Alzheimerraren aurka, bizimodu osasuntsua

Xabier Lasa 2020ko urr. 28a, 07:59
Gurutz Linazasoro doktorea eta Maider Lainez Andoaingo alkatea, Alzheimerraren inguruko hitzaldian.

Gurutz Linazasoro neurologoak Alzheimerren gaixotasuna hizpide izan zuen Basteron irailaren 29an eman zuen hitzaldian. Zahartzaroan izan arren “bizitzaren erdialdeko gaixotasuna” dela adierazi zuen, eta prebentzioari lotutako jarraibide batzuk azaldu zituen

Alzheimerraren munduko egunaren harira Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Lansailak, Bertxin Erretiratuen elkartearekin eta Santa Krutz Erretiratuen elkartearekin batera, antolatu zuten hitzaldia, eta Maider Lainez alkateak egin zituen aurkezpen lanak.

Gipuzkoa Poliklinikan Parkinson eta Alzheimerren gaixotasunez arduratzen den neurologoak herrialdeko estadistikari lotutako zenbait datu eskainiz ekin zion mintzaldiari. Besteak beste, adierazi zuen hiru minuturo gaixo bat diagnostikatzen dela, eta urtean gutxi gora behera 35.000 euroko kostua daukala gaixo bakoitzak (botikak, ospitalizazioak, senitartekoen laguntza…).

Aldi berean, prebentzioaren arloa jorratzen hasi aurretik, kontuan hartu beharreko zenbait printzipio ohartarazi zituen:  “Alzheimerra oso heterogeneoa da; zenbat pertsona hainbat Alzheimer gaixotasun daude”; “Gaitza harrapatzeko arrisku handiagoa duten pertsonak identifikatzeko moduan gaude, nahiz eta ez izan erabat”; “Alzheimerra zahartzearekin lotzen dugu, eta gero eta gehiago bizi garenez, kasuen kopurua handitzen joango da; nolanahi ere, bere eraginkortasuna jaisten ari da 80ko hamarkadaz geroztik; hain zuzen, %20, hamarkada bakoitzeko. Eta hori horrela da gero eta bizimodu osasuntsuagoa daramagulako, nahiz eta agian ez daukagun pertzepzio hori”.

Linazasorok, batez ere gaitzari aurre hartzeari buruzko irizpide batzuk gogorarazi zizkien Basteron bildu ziren entzuleei, lehen esan bezala. “Ez dakizue mediku batentzat zein gozagarria den gaitz bati aurre hartzeko aukerak edukitzea!”.

Aitortu zuen gaitza sortzeko arrazoiei buruz zientziak oso gutxi dakiela: “Gaur egungo ikerketa lanek hiru arrisku-faktore jotzen dituzte garrantzitsuentzat: genetika, zahartzea eta faktore baskularrak edo bizitza-estiloa”.

Genetikari dagokionez, garunean gene deterministak baditugula onartu arren, ez dela oso ohikoa gehitu zuen.

Zahartzearen faktorea normaltzat jo zuen, nahiz eta honako Òabardura gehitu: “Adinean aurrera joan ahala, handiagoa da gaitza sufritzeko arriskua. Baina badira ehun urteko pertsonak ez daukatenak, eta beraz, ez dago zertan ezinbesteko patutzat hartu behar”.

Genetikaren eta zahartzearen bi arrazoi horien kontra gaur egun ezin daiteke deus askorik egin, ”nahiz eta badagoen ikerketa ildoren bat zahartzea gaixotasuntzat jotzen duena, eta gizakiaren hilezkortasunaren atzetik ibili”.

Prebentziorako neurri eraginkorrak

Faktore kardiobaskularrekin eta bizimoduarekin arreta jartzeko eskatu zien entzuleei Linazasorok.

“Gaitza harrapatzen duten heren batek zazpi “bekatuekin” dauka zerikusia: hipertentsioa, obesitatea, tabakismoa, sedentarismoa, diabetea, depresioa eta bakartze soziala, eta, maila intelektual baxua (azken hau, gaztetan jaso den formazio akademikoarekin bezainbat dago lotuta ondorengo urtetan jakin-minarekin eta buru-irekitasunarekin)”.

Zazpi “bekatu” horiei beste bi erantsi zizkien Linazasorok: poluzioa eta klima aldaketa, eta, gorreria. Era berean, guztiak eragin ditzakeen estresa aipatu nahi izan zuen, bi mota bereiziz. “Agudoa eta kronikoa daude. Lehena mesedegarria da, arretatsu, kontzentratuta eta aktibo mantentzen zaituelako. Bigarrena, ordea, kaltegarria da burmuinarentzat: urduri jartzen zaitu, loa nahasten du, iktusa errazten du, edo neurona berri gutxiago ekoiztea eragiten du (izan ere, burmuinak egunean 1.400 neurona berri ekoizteko gaitasuna dauka, eta horiei gehienbat ikasketarekin eta memoriarekin zerikusia daukaten eremuetara doaz)”.

 

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 569. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!