Kilometroak 2020

Mendimetroak, gure ingurua ezagutzeko txangoak

Aiurri 2020ko ira. 18a, 16:05
Joan zen urtarrilean, Kilometroak Txikia jaiaren baitan, haur eta gaztetxoak Amasako plazan.

Kilometroak jaiaren testuinguruan, ekintza berri bat jarri zen martxan iaz Zarautzen.  Mendimetroak, hain zuzen ere. Gure inguruak eta bazterrak ezagutarazteko mendi-txangoen proposamenak biltzen ditu egitasmo horrek, eta aurten ere eutsi egin dio Zubimusu ikastolak dinamikari: sei ibilbide proposatuz. Kilometroak 20 ekimeneko kideek ondorengo idatzia igorri dute, herritarrak eta eskualdeko biztanleak ibilbide horiek egitera animatuz: 

 

Azken lau urteetan Gipuzkoako Ikastola guztiok, ikastola bakoitzak bere inguruan, txango bat antolatu dugu mendira. Bakoitzak bere ikastolaren inguruan gauzatutako egitasmo honen bidez, gure kolektiboa osatzen duen komunitatea indartu nahi izan dugu. Ez da tontorrik behar! Ikastola bakoitzak erabakitzen du erreka batera, baso batera, zelai batera edota mendiak eskaintzen duen edozein ingurutara joatea. 

Honekin batera, iaz Zarautzen antolatu zen Kilometroak jaiaren testuinguruan, ekintza berri bat jarri zen martxan: gure inguruak eta bazterrak ezagutarazteko mendi-txangoen proposamenak. Aurten ere eutsi diogu dinamikari eta adin ezberdinetako haurrentzako eta gazteentzako (HH, LH, DBH) hainbat txango prestatu ditugu Amasa-Villabona eta Zizurkil inguruan. 

Ibilbide bakoitzak gai batekin du lotura, eta lasai eta taldean, lagunekin edo familian egiteko prestatuta daude. Gure historiari, izaerari eta nortasunarekin guztiz lotuta dagoelako, ezin diogu bizkarra eman mendiari. 

Sei ibilbide 
Aurten, sei ibilbide proposatzen dizkizuegu, Haur Hezkuntzako haurrei zuzendutako bi, Lehen Hezkuntzakoei zuzendutako beste bi eta DBHkoentzako bi: 

  • Aranerreka. 
  • Zubimusu-Urkamendi. 
  • Basagain. 
  • Txermin-Lasturko borda. 
  • Atxulondo. 
  • Irizibarko karobia. 

Ibilbide bakoitzari buruzko informazio guztia www.kilometroak.eus/mendimetroak webgunean kontsulta daiteke: mapa, ibilbidearen deskribapena, track-a, profila, distantzia, ibilbidea egiteko behar den denbora... Ibilbide bakoitzari buruzko argazki galeria bat ere bai. 

Egin ibilbideak eta jaso oparia 
Mendimentroak egitasmoaren bidez, Zubimusu inguratzen duten Amasa-Villabona eta Zizurkilgo txokoei arreta berezia eskaini nahi diegu. Horregatik, aipatu berri ditugun ibilbideak egitera animatu nahi ditugu herritarrak eta eskualdeko biztanleak. 

Animo horiek sustatu asmoz, ibildea egiten dutenei opari bat emango diegu. Oparia eskuratzeko honako pausoak jarraitu beharko dira: 

  1. Aipatutako sei ibilbideetako bat egitea, gutxienez.
  2. Ibilbideko guneren batean #KorriPunpaTtak eginez bideo motz bat grabatzea.
  3. Villabonako Kilometroak dendara joan eta bideoa erakustea.

Urriaren 4ra arte izango duzue oparia eskuratzeko aukera! 

Ibilbidean zehar grabatutako bideo hori komunitate guztiarekin elkarbanatzera ere animatzen zaituztegu. Hala erabakitzen baduzue, bidali bideoa kilometroak@ikastola.eus helbidera eta gure sare sozialetan zabalduko dugu. 

Goazen gure gazteekin mendira eta goza dezagun gune horietaz!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!