Abenduaren 31rako 'Orain presoak!' lemapean manifestazioa deitu dute Aiztondoko Udalek

Aiurri 2020ko abe. 29a, 12:16
(Ezkerretik eskuinera) Josu Amilibia Adunako alkatea, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Iker Urruzola Zizurkilgo alkatea, Pili Legarra Asteasuko alkatea, Xabat Laborde Amasa-Villabonako zinegotzia.Argazkia:Zizurkilgo Udala.

Villabona eta Zizurkil herrien artean izango da manifestazioa urteko azken egunean, 18:00etan, 'Orain presoak! Euskal presoak Euskal Herrira' lemapean.

Goizean izan da abenduaren 31n izango den manifestazioaren aurkezpena Zizurkilgo udaletxean. Bertan izan dira Iker Urruzola Zizurkilgo alkatea, Pili Legarra Asteasuko alkatea, Josu Amilibia Adunako alkatea, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Xabat Laborde Amasa-Villabonako zinegotzia.

Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo Udalbatzek euskal presoen urruntze politikarekin amaitzearen aldeko erakunde adierazpena landu eta onartu dute azken asteotan. Aurkezpenean irakurri dute adierazpen hori eta abenduaren 31n Villabona eta Zizurkil artean egingo den manifestazioan parte-hartzeko deia luzatu dute.

Hauxe da elkarrekin landu eta irakurri duten adierazpena:

Euskal presoen urruntze politikarekin amaitzearen aldeko erakunde adierazpena

Aduna, Alkiza, Amasa-Billabona, Asteasu eta Zizurkilgo Udalek, euskal presoei Espainiako Gobernuak aplikatzen dizkien politikei buruzko azterketa eta balioespena ezagutarazi nahi dute. Udalbatzek honako lehen eskaera egiten dute:

  • Espetxeetako Lege Orokorrak aurreikusten duena bete dadila, askatasunaz gabetzen duten zigorrak bete daitezen norbere ingurunetik deserrotu gabe, birgizarteratzearen printzipioek adierazten duten moduan. Zentzu horretan, 2011 urtean ETAk jarduera armatua utzi zuenean irekitako denboraldi berriaren barruan honako hau adierazten du: beharrezkoa dela beste espetxe politika bat, presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena. Politika berri horrek presoak bere familiarekin harremanak izatea erraztuko du eta adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuz.

Euskal gizarteak bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustu garbia egin du. Hainbat modutako eta etengabeko eskaerak egin ditu, iraganeko logiken araberako espetxe politika behin betirako gainditu dadin.

Ondorioz, Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo Udalbatzek honakoa adierazten dute:

  1. 2011tik irekita dagoen errealitateari jarraiki, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu euskal presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak ematea, iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz.
  2. Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzea eskatzen dugu, askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin. Askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat ezinbestekoa jotzen dugu.
  3. Premiazkotzat jotzen dugu egungo urruntze politikari amaiera ematea eta Covid-19aren egungo testuinguruan gure sostengua adierazten diegu honako egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei: espetxeratu guztiak orokorrean eta pertsona preso bakoitza, partikularrean, hurbil ditzatela beren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea dakar neurri horrek.
  4. Helburu hori betetzeak modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten lagunduko luke. Gainera, aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzeko.

Adierazpena honako erakunde eta arduradunei helarazi zaie:

  • Pedro Sánchez, Espainiako presidenteari.
  • Iñigo Urkullu, Lehendakariari.
  • Maria Chivite, Nafarroako Presidenteari.
  • Jean-René Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoko presidenteari.
  • Aiztondo bailarako euskal presoak aurkitzen diren Espetxeetako Zuzendaritzei.

Azkenik, udalbatza horiek datorren abenduaren 31n, 18:00tan hasita, 'Orain presoak! Euskal Presoak Euskal Herrira' lema izango duen eta Villabona eta Zizurkil arteko ibilbidea gauzatuko duten manifestazioan parte-hartzeko deia luzatzen die herritar guztiei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!