuta aurkeztu genuen Kilometroak jaia bertan behera uztea erabaki da; baina asko izan gara gure bihotza, denbora, laguntza eta babesa proiektu honi eskaini dizkiogunak, eta zikloari behar bezalako itxiera eman behar diogula uste dugu. Horregatik, Kilometroak jaiaren ordezkoa izango den egitarau xumeagoa prestatzeari ekingo diogu, egoerak ahalbidetzen duen neurrian.

Erabaki oso zaila izan da, baina zentzuzkoena ere bai. Zubimusu Ikastolan erabakiak arduraz hartzeko hezten ditugu ikasleak, ikuspuntu ekintzailearekin eta kritikoarekin. Zoriontsuak eta aniztasunarekiko enpatikoak dira gure ikasleak, konpetenteak eta kooperatiboak, eta egoera ezberdinen aurrean irtenbideak bilatzeko eta emateko gai dira. Hori da Zubimusuren ardatza den 2ZIA proiektuaren muina. Eta horri helduta hartu da erabakia. Arduraz jokatu behar dugu, eta egokitu zaigun egoeraren aurreran erabakiak hartu.

Hilabete luzez Kilometroak jaiarekin lotutako eginkizunetan lanean aritu zareten guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu. Orain arte egin duzuen ahalegina eskertu nahi dizuegu, bihotz-bihotzez. Askotan errepikatu izan dugun moduan, Korri egin dugu Kilometroak jaia Zubimusura ekartzeko. Punpa egin dugu ikasturte honetan zehar. Eta orain Ttak egin nahi dugu.

Datozen egunetan eta asteetan emango dira Kilometroak jaiaren bueltan Zubimusu Ikastolak hartuko dituen hurrengo erabakien berri. Bitartean herritarrei, eskualdeko biztanleei zein gipuzkoar guztiei eskatu nahi dizuegu dagoeneko martxan duen egitasmoetan parte hartzeko: #KMKibiltaria izenburupean Korri, Punpa, Ttak leloa lau haizeetara zabalduz, sare sozialetako dinamikan; Gipuzkoan zehar egun jakinetan jartzen ari garen denda ibiltarietara gerturatu eta gure produktuak zein Tanta txartelak erosiz; Villabonan dugun dendara etorrita edo online dendan zure eskaria eginez.

Hau ez denez amaitu, jarraitu dezagun elkarrekin Korri, Punpa, Ttak egiten!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!