Urnietako Goiburu aldetik datorren arrosa koloreko argi fluoreszentearen misterioa

Xabier Lasa 2021ko urt. 26a, 09:14

Gabonez geroztik, Agroaldea haztegian (Xoxokako bidean, Urnieta) arrosa koloreko argi fluoreszentea ikusten da; oso ikusgarria egiten da urrunetik ere. Baserriko produktuak ekoizten dituen Alberro S.L. enpresa da bere eragilea, eta esperimentazio fasean dagoen egitasmo bati ekin dio; tomatearen ekoizpenean argi artifizial horrek daukan eragina jakin nahi du.  

Eskualdean, nonahitik ikusi daiteke argi artifizial hori, eta batez ere ilunabar aldera eta behe lainoko egunetan, egunaren argia ezkutatu ahala, era askotako efektu bisualak eragiten ditu; aurora boreala deituriko distira edo luminiszentzia itxurako fenomenoa, besteak beste. Bada umorez esaten duenik ez dagoela Finlandiara, Islandiara edo Norvegiara joan beharrik halako fenomeno argitsuak ikusteko… Argi kutsadura sortzen duela esaten duenik ere bada.

Sorabilla auzoko Mendiluze baserri paretik ateratako irudia. 2,5 kilometro daude lerro zuzenean, Agrodealdea negutegitik Andoaingo San Martin elizara.

 

Alberro S.L. enpresako arduradun Xabier Alberrok Aiurriri adierazi dionez, esperimentazio fasean dago. Uda arte iraungo du prozesuak, eta orduan aztertu ahal izango dituzte emaitzak. Alberrok gehitu duenez, proiektuak baimen guztiak dauzka, jakinaren gainean daude nekazarien elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundia zein Eusko Jaurlaritza ere.

Sentsoreekin funtzionatzen du Agroaldea haztegian jarri den argi artifizialaren mekanismo horrek. Sentsoreek argi naturalaren indarra neurtzen dute, eta nahikoa sumatzen ez dutenean, argiak piztarazten dituzte; osagarri gisa funtzionatzen dute, hortaz. Mekanismoa soilik egunez dago martxan,  gauez itzalita dagoela dio. Baina goizean goiz, giroa ioraindik ilun samar dagoenean argi izpiak Andoaingo herriguneko leku askotara iristen dira.  

Alberro S.L. enpresak, Urnietan ez ezik, Astigarragan eta Hernanin ere badauzka negutegiak. Enpresa digitalizazioak eskaintzen dituen erraminta berriak ezartzen ari da haztegi horietan azken urtetan. Era horretan, mugikorreko aplikazio modernoak erabiltzen ditu baserriko produktuen ekoizpena biderkatzeko. Bestalde, negutegien instalazioak polikarbonatoaren materialaz estalita eta goiko parteetan, leku menditsuetan dauzkate jarrita, tomatearen landareak argi naturala gehiago jaso dezan eta hezetasun erlatiboa behealdean baino baxuagoa eduki dezan.

 

Agroaldeako negutegia Buruntza mendi inguruetatik.

 

Negutegia Buruntza aldetik ikusita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!