"Sortzaileen artean saretzea oso garrantzitsua dela uste dugu"

Mikel Arberas 2020ko urr. 24a, 09:00

Buruntzaldea Gazte Sortzaileak taldeko kide den Maddi Etxeberria larrauldarrarekin elkartu da Aiurri. Duela gutxi sortu zen taldeari buruz gehiago jakin nahi izan dugu.

Zer dela eta sortu duzue Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak taldea?

Itxialdian ekin genion sortze prozesuari, ikusi baikenuen kultura oso beharrezkoa zela eta askotan alboratu egiten zela. Problematika horri jarraiki, eskualdeko hainbat kide batzen hasi ginen itxialdi garaian egin genituen online bileren bitartez, eta, gerora, ateratzen utzi zigutenean aurrez aurreko bilerekin jarraitu genuen. Guztiok gara modu batera edo bestera sortzaileak eta kezka horrekin elkartu ginen. Gauzak horrela, hitz egindako guzti horri forma ematen ahalegindu gara.

Zertarako sortu da taldea? Zein da helburua?

Hiru oinarri nagusi ditu taldeak. Lehenik sorkuntza. Gazte sortzaileen sare bat denez sorkuntzari garrantzi handia eman zaio, bide bat ireki nahi dugu. Bigarrenik, gaztetasunaren edo gazte izatearen problematika erantsi diogu; azken finean, kultura zapaldua izaten ari den arloa bada, gazte izanagatik zapalkuntza hori bikoitza dela pentsatzen baitugu. Azkenik, euskarari berebiziko garrantzi eman diogu, gazteok sortutako eduki hori guztia euskaraz izan dadin. Horregatik dira hiru zutabeak, sorkuntza, gazte izatea eta euskara. 

Helburuei dagokionez, hainbat ditugu. Batetik, sorkuntza prozesua norbanakoak egiten duenez, sortzaileen artean saretzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Sare bat dugu geure artean babesa edukitzeko. Gainera, geure artean ezagutuz gero proiektu amankomunak sortu daitezke. Pentsatzen dugu, bertako produktuak kontsumitzea ekarriko duela saretzeak. Esaterako, Andoainen Gazte Eguna antolatu nahi ezkero, antzerki talde bat Arrasatetik ekarri ordez, agian Urnietatik ekar genezake saretzearen bitartez ezagutu dugulako. Kultur problematikari erantzuna emateko tresna gisa erabili nahiko genuke taldea.

Nori zuzendua dago Buruntzaldeako Gazte Sortzaileen taldea?

Euskaraz sortzen duen gazteei zuzenduta dago. Ez dugu zehaztu gazte hitza zer den, norberak sailka dezala bere burua nahi duen bezala. Hernanin egin zen aurkezpenean esan bezala, talde irekia gara, edonork parte hartu dezake eta geure helburua zein den nahiko argi geratu dela uste dut. Geure helburuak partekatzen dituen oro izango da ongi etorria Buruntzaldeako Gazte Sortzaileen taldera.

Oraindik izena eman ez duten sortzaile horiei zer esango zenieke?

Sortzaile horiei animatzeko esango nieke. Ez da beharrezkoa dinamika guztietan parte hartzea, baina interesgarria iruditzen zait datu basean egote hutsa. Azken finean, datu basean dauden sortzaileak ez dira bilera guztietara joaten, ez dute une oro parte hartzen egoteko beharrik. Bakoitzak erabakitzen du zein konpromiso maila duen eta zenbateraino murgildu daitekeen proiektu honetan. Esan bezala, oso interesgarria da datu basean egotea ateak ireki ditzakeelako. Horrez gain, jende berria ezagutzeko baliagarria izan daitekeen taldea da. 

Izena emateko interesa duenak buruntza-sortzailea.wixsite.com/buruntzasortzaile webgunean sartu behar du eta edozein zalantza edo iradokizun edukiz gero buruntzasortzaileak@gmail.com posta elektronikora idatz dezake. Webgunean sartuz gero, atal asko daude. Miatu eta egin zaitez sortzaile.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!