Erremontea

Bi buru eta txapel bakarra

Mikel Arberas 2020ko ira. 24a, 09:41

Buruz buruko Kutxabank txapelketako finalera meritu osoz iritsi dira Urriza eta Endika erremontista nafarrak. Txapelaren bila aterako dira biak, sari preziatua bakarrarentzat izango dela jakitun. Galarretako finalaren atarian ikusmin handia nabari da.

Larunbat arratsaldeko finalaren atarian, hauexek bi protagonista nagusien adierazpenak. Biak ere gogotsu daudela antzeman daiteke. Partida gogorra aurrikusten dute. Biak ala biak, urte osoan txapelketa honi begira prestakuntza lanetan aritu dira. Zaletu asko hurbilduko da, gainera, Galarretara.

Endika Urrutia Azpiroz

  • Saldias, Nafarroa. 30 urte.
  • Debuta: Euskal Jai Berri.
  • Debutaren urtea: 2009/07/20.
  • Posizioa: Atzelaria.

Txapelketa lehiatua handia izaten ari da?

Egia esan txapelketako partidak gogorrak izaten ari dira, eta ezustekoak jaso ditugu; esaterako, denontzat Juanenea finalaurretara iristea ustekabe handia izan da. Honekin esan nahi dudana da atzetik datozenak maila izugarria erakusten ari direla. 

Nola sentitu zinen horrelako final garrantzitsurako txartela lortu zenuenean?

Finalera iristea oso pozgarria izan da, izan ere, urteetan honen bila aritu naiz eta memento txarrak igaro izan ditut; finalaurrekoetara iristean asko kostatzen zitzaidan aurrerapausua ematea. Dena dela, aurten posible izan da eta nik uste dut txapelketa txukuna egin dudala. 

Zein da daukazun arma hoberena finalari begira?

Urrizari gainditzeko arma asko beharko ditut, baina uste dut horretarako tresnak ditudala. Nire partida egiten badut eta Urrizari jokotik kanpo utziz gero aukerak edukiko ditut. Nire armarik hoberena sakea dela esango nuke.

Gogor entrenatzen ari zara?

Lesio batetik nator, orkatila bihurritu nuen, eta ez dut denbora asko eduki entrenamendu gogorrak egiteko. Hala ere, entrenatzen aritu naiz, kanpoaldean fisikoa lantzen eta jokatutako partiduak ere entrenamendutzat jo daitezke. Fisikoari garrantzia eman diot, Urrizari aldea ateratzeko.

Zer egiten duzu finala baino lehenagoko orduetan?

Final aurreko orduak normaltasunez hartu behar dira, ez diozu buruari eragin behar. Gainera, larunbat arratsaldean lana nuen eta lagun batek aldatu zidan ordua, beraz, goizean lanera joango naiz eta, ondoren, partidurako prestatuko naiz. 

Irailaren 26an finala jokatuko duzu, zein da zure aurreikuspena partidari begira?

Nik uste dut partida oso gogorra izango dela, Urrizaren aurka jokatutako partida guztietan aurre egiten saiatu naiz, baina berak lortzen du garaipena. Esandakoa, partida zaila izango da eta txapela etxera eraman nahiez gero nire maila onena erakutsi beharko dut. 

 

Javier Urriza Torres

  • Iruñea, Nafarroa. 38 urte.
  • Debuta: Euskal Jai Berri.
  • Debutaren urtea: 2007/01/27.
  • Posizioa: Aurrelaria.

Txapelketan lehia handia izaten ari da?

Gogorra izaten ari da. Buruz buruko txapelketa oso exijentea da, distantzia handiak egin behar dira lasterketa eta frontoiko gune guztietan egon behar gara. Horrez gain, txapelketa honek garrantzia handia du eta, beraz, tentsio puntu hori beti edukitzen dugu. Ez hori bakarrik, urtetik urtera, parte hartzaileek maila handiagoa dute. 

Nola sentitu zinen horrelako final garrantzitsurako txartela lortu zenuenean?

Poztasuna eta lasaitasuna sentitu nuen. Urte guztian zehar prestakuntza lanetan egoten gara horrelako txapelketetan maila hoberena erakusteko eta finaletara ailegatzeko. Finalera iristean, urtean zehar egindako lanak merezi izan duela konturatzen zara.

Zein da daukazun arma hoberena finalari begira?

Armarik onena urteetan zehar lortutako esperientzia dela esango nuke; buruarekin eta lasaitasunez jokatzeko aukera ematen baitizu. Maila teknikoan, esango nuke, defentsa eta punpa lasterra direla nire arma eraginkorrenak. 

Gogor entrenatzen ari zara?

Bai, noski. Azken finean, urte osoan zehar aritzen gara fisikoki eta teknikoki entrenatzen, baina egia da azken bi hilabeteetan, txapelketa honetan maila onena erakusteko, gehiago entrenatzen aritu naizela. 

Zer egiten duzu finala baino lehenagoko orduetan?

Partiduak ditudan egunetan lo gehiago egiten saiatzen naiz, partidura deskantsatuta joateko. Ohituratzat paseatzea gustuko dut, hankak luzatu eta norgehiagoka baino lau ordu lehenago bazkaldu ahal izateko. Presarik gabe joaten naiz frontoira, beroketarako denbora nahikoa edukitzeko. 

Irailaren 26an finala jokatuko duzu, zein da zure aurreikuspena partidari begira?

Partida oso gogorra izango da. Endikak txapelketa bikaina burutu du eta errekurtso asko dituen pilotaria da. Txapela etxera eramateko lan handia egin beharko dut eta nire mailarik onena erakutsi. Bukaera arte borrokatuko dut larunbateko finalean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!