[BABESTUTAKO EDUKIA]

Euskara ikasi, berme guztiekin

Aiurri 2020ko ira. 5a, 09:00

Buruntzaldeko udalek euskaltegietako matrikulak ordaintzeko diru laguntzak ematen dituzte, euskara ikastea bultzatzeko. Eskaintza zabala dago eskualdean: zortzi euskaltegi daude. Buru-belarri aritu dira lanean guztiak, eta ikasturte berriari ekiteko prest.

Buruntzaldea eskualdeko euskaltegiak jo eta ke aritu dira lanean 2020-2021 ikasturteko eskaintza prestatzeko. COVID-19aren pandemiak erabat aldatu du zentro horien egunerokoa: aurrez aurre egiten ziren saioak eta tutoretzak, online; gelak egokitu beharra, osasun eta higiene neurriak... Irailean, egoera edozein izanda ere, zerbitzua bermatuta egongo da, eta euskaltegiek gogo eta ilusio handiz ekingo diote ikasturte berriari, eskaintza zabala prestatu baitute guztiek. Gainera, beste abantaila bat ere edukiko dute ikasleek: matrikulazioak bultzatzea da eskualdeko udalen helburua, eta, horretarako, diru laguntza sortak eskaintzen dituzte; bateragarriak izan daitezke HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak ematen dituenarekin. Hortaz, eskualdeko herritarrei ia doan eta zenbait kasutan doan atera dakieke ikastaroa. Euskaraz ikasiko dute, berme guztiekin.

Aurreko ikasturteetan euren buruei jarritako helburua lortu dute Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek: 1.000 ikasleen langa gainditzea. 2018-2019 kurtsoko datuen arabera, 1.043 herritar aritu ziren euskaraz ikasten eskualdeko euskaltegiren batean. 2019-2020 ikasturteko matrikulazioen behin betiko kopuruak irail amaieran jakingo dituzte euskara zerbitzuek. 

Zortzi euskaltegi daude guztira eskualdean. Bina Lasarte-Orian eta Hernanin, eta bana Urnietan, Hernanin, Andoainen eta Usurbilen.

Buruntzaldea osoko eskaintza aintzat hartuta, non aukeratua badago. Astean lau egunez gehienez, goizetik ilutzera arteko ordutegietan, zortzi euskaltegi horietan bakoitzaren beharren araberako ikastaroak ematen dituzte. Hasteko, maila aldetik; A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 egiteko aukera dago. Nork bere kabuz autoikaskuntzan ikasteko abagunea ere badu. Tutoretzak, programazio pertsonalizatuak eta mintza-saioak eskaintzen ditu ikastaro mota horrek.

Mintzalagun, Gurasolagun, Zilegi Eskola... Eskolez gain, beste alderdi praktikoagoa ere eskaintzen dute euskaltegiek, ikasitako guztia praktikan jartzeko eta mintzamena lantzeko. Beste ekintza osagarri batzuk ere eskaintzen dituzte euskaltegiek, hala nola, irteerak, txangoak...

Udalen laguntza

Buruntzaldeko udalek ematen dituzte diru laguntzak euskara ikasteagatik –eskuin aldeko taulan kontsulta daitezke–. Bakoitzak bere baldintza propioak ditu, baina badira ezaugarri komun batzuk. Esaterako, gutxieneko asistentzia bete behar da, eta erroldatuta egon behar da herrian bertan. Langabetuei are laguntza handiagoak ematen dizkiete; %100 kasu batzuetan, 500 eta 600 eurora arteko mugapean.

Horrez gain, HABEk ere diru laguntzak ematen ditu.  2020. urtean 3.150.000 eurokoak, Ondokoak dira baldintzak: batetik, 2019ko martxoaren 25etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian euskaltegi edo euskararen zentro homologatu batean matrikulatuta egon izana; bestetik, 2019-2020 ikasturtean HABEren maila bat edo baliokideren bat egiaztatzea. 2020ko irailaren 4tik urriaren 9ra eska ditzakete laguntza horiek.

Buru-belarri lanean

Eskualdeko euskaltegiek herritarrak animatzen dituzte 2020-2021 ikasturtean matrikulatu eta euskara ikasten hasi edo duten maila hobetzera. Hernaniko Udal Euskaltegiak egokitzapen lan handia egin du hilabete hauetan: presentzialak ziren saio guztiak online, eskola orduak eta ikasleen egoera errespetatuz; osasun eta higiene neurriak ikasgelatan ezarri; eta beste hainbat. "Hiru aukera aurreikusten ditugu: presentzialak diren saio guztiak online; erdiak fisikoki eta erdiak Internet bidez; edo material guztia etxetik, telematikoki. Hiru modu horietarako prest daude. Horrez gain, autoikaskuntzarako aukera ere emango du. "Eskertu nahi dugu Hernaniko Udalak eman digun laguntza, oso ongi erantzun die gure eskaerei".

Lasarte-Oriako Muntteri-AEK euskaltegiak ere lan ikaragarria egin du egoera berrira moldatu eta 2020-2021 ikasturtea prestatzeko. "Beharrezko neurri guztiak hartu ditugu, eta ikasleei esan nahi diegu animatzeko, eta ez edukitzeko gurekin ikasteko beldurrik".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!