Euskara ikasteko eskaintza zabala aurkeztu dute Aitzol eta AEK euskaltegiek

Aiurri 2020ko ira. 2a, 14:21

Eskualdeko zenbait herri txikitan ere euskara ikasteko aukera dago nahiz eta euskaltegirik ez egon, hala nola Amasa-Villabonan, Zizurkilen, Asteasun edota Larraulen.

Tolosaldean lanean diharduten Aitzol eta AEK euskaltegiek 2020-2021 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu dute eguerdian Anoetako plazan. Euskaltegietako ordezkariez gain, bertan izan dira eskualdeko zenbait udal ordezkari, UEMA eta Galtzaundi Euskara Taldeko ordezkariak. Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendari den Maixabel Zubillagak eta Andoain eta Tolosaldeko AEK-ko zuzendari Jone Tolosak hartu dute hitza aurkezpenean. Maixabel Zubillagak azaldu duenez, "oso garrantzitsua da Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzeak eskualdeko elkarteen, udalen, ikastetxeen edo erakundeen babesa izatea".

Urteetan zehar egin den lanari esker, gero eta zabalagoa da eskualdean euskara ikasi edota praktikatzeko aukera, eta eskaintza horren berri eman da agerraldian. Helduen euskalduntzean eta alfabetatzean lanean dihardute Aitzol Udal Euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k eta 2020-2021 ikasturtean ere, ahalik eta eskaintza erakargarriena egin nahi diete Tolosaldeko herritarrei. Bi euskaltegietako ordezkariek azaldu dute herritarren beharretara egokitutako zerbitzua ematen saiatuko direla.

Covid-19ak sortutako egoeraren aurrean, ezohiko ikasturtea dela azpimarratu du Jone Tolosak: "Zalantzarik gabe, ziurgabetasun eta zalantza ugariz dator ikasturtea. Covid-19a dela era, ezohiko ikasturtea izango dela aurreikusten dugu euskaltegiok ere, eta ondorioz eskoletan egoteko eta euskara ikasteko modu berrietara egokitu beharko dugu bai ikasleok bai irakasleok". Horren aurrean, euskara ikastea ez dutela "bigarren mailan" utzi adierazi dute, azalduz beharrezko babes neurriak hartuko dituztela eskolak espazio seguruak izan daitezen.

Agerraldiaren bidez herritarrak euskaltegietara gerturatzea animatu nahi dituzte, baita udalek, UEMAk zein Galtzaundik ere. Zubillagak honako hitzekin amaitu du prentsaurrekoa: "beldurrik gabe datozela euskara ikastera; dela oinarrizko maila lortzera, dela azterketa ofizialak prestatzera edota alfabetatzera. Irailean denok euskaltegietara: galdetu, informatu eta animatu!".

Aitzol Udal Euskaltegia
Matrikulazio kanpaina martxan du udal euskaltegien sareak eta leloa hauxe da: Euskaraz hasi, euskaraz hazi eta euskaraz bizi. Zure bizitza euskaraz!.

Orain arte Tolosako euskaltegian ez ezik, Tolosaldeko zenbait herri txikietan eta auzoetan ere izan ditu taldeak Aitzol Udal Euskaltegiak, hala nola Tolosako Amarotz auzoan, Amezketan, Asteasun edota Larraulen. Aurten ere jarraipena izatea espero dute.

16 urtetik gorako edonork eman dezake izena Aitzolen: kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, merkataritzako langileek, zenbait kolektibok... "Aurreko urteetan Asuntzion klinikako langileak, Osakidetzakoak, Uliazpikoak, epaitegietakoak joan dira Aitzol Udal Euskaltegira", Adibide gisa aipatu ditu Maixabel Zubillagak.

Agiri ofiziala nahi duen edonork eman dezake izena, A1etik hasi eta C2 maila bitartean; eta agiri guztiek dute HABEk emandako dirulaguntza. Horretarako 10 orduko, 6 orduko eta 5 orduko aurrez aurreko moduluak eskaintzen dira goizean goiz hasi eta iluntzera arte. Autoikaskuntza egiteko aukera ere badago.

Hauxek dira matrikulazioa datak:

  • Irailaren 1etik 22ra, 09:30etatik 13:00etara eta 16:30etatik 20:00etara.
  • Amezketako, Asteasuko eta Larraulgo herritarrek herrian bertan ikasi nahi badute, irailaren 1etik 17ra eman beharko dute izena herriko udaletxean.
  • Dirulaguntzei dagokienez, Tolosakoak adibidez, bertan erroldatutakoei B2 maila bitartean %75eko dirulaguntza ematen die, C1ekoei %50ekoa eta C2koei %25ekoa. Gainerako udalek ere eskaintzen dituzte laguntzak.

Informazio gehiago aitzolue@tolosa.eus helbide elektroniko bitartez edo 943 65 10 06 telefono zenbakian.

AEK euskaltegiak
AEK-k 100 euskaltegitik gora ditu Euskal Herrian eta Tolosaldeko eskualdetik gertuen dagoena Andoaingo AEK euskaltegia da. "Dena den Tolosaldean euskaltegirik ez izateak ez du esan nahi AEK-k bertan eskolarik ematen ez duenik. Gela desplazatuak sortu ohi dira urtero herritarrek euskara herrian bertan ikas dezaten. Taldeak sortu ohi ditugu, besteak beste, Villabonan eta Zizurkilen, Anoetan eta Iruran, Alegian, Ikaztegietan, Altzon eta Lizartzan", azaldu du Jone Tolosak.

Eskaintzari dagokionez, maila guztiak eskaintzen ditu AEK-k; A1etik hasi eta C2ra bitarte. Ordutegiei dagokienez, goizeko, eguerdiko, arratsaldeko eta iluntzeko taldeak osatuko dira eskualdeko herrietan, eskolak astean bi, hiru edo lau egunez emanez. Azterketa ofizialak prestatzeko ikastaroak aurrez aurre ematen dira B1, B2 eta C1 mailetan.

Aurrez aurreko klaseak C1 mailara arte eskainiko dira eta C2 maila online. Hala ere, autoikaskuntzarako aukera ere izango dute ikasleek. Azken aukera hori egokia dela gehitu du Jone Tolosak: "Aurrez aurreko eskoletara joan ezin dutenentzat edo ordutegi malguagoa izan nahi dutenentzat. Aurrez aurreko tutoretza irakasleekin egiten da eta lanak etxean".

Bestalde, guraso taldeak ere eskaintzen ditu AEK-k. Haurrak eskolan dauden ordutegian osatzen dira taldeak eta herriko lokaletan edo ikastetxean bertan eskaini ohi dira. Talde horien garrantzia azpimarratu nahi dute bereziki AEK euskaltegitik, "konfinamenduak argi erakutsi baitu zenbait haurrek eskoletara joan ezean euskararekin duten harremana galtzen dutela".

Azkenik, etorkinei bideratutako AISA ikastaroak ere eskaintzen ditu AEK-k; etorri berriei euskara gerturatzeko oinarrizko edukiak irakatsiz.

Matrikulazio datak ondorengoak dira:

  • Euskaltegian irailaren 1etik 25era.
  • Euskara herrian ikasi nahi duenak herriko udaletxera joan beharko du irailaren 1etik 17ra.

Informazio gehiago AEK-ko webgunean, andoain@aek.eus helbide elektronikoan edota 943 59 17 04 telefono zenbakian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!