Leitzaranen izokinaren presentzia sendotu da

Xabier Lasa 2020ko aza. 27a, 11:35
Inturiako presa eraisten, 2013an hasi zirenean

Azken urtetan Nafarroa eta Gipuzkoako ibaietako zenbait urtegi eraitsiz ur emariak berreskuratu dira habitat naturalagoak sortuz eta ekosistema aberastuz, LIFE-IREKIBAI proiektuak bultzatutako ekimenari esker. Besteak beste, Leitzaran ibaian izokinen bizimodua erraztu da.

2009az geroztik, Nafarroa eta Gipuzkoa elkarrekin ari dira lanean bi herrialdetako ibaien loturak eta habitatak hobetzeko eta, eta hain zuzen 2016-2020 epean, LIFE-IREKIBAI proiektua jarri zuten abian. Hiru milioi euroko aurrekontua (%60a, Europar Batasunak finantzatzen duen LIFE programatik etorri da) eduki du proiektuak, eta Natura 2000 Sarean sartuta dauden espazioetan garatu da: hots, Leitzaran ibaia, Baztan ibaia, Artesiaga erreka, Belate ibaia, Bidasoa ibaia, Artikutza eta Bertizko Jaurerrian.

Horrela, ibai horietan 11 presa kendu dira, arrain-faunaren fluxu askea eragozten zutena. Tartean, presa handi gisa katalogatuta zegoen Inturiakoa (gehiago jakiteko, Aiurriren erreportajea irakur daiteke) Leitzarango bailaran.

Bertan arrainak igarotzeko gailuak egokitu dira, eta horiek duela gutxira arte horma gaindiezinak iragazkor bihurtu dituzte eta espezie migratzaileak behin eta berriz bisitatzea erraztu dute. Aldi berean, ibaian hildako egurra egokitu da bisoi europarraren babeslekurako, izokin atlantikoaren habitata hobetzeko edo Ibaiertzen higadura murrizteko.

LIFE-IREKIBAI proiektuaren esparruko ibai-leheneratze horri esker, gaur egun, izokin gogorrenek Elizondo gainditzen dute Bidasoaren arroan, emari egokiak lagunduta, 64 kilometro gora egin ondoren. Leitzaranen gauza bera egin dezakete.

 

Emaitzen aurkezpena

LIFE-IREKIBAI proiektuaren emaitzak aurkezteko asmoz Gipuzkoako eta Nafarroako erakundeetako ordezkariak Donostian agerraldia egin zuten atzo. Gipuzkoako Aldunditik, Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua eta Arantza Ariztimuño Mendi Zuzendaria agertu ziren, eta Nafarroako Gobernuaren aldetik, Ingurumeneko zuzendari nagusi Pablo Muñoz eta GAN-NIK Nafarroako Ingurumen Kudeaketako zuzendaria den Luis Sanz. Horiekin batera izan ziren URA Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aiz eta HAZIko zuzendaria den Peli Manterola.

Adierazi zutenez, LIFE-IREKIBAI proiektuko ekintzak hiru jarduera-ardatz handiren inguruan antolatu dira: “Alde batetik, ibaien leheneratzea, inbertsioaren zatirik handiena hartu duena; bestetik, ibai-arroen kudeaketari eta lehengoratzeari buruzko ezagutza hobetzea; eta azkenik, gizartea gure ibaiek eskaintzen dituzten ingurumen balioei eta zerbitzuei buruz sentsibilizatzea”.

Gauzak horrela, balorazio baikorra egin dute bi erakundeetako ordezkariek. Asensiok esan duenez; “"proiektu honek nabarmen hobetzen du gure ibaiek arrain-espezieentzat duten iragazkortasuna. Oso ekintza eraginkorra da klima-aldaketaren ondorioak arintzeko gure ibaietako arrain-espezieen migrazioari dagokionez; izan ere, klima-aldaketaren ondorio nagusietako bat ibaien emaria murriztea da. Gure ibaietan oztopoak egoteak eragiten duen ingurumen-arazoaz jabetuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Inguruneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak bi hamarkada daramatza arazo hori konpontzeko lanean. Une honetan, 365 kilometro berreskuratzeko lanean ari gara gure Plan Zuzentzailearen bitartez, arrain-espezieek gure ibaietara iristeko gaitasuna hobetzeko".

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!