“Epe laburrean etxera bueltatzeko aukera aztertzen ari gara”

Andoni Urbistondo 2021ko ots. 6a, 10:26
"Hamarkada oso bat daramagu kanpoan eta dagoeneko hasi gara itzuleran pentsatzen".

Iraitz Arrospide Garro Villabonako semeak 2.10.59ko marka du maratoian, eta Olinpiar Jokoetan parte hartzeko eta Behobia-Donostia lasterketa irabazteko erronkak ditu.

Amasa-Villabona jaioterritik urrun bizi da 2013az geroztik Iraitz Arrospide maratoi korrikalaria (32 urte). Erasmus programa Sheffield-en egin zuen, Ingalaterran, eta hango lan merkatua hobea zelakoan, bertan geratu eta zazpi urte daramatza dagoeneko. Leire bikotekidearekin aurrena, Unax semearekin 2018az geroztik, eta Kaila alabaren zain, orduak kontatzen dagoeneko. Munduan oso jende gutxik egin dezakeena egin du, maratoi bat 2.11 azpitik korritu. 2.09ra hurbildu nahi luke erretiratu aurretik. Herrimina sentitzen hasita omen da, eta horri irtenbidea jartzekotan omen da epe laburrean. Skype bitartez egina da elkarrizketa. 

Villabonan jaioa, Ingalaterrako Sheffield hirian lan egin, familia sortu eta handitu… Nor da Iraitz Arrospide?

32 urte ditut, eta Mondragon Unibertsitatean ikasi nuen. Karrera bukaerako proiektua Sheffield-en egin nuen, bertako ikerketa zentro batean. Euskal Herrira itzuli nintzen doktoradutza ikasketak lotu bitarteko hilabeteetan, eta ondoren buelta Ingalaterrara berriro.

Garbi izan zenuen Ingalaterran merkatu hobea zeneukala lana bilatzeko.

Ez nintzen gehiegi saiatu Euskal Herrian. Ingalaterran ikusi nuena asko gustatu zitzaidan, hots, esperientzia polita izango zela profesionalki, hizkuntzari dagokionez eta beste. Ez zen erraza izan, doktoretza proiektua garatzea ez baita erraza. Nire hemengo enpresa eta Zamudioko ITPren artean halako akordio bat lortu genuen, non doktoretza egiten hasi nintzen Sheffield-eko Unibertsitatearentzat eta ITPrentzat. Aukera hori lortu nahi nuen eta hala izan zen. Doktoretza mekanizazioari buruzkoa zen, eta ITP Aerok Ingalaterran daukan fabrika batean hegazkinetarako motorren piezetako mekanizazioan egiten dut lan, horiek hobetzeko jardunean, zehazki.

Zer moduz egokitu zinen Sheffield-en? Hizkuntza eta beste… 

Lehen urtea izan zen desberdina. Etxetik atera gabea nintzen ordura arte, epe luzean behintzat. Arrasaten bizitzen egon nintzen, baina asteburuetan beti etxera buelta. Hemen ikasten aritutako zarauztar batek asko lagundu zidan: nola antolatu, nola bilatu lo tokiak, garraioa… Pixkanaka, lagun taldea egiten hasi nintzen, gimnasioan, eta nahiko erosoa izan zen hasiera. 

Nolakoa da Sheffield hiri gisa?

Bilboren antzekoa, orain 20 urte. Industria hiria, pixkanaka aldatzen ari dena. Altzairuarekin indar handia hartu zuen, gero krisia etorri zen, eta XXI. mendean ikasle hiria bilakatu da. 30.000 lagun bertaratzen dira hona, eta hiria eraldatzen ari da. Industriaren zentroa zen, baina ,egun, ikasleen gunea da. 400.000 biztanle pasa ditu, baina erdigunea txikia da, ordu erdian alderik-alde pasa dezakezu. Bertan zeuden industria guneak zerbitzu gune bilakatu dira, ikasketa guneak; industriak, teknologiarekin zerikusia dutenak, batez ere, kanpoaldean kokatu dira. Hiri erakargarria da.

Ingalaterra joan aurretik ere bikotekidea bazenuen, Leire, biek hara joatea erabaki zenuten. Erraza izan al zen erabakia?

Ikasketa proiektua bukatu, udan etxera itzuli, eta hor erabaki genuen. Ordurako banekien han zer neukan. Leirerekin hitz egin nuen, eta hara joatea erabaki genuen. 2013ko urrian. 2018an Unax jaio zen, eta Kaila jaiotzear izango da elkarrizketa hau argitaratzen denerako.

Bigarren haurraren etorrerarekin pentsatzekoa da tartetxo luzeago bat egingo duzuela Sheffield-en. Zein asmo duzue epe luzera begira?

Ondo gaude hemen, eroso gaude, baina lagunak, familia eta beste faltan botatzen ditugu. Hamarkada oso bat daramagu kanpoan ia, dagoeneko, eta hasi gara itzuleran pentsatzen. Unaxek hiru urte egingo ditu, Euskal Herrian haztea nahi genuke, eta ea ba, epe nahiko laburrean pausoa ematen dugun. Egoera aztertzen ari gara etxean.

Villabonara?

Ez daukagu oso garbi oraindik. Ikusiko da, urte bukaeran edo.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 576. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!