Gazteok Bidean ekimenean parte hartzeko deialdia zabaldu du Sarek

Aiurri 2020ko abu. 21a, 10:00

Sarek antolatutako Izan Bidea ekimenaren baitan "Gazteok bidean" antolatu da abuztuaren 29rako. Errenteriako Xenpelartik (09:30tan) eta Hernaniko Gudarien plazatik (10:00etan) aterako dira ekimeneko parte hartzaileak; ondoren, eguerdiko 12:30tan Astigarragako Foru enparantzan elkartuko dira ekitaldirako.

Honako ohar hau zabaldu dute Hernaniko eta Errenteriako Sarek: 

Ehundaka dira oraindik ere espainiar eta frantziar espetxeetan dispertsaturik jarraitzen duten euskal presoak. Giza eskubide urraketa horri gehitu behar zaizkio Covid 19a dela eta presoek bereziki bizi behar duten egoera prekarioa. Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi larriki gaixo dauden presoen egoera, hauen eskubideak birritan zapalduak geratzen direlako. Horren aurrean, guztia salatzeko abuztuaren 29an Hernani eta Orereta/Errenteriako Sarek elkarlanean gazte ekimen bat antolatu dugu. Ekimen hau, mendi martxa bat izango da eta bi zutabe izango ditu. Alde batetik, Orereta/Errenteriatik zutabe bat aterako da 9:30ean Foru plazatik (Xenpelarretik). Bestetik, Hernaniko zutabea 10:00etan aterako da Gudarien plazatik. Bi zutabe hauek Astigarragan bat egingo dute. Ekimenari amaiera emateko 12:30ean ekitaldia burutuko da Astigarragako Foru enparantzan. 

Gazte ekimen hau Sareren IZAN BIDEA ekimenaren baitan kokatzen dugu: preso eta iheslarien etxeatzearen, konponbidearen eta bakearen alde kilometroak egiteko batu garen milaka eta milaka herritarrek abiatutako dinamika. Dinamika hau erronka batean oinarritzen da: 3.127.326 km egitea; hau da, Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometro. Kilometro hauek era ezberdinetan egingo ditugu, gure aldarriak soinean hartu eta ibilian dabilen herri bat garela erakutsiz. Eta gazteok ere bide horretan lehen lerroan gaude!

Beraz dei egiten diogu jendarteari eta bereziki gazteei ekimenean parte har dezaten. Jantzi zapatilak eta etorri gurekin etxerako bidea egitera! 
Denon artean lortuko dugu!
Gazteok bidean!

*Egoera dela eta musukoak eramateko deia egiten dugu. Horrez gain, ekimen guztian zehar segurtasun neurriak bermatuak egongo dira.*

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!