Errigorako produktuak eskuratzeko azken eguna

Aiurri 2021ko mar. 24a, 07:29

Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska litezke. Olioa bost litroko bidoietan banatzen da eta kontserbak hamabi ontziko sortetan, ideia urte osorako beste eskatzea da eta.

Lau oliba-olio birjina estra mota daude aukeran, horietatik bi ekologikoak. Kontserbei dagokienez, zainzuriak, piperrak, orburuak, kardua, menestra, barazkiak, potxak, tomatea, barazki-kremak, txitxirioak eta arroza eska daitezke. Eskaera egiteko epea martxoaren 24ra arte egongo da zabalik, eta banaketa apirilean izango da.

Internet bidezko eskaera

Eskaerak Errigora.eus webgunean egin litezke, eta produktuak jaso ahal izango dira toki ezberdinetan.

  • Andoain: Aita Larramendi ikastolako bulegoetan eta AEK euskaltegian.
  • Urnieta: apirilaren 30ean Hernaniko Gudarien plazan, 12:00etatik 19:30era.

Ardatza, euskara nafarroan

Errigorak Nafarroako hegoaldea du ardatz. Bi kanpaina nagusi egiten dituzte urtero: udaberrikoa eta udazkenekoa. Lehenengoan, bertako oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak Euskal Herri osoko etxeetara banatzen dituzte, bertako ekoizpen eta ekonomia sustatzeko asmoz. Hori da, hain zuzen, orain abian den kanpaina. Udazkenekoan, berriz, Nafarroako hegoaldeko produktuez osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dituzte, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua eginez (saski bakoitzaren balioaren %25).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!