Zaintza eredua aldatzeko greba deitu du ELAk azaroaren 17rako

Aiurri 2020ko aza. 14a, 13:17

Azaroaren 17rako deitu du ELAk eskualdeko mobilizazioa Tolosako Triangulo plazan, 11:30ean.

Greba orokorra iragartzeko bildu ziren atzo goizean ELAko kideak eta zaintza alorreko langileak Tolosako Triangulo plazan. ELA sindikatuko arduraduna den Alazne Mantxolak azaldu duenez, "azaroak 17an grebara goaz, zaintza baino gauza garrantzitsuagorik ez dagoelako eta zaintzak sostengatzen duelako bizitza".

Zaintza emakumeen ardurapean dagoela salatu dute eta modu "prekarioan" egiten dutela lan. Bestalde,  zaintzari lotutako lanak enpresa pribatuen eskuetan daudela adierazi dute, eta "enpresa pribatuen esku egoteak ekartzen du enpresa pribatu horien negozioa; eta ez du inongo jarraipenik erakunde publikoen aldetik".

Prekarizazioaren ondorio nagusia pribatizazioa da

Zazpi aldarrikapen egiten dituzte greba orokorra deitzeko:

  1. Zaintza sektoreak publiko egitea, hala nola egoitzak, eguneko zentroak, etxez etxeko laguntza, desgaitasunaren arloa edota adingabeen zentroak.
  2. Publiko egiten diren bitarte horretan, egun zaintza zerbitzuen sektoreetan lanean ari diren emakume guztien lanpostuak bermatzea, hau da, publifikazioa subrograziotik.
  3. 10.000 langile gehiago kontratatzea. Zaintza eredu honek pertsonak jartzea erdigunean eta ez enpresa pribatuen negozioa.
  4. Zainketa eredu berriak oinarri hartzea, hau da, hurbiltasunean, kalitatezko tratuan eta pertsonen autonomiarekiko errespetuan oinaritutako zaintza eredua.
  5. Zuzeneko arretaren ratioak hobetzea.
  6. Lan osasuna bermatzeko neurriak izatea.
  7. Langileen erreparazio emozionalerako plangintza bat aurrera eramatea. Izan ere, pandemiak agerian utzi ditu lehenago ere agerikoak ziren injustizia guztiak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!