Ehundaka lagun bildu dira kalitatezko osasungintza publikoaren aldeko manifestazioan

Aiurri 2020ko urr. 17a, 16:01

Pasa den astean Asuncion Klinika konfinatu ostean, agerraldia egin zuten egoera salatzeko. Urteetan adierazi bezala, %100ean publikoa den osasun zerbitzua eskatzen jarraitzen dute.

12:30ean abiatu da manifestazioa Tolosako udaletxe aurreko plazatik. 'Aski da! Kalitatezko osasungintza publikoa orain' lemapean abiatu dira ehunka lagun alde zaharretik barrena, Rondilla kalea nahiz San Frantzisko pasealekua zeharkatu ostean Nafarroa Hiribidera joanez eta Santa Klara kaletik udaletxe aurrean amaituz manifestazioa.

Gaurko mobilizazioa ondorengo eragileek babestu dute: LAB, Ezker Iraultzailea-Euskal Herriko Sozialista, Ibarrako Sagrada Feminista, Berazubi Auzo Elkartea, Amarotz Auzo Elkartea, EH Bildu, Batumore Tolosaldeako Batukada Feminista, Sortu, ELA, Eusko Alkartasuna, Podemos-Ahal Dugu, Auzolanean Tolosa, Ikama, Ernai, Ezker Anitza, Anoetako Gazte Asanblada, Zu ta Ni, Duintasuna Jubilatu eta Pentsionistak, Matraka Talde Feminista, Beti Gazte Jubilatu Elkartea, Iturriza Jubilatu Elkartea, Harizpe Jubilatu Elkartea, Tolosako Gazte Asanblada, TOPA eta Tolosako Asanblada

Amaitzeko ondorengoa adierazi dute:

"Urteak dira Tolosaldeko herritarrok Euskadiko beste osasun eskualdeetako osasun zerbitzu bera izatea eskatzen ari garela. Aipatzekoa eta txalogarria TOPAk egin duen eta egiten duen lana. Aupa zuek, zuen lana eta urteetako borroka.

Gure babes eta elkartasun guztia Asuncion Klinikako langileei beraren hoberena ematen dutelako egunero. Argi dago bertako langileen eta herritarren eskubideak bermatzeko modu bakarra kudeaketa publikoa izango duen eskualdeko ospitalea izango dela.

Ezin ahaztu Asuncion Klinikako kudeaketa txarrarengatik Covid-az kutsaturiko gaixo eta isolamenduan dauden pertsona guztiak. Azkar sendatu!

Urteak dira osasun zentro publikoa aldarrikatzen. Hori delako pertsonak erdigunean jarri eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko berme bakarra. Urteetako borroka eta aldarrikapena gauzatzeko garaia iritsi da. Pasa den astean Asuncion Klinikak Covid-a dela eta konfinatua izan zen. Hori ez da kasualitatea izan. Mila bider adierazi izan dugun kalitate baxuko zerbitzuaren ondorioa da; eta ez lagileen kalitate baxuagatik, baizik eta hor goran kudeatzen duten pertsonengatik.

Langileek lanez lepo, Osasun Sailaren kontrolpean, etekin ekonomikoa besterik ikusten ez duen negozioa eredu. Beste inongo lekuetan gertatu ez bezala, hemen, Tolosaldean gertatu da erreferentziazko ospitalea ixtea eta ondorioak gu geu pairatzen ari gara.

Ingresaturik dauden herritarrak bisitarik gabe; ospitalizazio berriak Irunen. Hori ez da posible!

Gaur inoiz baino ozenago diogu Asuncion Klinikaren itxiera, Tolosaldeko osasun zerbitzu defizientearen ondorioa da. Administrazio publikoak Asuncion Klinikarekiko duen esku-hartze eta kontrol ezaren ondorioa. Osakidetzaren egoera eta urteetako murrizketen politikaren ondorioak azaleratu ditu pandemiak, baina gure egoera larriagoa da, Tolosaldean beste inon baino gehiago jolastu delako osasun zerbitzuen pribatizazioarekin. Nahikoa da!

Tolosaldeak osasun zerbitzu publikoa %100ean publikoa izango dena behar du. Dagokion ospitale publikoa dagoen zerbitzu eta pertsonal ratioez. Euskadiko beste edozein OSIren berdin.

Urteak dira Tolosaldean Osasun Sailak ez duela inbertsiorik egiten. Osasun Sailak Tolosaldeko herritarrekin duen zor historikoa kitatzea eskatzen dugu.

Berriki ikusi dugu gobernuak ospitale bat eraikitzea aurreikusten duela legealdi honetan. Orain arte Osasun Sailak, behin eta berriz, gure eskualdeko osasun arreta ezinhobea zela adierazi izan digu. Jakin nahiko genuke, beraz, zergatik onartzen duten orain ospitale honen eraikuntza.

Lehen bataila irabazi dugu. Jada guztiok onartzen dugu ospitalearen beharra, eta hori gu guztion lanari esker izan da, TOPAk urteetan eginiko lanari esker. Argi dago borrokak fruituak ematen dituela, baina argi, ez dugu tranpa gehiagorik nahi, eta ozen esango dugu berriz ere, espezialitateez hornitutariko anbulatorioak nahi ditugula eta erreferente izango den eskualdeko ospitale bat kuadeaketa publikoa izango duena. Hori ez da negoziagarria.

Tolosaldeako osasun zerbitzu publikoa izan arte borrokan jarraituko dugu. Animo eta lanera!

Azken eskaera bat: etxeko leiho eta balkoietan zuria den tela edo kamiseta zintzilikatzea, mundu guztiak jakin dezan Tolosaldeak osasun zerbitzu publikoa aldarrikatzen duela".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!