Joxe Kamio, estatu aparatuek orain 40 urte hil zuten urnietarra

Xabier Lasa 2020ko aza. 23a, 11:03

40 urte bete dira gaur BVE erakundeak Joxe Kamio urnietarra eta Jean Pierre Haramendi hendaiarra hil zituela Hendayais tabernan, Hendaian. Hiru egileak Irungo mugan atxilotu zituzten handik gutxira, baina baita aske utzi agudo, Billy el Niño eta Ballesteros komisarioei hots egin ostean. Estatu-aparatuen inpunitatea agerian uzten duen kasua da, ofizialki errudunik gabe jarraitzen duena.

Joxe Kamio Larrañaga Urnietako Babiloni baserrian jaio zen, 1928/02/28an. Aita, Joxe Mari Kamio Azurmendi Portxeta baserrian jaioa zen; ama, Bittori Larrañaga Errarte, berriz, Elorrio (Bizkaia) jaioa zen. Anai arrebak, berriz: Luis (1923), Gloria (1925) eta Gumersinda (1930). Aitak telefono lineak konpondu eta berriak jartzen zituen Buruntzaldean eta Arano-Goizueta aldean. 1936an, familia Hernanira bizitzera joan zen.

 

Babiloni baserria, Urnietako Idiazabal kalean.

 

Aiurriren 2009ko azaroko zenbakian, Joseba Lizeagak Joxe Kamioren anai Luisekin erreportajea osatu zuen. Bertan, Joxe Kamioren gaztaroari buruzko xehetasunak jakin ahal izan genituen.

 

Luis Kamio Larrañaga, Joxeren anaia. 2016ko abuztuaren 2an hil zen.

 

Joxe gaztetxoa zela, landaregintzan aritu zen Pagolarekin eta gero tarte batean, aitarekin telefono konpainian. 1948an, hogei urterekin, Oiartzungo Arkalera soldaduskara joan zen arte. Han, ofizial baten ezinikusia jasan behar izan zuen; behin, hark zartako bat eman zion, baita Joxek itzuli ere. Ihesari eman zion, eta mugaz beste aldera pasa. Landetan basoan lanetara joan zen, eta gero Hendaian bizitzen jarri zen. Han, Iñaxio Barkaiztegi adiskide urnietarraren laguntza jaso zuen; 36ko gerran, Iparraldean babesa topatu behar izan zuen Barkaiztegik, faxistek bere aita eta anaietako bat erail eta gero.

Erregularizatu gabeko errefuxiatua izaki, Kamio atxilotu egin zuten halako batean. Legiora joan edo Estatu espainiarrera kanporatua, aukeran jarri zioten. Lehen aukerari heldu zion, frankisten eskuetan bukatu ez beste edozer gauza egiteko prest baitzegoen.

Horrela, Indotxina (1946-1954) eta Algeriako (1954-1962) gerra kolonialistetan ibili zen. Frantziako milaka soldadu hil ziren horietan, baina onik irten zen Kamio. Behin itzulita, frantziar naziotasuna eman zioten. Frantziako estatuko paper administratiboez gain, abokatu baten bidez soldaduskan egindakoagatik jaso zezakeen zigorraren indultua ere lortu zuen Estatu espainiarrean, eta harrezkero, ama eta familia bisitatzera Hernanira etortzen hasi zen.

Joxe Kamio, Frantziako Legioko kidea izan zen garaian (Argazkia: Monge Kamio familia).

 

1980ko azaroan, atentatu indiskriminatua

1980an, 54 urte zituela, Hendaian bizi zen, Tere Osa emaztearekin eta Alex eta Mari Nöelle seme-alabekin; tailer batean egiten zuen lan.

Asteburuetan, Hendayais tabernan hitzordua edukitzen zuen adiskideekin, kartetan jokatzeko. 1980ko azaroaren 23an, igandearekin, arratsaldeko zazpi eta erdietan, bi pertsona armatuk tabernan sartu eta tiroka ekin zioten han bilduta zeuden guztien aurka. Bi pertsona erail zituzten, Joxe Kamio eta Jean Pierre Haramendi, eta zortzi zauritu: Juan Jose Inziarte, Imanol Sein, Louis Berlany, Louis Humbert, Leon Irazoki, Roger Carrigues, Pedro Tortosa eta Michel Imaz.

Kamio eta Haramendi lurrean hilotz (Argazkia: AFP agentzia).

 

Giro euskalduna izaten zen nagusi taberna horretan, eta bezero asko errefuxiatuak izaten ziren. Nahiko argi geratu zen erasoa indiskriminatua izan zela, euskal errefuxiatuengan ez ezik inguruko jendearengan ere mina eragin eta izua ere zabaltzeko.  

Bikote tirokatzailek hirugarren laguna kalean zain zeukan Renault 18 berde batean, eta ziztu bizian mugarako Irungo bidea hartu zuten. Frantziako Poliziaren muga-kontrola autoarekin aurretik eraman ostean, Irungo eremuan lehendik aparkatuta zeukaten Renault 5aren kontra jo zuten. Espainiako polizien esku amaitu zuten. Alde bateko eta besteko polizien arteko liskarra gertatzen ari zela, hiru lagunek Jose Antonio Gonzalez Pacheco Billy El Niño komisarioarentzat lanean ari zirela eta hari deitzeko eskatuz telefono bat eman zieten Espainiako poliziei. Horrela, gauerdi aldera, Irungo polizia buruak Manuel Ballesteros Terrorismoaren kontrako Aginte Bakarreko buruarekin kontaktatzea lortu ahal izan zuen, eta lasterrera, hirurak aske geratu ziren. Gilbert Perret, Mohamed Khiar Mehmed eta Vittorio Aldo mertzenarioak ziren, estatu aparatuen zerbitzura ari zirenak. Hilketa Batallon Vasco Español erakunde armatuak hartu zuen beregain.

Liskar diplomatikoa eragin zuen kasuak, Frantziako gobernuak Espainiakoari azalpenak eskatu baitzizkion. Nahiz eta denboraren joanarekin apaltzen joan zen hasierako zalaparta, estatuen arteko era askotako hartu-eman interesatuak zirela medio.

Hendaiako kaleetan egin zen manifestazioetako bat (Argazkia: Postigo).

 

Ballesteros, epaituen aulkian

Kasua epaitegietara eraman zuten, eta Miguel Castells abokatuak eraman zuen herri akusazioa. eta Paun 1983an lehenbiziko epaiketa egin zuten; Ballesterosi deklaratzeko deitu zioten, baina ez zen agertu. Guztira, Frantziako Justiziak sei eskari zitazio egin zizkion; Frantziako Atzerri Gaietarako ministroak ere Espainiako gobernuari egin zizkion eskakizunak kasua argitzeko, baina alferrik izan zena dena.

1985ean, Donostiako Auzitegian bigarren epaiketa egin zen, baina orduan ere ez zuen hiru lagun iheslarien izenik eman, argudiatuz kolaboratzaile sekretuak zirela eta segurtasunagatik ezin zituela haiek identifikatu. Justiziari laguntzarik ez ematea leporatuta, epaileak hiru urtez funtzio publikoan aritzea debekatu zion komisarioari, eta 100.000 pezetako isuna. Gainera, sententziak adierazten zuen Ballesterosen hiru konfidenteak edo informatzaileak Hendayais tabernako hiltzaileak izan zitezkeela.

El Pais egunkaria, 1985eko maiatzean, Ballesterosen deklarazioa hizpide hartuta.

 

Egin egunkaria, 1985ko maiatzean, Ballesterosen deklarazioaren gainean.

 

1986ko martxoan, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak Ballesteros absolbatu egin zuen, asmoa txarri gabe jokatu zuela esanda.

Akusazioak ez zuen etsi, eta 1994ko martxoan lortu zuen Donostiako Auzitegiak berriro epaitu zezan Ballesteros. Prebarikazioaren delituagatik errudun deklaratu zuten, eta sei urtez funtzio publikoan aritzea debekatu zioten. Baina urte bereko abenduan, Espainiako Auzitegi Gorenak berriro ere irauli egin zuen epaia, bigarren aldiz absolbatuz. Abokatu akusatzaileak orduan adierazi zuenez, sententzia honekin inpunitate eta ilegaltasun eremuak aitortuta geratzen dira, botere politikoak babesten dituena eta botere judizialak kontrolatu ezin dituenak”.  

Tabernan zaurituetako Juan Jose Intziarteren eta Migel Castells abokatuaren testigantzak bildu zituen ETB2ko 360 grados saioak 2019/12/07an, Billy el niño: la impunidad de los crimenes franquistas izenburuko erreportajean.

Estatu aparatuetan goi-ardurak zituen kideren bat epaitegietara eramaten zen lehen aldia izan zen, nahiz inor ez zuten errudun deklaratu. Gerora helduko ziren sozialisten garaiko Rafael Vera, Jose Barrinuevo, Julen Elorriaga, Julian Sancristobalen eta besteen kasuak.

Hendayais tabernako gertakariak argitzeko estatuko botere politikoak eta judizial ez zuen ahaleginik ez egin; kontrara, estali egin zuten. Horrenbestez, gaur da eguna, berrogei urteren buruan, Hendayais tabernako bi hilketen egileak eta horien atzean zeuden egile intelektualak nortzuk diren ofizialki jakin gabe jarraitzen dute familiarrek eta euskal gizarteak.

Egundaino, biktimarioek eta beren bultzatzaileek (estatuko funtzionarioek eta arduradun politikoek) ez dute egindakoa aitortu, eta gutxiago joan dira familiarengana barkazio eske.

 

Joxe Kamioren gorpuzkinak Hernaniko hilerrian daude, egun.

 

Estatu-aparatuen inpunitatea

Hendayais tabernako eta Irungo mugako gertakarietan inplikatutako hiru lagunak babestu zituzten Ballesteros eta Billy el Niño komisarioren ibilbideetan erreparatzea aski izan daiteke bi errealitatez jabetzeko. Batetik, diktadurako errepresio aparatuek gozatu zuten inpunitate politiko, judiziala eta poliziala 1978az geroztikako demokraziaren eskutik. Eta bestetik, demokraziaren baitan estatu terrorismoa.

Ballesterosek, 70eko hamarkadan, Valentzia, Coruña, Donostia eta Bilboko komisaldegietan komisario gisa jardun zuen, eta horietan torturatzaile gisa nabarmendu zen. Argentinako epaitegietan frankismoaren krimenak salatuz irekita dagoen kereilan, pertsona ugarik haren aurkako testigantza pertsonalak eskaini dituzte azken urtetan. Demokrazian, Suarezen eta Calvo Soteloren (UCD) zein Gonzalezen (PSOE) gobernuekin, giza eskubideen urraketez beteriko curriculuma edukitzegatik baztertu ez baizik eta, kontrara, goi ardurekin saritu zuten. Hain zuzen, UCDk Borroka Antiterroristako buru izendatu zuen, eta sozialistek, Operazio Berezien Buru eta Segurtasunerako Estatu Idazkaritzaren Informazio Kabineteko buru. Bestalde, Rafael Veraren aholkulari izan zen Algerian, 1988an eta 1989an ETArekin egin zituzten negoziazioetan.

Antonio Gonzalez Pacheco Billy El Niño-ri dagokionez ere, ezaguna da frankismoan zehar bereganatu zuen torturatzaile basatiaren fama. Franco hil ostean, poliziako goi inspektore izendatu zuten.

Biek ere, estatuak emandako pentsio, kondekorazio, domina eta gainerako aitormen ofizial -sinboliko eta ekonomiko- ugari sakelan zituztela hil ziren. 2008an bata eta 2020an bestea.    

 

Andoainen jarritako frankismoaren aurkako kereilan

Frankismoaren krimenen aurka Andoaingo Udalak eta Oroituz elkarteak epaitegietan jarrita daukaten kereilak, besteak beste, Monge Kamio familiaren testigantza jasotzen du. Euskal Ejertzito Errepublikanoarekin batera kolpe militarraren aurka borrokan egin zuen Joxe Mari Monge Castillo gaztearen kasua aipatzen du bereziki familiak, frankismoak 1937an Santanderren erail baitzuen, eta geroztik desagertuta segitzen baitu.

Joxe Mari Monge gazte andoaindarra, frankismoak Santanderren 1937an erail eta desagertarazi zuena (Argazkia: Monge Kamio familia).

 

Kereila berean, familiakoa ere bazen Joxe Kamio Larrañaga aipatzen dute. Uste dutenez, 1978an sortu zen erregimen demokratikoak ez zuen kontuan hartu nazioarteko instantziek giza eskubideen arloan eskatzen dituzten araurik. Alegia, frankismoa sustengatu zuten estatu-aparatuek (politikoa, judiziala, ejertzitoa, gorputz polizialak…) ukitu gabe igaro zirela diktaduratik demokraziara, eta horrek eragin zuela, besteak beste, elementu polizial hiltzaile eta torturatzaileek jarrai zezaten beren postuetan, eta are gehiago, kargu eta arduretan gora egin zezaten kasu askotan. Manuel Ballesteros eta Billy El Niño komisarioen ibilbideek ez dute zalantza askorik uzten interpretazio historiko horri buruz.

Gauzak horrela, geure historia garaikidean modu jarraituan injustizia pairatzea zer den ondo dakien familia da Monge Kamio familia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!