Covid19 | Datuak egunez egun

"Une honetan dagoen tresna bakarra alarma-egoera da"

Aiurri 2020ko urr. 27a, 18:02

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean. Azpimarratu du pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien helburu nagusia gaixotasunaren hedapena saihestea eta kutsatzea mugatzea dela, eta beharrezkoak ez diren mugimenduak saihesteko deia egin du.

Bozeramaileak adierazi duenez, Gobernuaren asmoa da konfinamendu orokorrera jo behar ez izatea egoerari aurre egiteko, hartu beharreko ezohiko neurri guztiak hartuz. Hala, Gobernuak jarduera ekonomiko eta hezitzaileari eutsi nahi diola adierazi du, herritarrei ariketa fisikoa egiteko eta gutxieneko jarduera sozial, kultural eta kirol jarduera segurua izateko ateak irekita uzteaz gain.

Sailburuak aitortu du ez dakiela zenbat iraungo duen pandemia honek, eta, beraz, beharrezkotzat jo du neurri murriztaileak hartzea ahalbidetuko duten tresnak izatea, berme juridikoekin, COVID-19ari aurre egiteko. "Zerbait behar da. Une honetan dagoen tresna bakarra alarma-egoera da, iraun behar duenak iraungo duena, baina komenigarria litzateke egoera horri aurre egiteko beste formula batzuk bilatzea, alarma-egoerara etengabe jo behar izan gabe ".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!