Martxan da “Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara!” dinamika, AEKren eskutik

Aiurri 2021ko mar. 1a, 11:23

Hamaika txokotan barrena, Euskal Herria zeharkau behar zuren aurten KORRIKAk. Baina ez da posible izango. Hala ere, AEKren eskutik ekitaldi-sorta izango da euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko asmoz: “Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara!”.

“Euskaltegi sendoak behar ditugu; bide  onetik goaz, urtero-urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira  horietan”, adierazi du AEK-k, “baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere”. Aitzitik, gaineratu dute erakundetik arlo horren finantzaketa ez dela aski: “Herritarrei euskara ikasteko  aukera ematen zaie edonon bizi direlarik ere; horregatik, gaur egun, hiru  administrazioetatik (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) arloari bultzada  estrategikoa eman behar zaiolakoan gaude”.  

Horrenbestez, hurrengo hilotan, “Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara!” izeneko dinamika jarriko du abian AEK-k. Hiru ardatz izango ditu aipatutako egitasmoak: 

  • 2021eko gutuna. Gutun bat helaraziko die AEK-k Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen  urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen adierazteko. Era berean, euskara sustatzeko lanetan diharduten eragileekin lan-ildo komuna jorratzen ari da, "gobernuek eta herritarrek  jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako".  
  • Herritarren bultzada nahi dute AEK-ko kideek, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien  aldeko bultzada, kalean egon dadin. Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat tokitan Bultza  Euskaltegiak! ekitaldi xumeak antolatuko dira martxoaren 28an, unean uneko osasun-neurrietara zeharo egokituak; momentu honetan, 45 gune lotuta  ditu AEK-k eguerdiko 12:00etan ekitaldiak gauzatzeko, baina behin-betiko zerrenda ez da oraindik itxi.
  • Azkenik, martxoaren amaierara arte, "Bultza euskaltegiak Bultza euskara! Egizu ekarpena" kanpaina ere abiatu du AEK-k: “Korrika  atzeratzeak zuloa eragin digu aurrekontuan, zalantza barik, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diogu erantzuna, hasiera batean”. Zorrak kitatzeko lan horretan herritarren sostengua berebizikotzat jotzen du erakundeak. Ekarpenak AEKren  webgunean egin litezke, hainbat eratan.  

Finean, argi du Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak: “Agerian utzi nahi dugu, egun ere, euskaltegion ezinbesteko rola Euskal  Herri euskalduna izango badugu; eta, bide horretan, herritarron nahiz eragileen  babesaz gain, administrazioen laguntza ere behar-beharrezkoa zaigu. Bultza  euskaltegiak! Bultza euskara!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!