Eskola txikiak, osasun alarma egoeran

Ainhoa Gil 2021ko mar. 20a, 08:44
Adunako eskola

2019-2020 ikasturtea hankaz gora geratu zen martxoan. Pandemiak ikaslez hustu zituen ikasgelak eta teknologia berrietan trebatzera behartu zituen irakasle, ikasle eta familiak.

Ikasturte berriak ere moldaketak egitea eskatu die ikastetxe guztiei eta eskualdeko eskola txikiek ere egokitzapen ezberdinak egin behar izan dituzte. Ikasturte hasierako beldur eta zalantza asko baretzen joan dira ikasturteak aurrera egin duen gisan, eta aurrera doaz euren bidean. 

Pandemia garaiko egokitzapenei lotuta, Adunako Herri Eskolako kideek indar berezia jarri zuten eskolako sartu-irteera edo jolas-garaiko momentuetan. Amaia Zarauz eskolako zuzendaria da eta hark azaldu duenez, “ikasleak burbuila ezberdinetan banatuta daude, eta momentu horietan ere burbuila ezberdinek ez dute kontakturik. Lehen sarrera bakarra erabiltzen genuen eta orain bi sarrera ezberdin erabiltzen ditugu. Eguraldi txarrarekin, pilotalekuan elkartzen gara eta haur bakoitzak badaki zein taldetara jo behar duen. Jolas-garairako ere gune ezberdinduak ditugu talde bakoitzarentzat”. Jangelan ere aldaketak egin dituzte. Lehen txanda bakarrean bazkaltzen zuten ume guztiek, eta orain bi txandatan antolatua dute jatordua.

Burbuilatan banatuta

Bost talde edo burbuilatan banatuta dituzte ikasleak. “Aurten modu honetan antolatu ditugu: 2 eta 4 urte arteko ikasleak talde batean, 5 urte eta Lehen hezkuntzakoak beste talde batean, bigarren mailakoek taldea osatzen dute, 3. eta 4. mailakoek beste bat eta azkenik, 5 eta 6. mailakoen taldea legoke. Ume kopuruaren arabera antolatu ditugu burbuila taldeak”, azpimarratu du Amaia Zarauzek. 

Eguneroko ohitura berriak ere txertatu dituzte eskolan, noski. Goizean eskolara sartzerako, tenperatura neurtzen diete haurrei, eta berdin eguerdiko etenaren ondoren. Eta bereziki zaintzen dute eskuen garbitasuna.

Kanpoko ekintza gehiago egiten saiatzen dira Adunako Eskolako kideak: “Eguraldiak laguntzen duenean, ikasgelatik ateratzen gara, herriko txokoren batera. Kanpoan ematen ditugu eskolak horrelakoetan. Negu betean, ez dugu aukera handirik izan, baina udaberriari begira, maizago aterako garela uste dut”. Kanpora ateratzeko filosofia horri lotuta, Baso Eskola jarri dute martxan Haur Hezkuntzako txikiekin. “Talde bakoitza astean behin ateratzen da basora, ekintza ezberdinak egitera”. 

Arauak, barneratuta

Haurren jarrera azpimarratu du zuzendariak: “Helduoi gehiago kostatzen zaigu arauak barneratzen, haurrek askoz ere errazago egiten dute hori. Gure aldetik, normaltasuna mantentzen saiatu gara; Euskararen eguna, Olentzeroren etorrera edo inauteriak, esaterako, eskolan ospatu ditugu. Moldaketak egin behar izan ditugu, noski, burbuilak mantendu ditugu eta gurasoek ezin izan dute gerturatu jende pilaketak sahiesteko, baina normaltasun pixka bat mantentzea lortu dugula esango nuke”. Ikasleak pozik ikusten ditu Amaiak: “Ikasturte hasieran oso pozik etorri ziren eskolara, eta orain ere halaxe ikusten ditugu, pozik eta gustura”. 

Itxialdia egin behar izan duten ikasleak izan dituzte, “eta haien ikas prozesuari eutsi diogu. Ikasturte hasieran diseinatu genuen kasu horietan nola jokatu, eta halaxe egin dugu. Irakasleei lan gehiago ekarri die horrek, baina barneratuta genuen gerta zitekeela”.

Gurasoen jarrera ere azpimarratu du: “Eskola txikia izanik, harremana errazagoa da. Zalantzaren bat izan badute mailez edo telefonoz galdetu izan dute”. Guztiontzat egokitzapen prozesu handia izan dela ere gaineratu du Amaia Zarautzek.: “Egokitzen ari gara oraindik ere, eta asko ikasten ari gara guztiok”. 

Larraulgo eskola

Larraulgo eskolan ere zenbait egokitzapen egin behar izan dute, baina tailerrek ez dute etenik izan. Aroztegia, artea, zientzia, liburutegia, mugimendua… eskolako martxak ia bere horretan darrai Larraulen. Eskuak maiz-maiz garbitzen dituzte, eta musukoa erabiltzen dute sei urtetik gorako haurrek. Horregatik, hala azaldu du Koldo Rabadan irakasleak, “arnasgunea deitzen dugun gunea sortu genuen ikasturte hasieran. Musukoa egun osoan zehar jantzita izatea ez da erraza, eta norbaitek arnasa berritzeko premia sentitzen duenean, arnasgunera joan eta musukoa kenduta, pixka batean egoteko aukera eskaintzen diegu ikasleei. Ikasle batzuek nahiko maiz sentitzen dute premia hori eta beste batzuk aldiz, oso gutxitan, baina guztiek dute bertara joateko aukera zabalik. Oso ondo barneratuta dituzte arau guztiak; txapeldunak dira”. 

Gurasoen jarrera

Gurasoen jarrera goraipatu du, bereziki, Koldok: “Edozein sintoma txikiren aurrean, haurrak etxean utzi dituzte, baita anai-arreba zaharragoek sintomak izan dituztenean ere. Horrek gauzak erraztu dizkigu. Esaterako, haur batek positibo ematea egokitu zaigu, baina aurrez haren etxeko batek positibo emana zuen eta umea ez duten eskolara ekarri. Beraz, eskolan ez zuen eraginik izan. Eskertzekoa da familien jarrera hori”. 

Aire libreko ekintzak egiten zituzten lehen ere Larraulen, baina orain maizago ateratzen dira eskolatik kanpora. “Eguraldiak laguntzen duenean, atera egiten gara. Basora, edo herriko txoko ezberdinetara joaten gara. Negu aldean eguraldiak ez du horretarako aukera gehiegirik eman. Galtza motzak jantzi eta gehixeago ateratzen hasteko irrikaz gaude”, dio Koldok gogotsu.

Etxetik ere, tailerretan

Etxeratuta geratu behar izan duten umeekin nola jokatu duten ere azaldu du Koldok. Pantaila bidez bada ere, tailer ezberdinetako jarduna jarraitzeko aukera dute ikasleek: “Ez diegu aparteko etxeko lanik ematen.  On line konektatzen gara eta etxean dagoen haurrari galdetzen zaio zein tailerretan aritu nahi duen. Pantaila tailer horretara eramaten dugu eta etxetik jarraitzen du saioa. Haurrek oso ondo eramaten dute egoera hori”. Arau berriak barneratu beharra eta moldaketak egin beharra ekarri ditu koronabirusak, baina gauza berriak ikasteko aukera ere eskaini du. Esaterako, Larraulgo eskolako kideek eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa egiten ikasi dute. “Herritar batek erakutsi zigun egiten, eta oso gustura hartu zuten ikasleek proposamen hori”. 

Gainerakoan, ahalik eta normaltasun handienari eusten saiatzen dira Larraulen ere. Ospakizun berezietan, ekitalditxoren bat egiten saiatu dira. “Jende pilaketak saihestuz, eskolan bertan bideratu ditugu ospakizunak. Gabonetan, adibidez, baserriz baserri ibiltzerik ez zegoenez, koplak eskolan grabatu eta whatsapp bidez bidali genituen etxe guztietara. Inauterietan berriz, ikasleak mozorrotuta etorri ziren eta pelikula bat grabatu genuen gurasoei zabaltzeko”.

Zizurkilgo San Millan

Zizurkilgo San Millan eskolan ere moldaketak egin behar izan zituzten ikasturte honetarako, noski. Mintxa Agirre da eskolako zuzendaria. “Moldaketa garrantzitsuak egin behar izan ditugu. Tailer ezberdinak ditugu eskolan, eta ikasleek tailer batetik bestera mugitzeko aukera zuten, zirkulazio librean. Zenbait jardunetarako talde finkoak ere bagenituen. Orain, erabat ari gara talde finkoetan banatuta, eta zirkulazio librea ere eten egin da. Ordutegi finko bat dugu eguna antolatzeko. Horrek aldaketa handiak ekarri dizkigu, noski”. 

Talde finko bakoitza burbuila bat da San Millan ikastetxean eta horrek, aldaketak eragin ditu: “Talde bakoitzak irakasle jakin batzuk ditu, eta eskolako gainerako irakasleak ez dituzte egun osoan ikusi ere egiten. Lehen, ikasle guztiak irakasle guztienak ziren; guztiok ginen ikasle guztion arduradun. Oso aberatsa zen hori; irakasle bakoitzak bere begirada dauka eta guztion begirada batuta, gauza asko antzematen genuen. Orain murriztu egin zaigu hori. Baina era berean, irakasle bakoitzak askoz ere harreman estuagoa du orain bere taldeko ikasleekin. Hori onerako izan da”. 

Ikasleen arteko harremana ere aldatu egin dela azpimarratu du Mintxak: “Talde bakoitzeko ikasleak euren taldekideekin bakarrik elkartzen da eskola garaian eta horrek eragina izan du harremanetan. Ordutegi finkoa izateak, ordea, onura bat ere ekarri du; orain ikasle guztiak tailer guztietatik pasatzen direla bermatzen dugu”. 

Eguneroko jarduneko hainbat gauza matentzeko apustua ere egin dute San Millanen. “Tailerrei eutsi egin diegu. Aroztegia, liburutegia, mugimendua, zientzia eta arte tailerrak ditugu eta horietan aritzen dira ikasleak orain ere. Arkatzak… zenbait material ez elkarbanatzen saiatzen gara, baina gainerantzean, ohiko moduan funtzionatzen dute tailerrek”. 

Ikasleak erraz egokitu direla aipatu du Mintxak, nahiz eta batzuei gehixeago kostatu: “Ez da erosoa egun oso musukoa jantzita pasa beharra izatea. Batzuei itogarria egiten zaie, eta ulertzekoa da. Gaia landu izan dugunean, ondo onartu izan dute musukoaren beharra”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!