Mulisko gainera irteera, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak antolatuta

Aiurri 2020ko ira. 14a, 09:52

Dolmenak, cromlechak, zilegimendiak, saroiak, zuhaitz lepatuak, leku-izenak... Mulisko gainako multzo megalitikoa bisitatzeko aukera dago irailaren 19an Besabitik abiatuta, 10:00etan.

Gutxi dira Gipuzkoan Mulisko gaina bezain toki kitzikagarriak. Lehenik eta behin, kokapenarengatik eta handik dagoen ikusmirarengatik; izan ere, besteak beste, behinola Urumeako Zilegimendiak izan zirenen zati handia bertatik bertara ikusten da handik, gertu-gertu, esku-eskura. Hango mendiak, basoak, larretokiak, errekak... a zer nolako ikuskizuna!

Bigarrenik, Mulisko gainan dagoen multzo megalitikoarengatik: zutarri bikaina, zista bikoitz paregabea, hiru cromlech, zein baino zein dotoreagoak... Leku gutxitan dago horrelako arkeologia ondarea hain eremu txikian. Gainera, azken urteetan Hernaniko eta Urnietako Udalek egindako ahaleginari esker, oso zaindua dago multzo guztia. Alde horretatik, atentzioa ematen
du, zorionerako eman ere.

Haraino iristeko bidea ere ez da hutsala. Paisaia zoragarriaz gainera, itsasoa eta Beterriko zati handia ikusten da hainbat puntutatik, bidean zuhaitz lepatuekin, saroiekin, betizuekin eta beste hainbat altxorrekin goza daiteke. Eta, jakina, ezin ahantzi bide erdian dagoen Pozontarriko lepua izeneko dolmena. Aztarna horiek guztiak behinola Urumeako zilegimendiek abeltzaintzaren eta basolangintzaren arloan zuten garrantziaz mintzo dira. Nornahiri hautatzen zaizkio begiak horretaz guztiaz.

Hori guztia gutxi balitz, Mulisko gainara iristeko bidea erraza eta egokia da, edonork egiteko modukoa. Alde horretatik ez dago aitzakiarik.

Aukera ederra eskaintzen du, beraz, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak, irailaren 19an, larunbatez, goiz-pasa polita egiteko. Abiapuntua Besabi paraje ezagunada eta hitzordua goizeko hamarrak. Irteera eguerdiko ordubietan amaituko da puntu berean. Jarduerak 5 euroko prezioa du eta izena ematea ezinbestekoa da.

Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko:
943 49 50 69 / 688 89 50 68
arditurri@gipuzkoanatura.eus
www gipuzkoanatura.eus

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!