Eskutik eskura iraun dezan lekukoak

Alba Cabrera Jauregi - Mikel Arberas 2021ko mar. 25a, 09:23

“Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” egitasmoa jarri du martxan AEK-k. Datorren igandean, kalera aterako dira andoaindarrak zein urnietarrak, euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko.

Lau hamarkada baino gehiago igaro dira zenbait zoro zoragarrik hizkuntza baten alde inoiz egon den ekitaldi jendetsuena egiteari ekin ziotenetik. “Zuk ere esan bai euskarari”, zioen KORRIKAren lehen leloak, eta, harrezkero, bi urterik behin, hamaika herritarrek eutsi diote AEKren erronkari. Zazpi probintziak zeharkatu ohi ditu bi mila kilometroko ibilbideak, eta eskutik eskura egiten du salto lekukoak, harik eta helmugara iritsi arte. Hitzordu berezia da herritar askorentzat eta euskaltzale alferrena ere lasterka ipintzen du KORRIKAk.

Alabaina, mundua hankaz gora utzi du iragan urtean hasitako pandemiak, baita egunerokoa goitik behera baldintzatu ere birusari aurre egiteko neurri murriztaileek. Ondorioz, orain hilabete batzuk, hitzordua urtebetez atzeratuko duela iragarri zuen AEK-k: “Une honetan, ez dugu KORRIKAren ordezko eskas bat nahi. Izan ere, euskarak bezala, KORRIKAk kalea behar du, bizia, mugimendua. Eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek”. Tristura handia eragin zuen albisteak, batez ere, ekimenaren atzean buru-belarri lanean diharduten kideen artean. Nerea Zubimendi irakasle da Urnietako AEKn: “Herritarrok irrikaz itxaroten dugun hitzordua da KORRIKA, eta, aurten, hutsunea nabarituko da, euskaltegiei ematen dien bultzadari dagokionez”. Bide beretik, Joxemi Aranburuk Andoaingo AEKn egiten du lan: “KORRIKAk eragin zuzena du euskaltegiengan, AEKren jardunaren oinarri ekonomikoa da, besteak beste”.

Horiek horrela, AEKren eskutik, ekitaldi-sorta izango da hilaren 28an –KORRIKAk amaitu behar zuen egunean–, euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko asmoz: “Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!”. Ekitaldi xumeak izango direla jakinarazi du Zubimendik, baina gaineratu du “65 txokotan baino gehiagotan” aterako direla herritarrak kalera. Hala, goizeko 11:00etan izango da hitzordua Andoainen, Goikoplazan, hain justu; aldiz, Urnietan, eguerdiko 12:00etan hurreratuko dira herritarrak Etxeberri Plazara. Martxoaren azken igandeko hitzorduaz gain, beste hainbat helburu ditu egitasmoak: hiru ardatzek osatzen dute aurtengo dinamikaren bizkarrezurra.

Administrazioari begira

Orain 55 urte, Rikardo Arregi andoaindarrak Euskaltzaindiari gutun bat bidali zion; euskaldunak alfabetatzeko bultzadaren premiaz mintzo zen bertan. Hala, gutun hura jo ohi da 60. hamarkadako helduen-alfabetatzearen aldeko mugimenduaren aitzindari. Beraz, hari horri tiraka, “2021eko apirileko gutuna” helaraziko die AEK-k, aurki, Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jakinarazteko asmoz.

Oraindik, “lan handia” egiteko dagoela uste du Nerea Zubimendik, izan ere, Euskal Herriko herritarren % 55 erdalduna da: “Horregatik egin dugu euskaltegiak babesteko deia; laguntzea ez da soilik ekarpen ekonomikoa egitea, zure herriko euskaltegiaren gaineko interesa azaltzea ere bada, horri ikusgarritasuna ematea, alegia”.

Hori ez ezik, mota guztietako eragileekiko lan-ildo bateratua ere jorratzen ari da AEK: “Harreman horiek sustatzen segitu nahi dugu”, jakinarazi du erakundeak, “eragileek aurrerapauso gehiago emateko, akuilu-lana ere egin dezaten beren eremuan; gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako”.

Balioa eman

Azken KORRIKAn, Hernanialdeko antolatzaile lanetan aritu zen Zubimendi eta ondo baino hobeto oroitzen ditu egitasmoa antolatzeko izan beharreko koordinazioa nahiz antolaketa. “Zaila bezain ederra” da irakaslearentzat, hots, haren esanetan, lan handia egin behar izan arren, zoragarria da prestaketa: “Izugarria da zure herritik pasatzen denean. Oso polita da sentitzea zure aletxoa jarri duzula bertan, eta gau eta egun aritu zarela lanean, KORRIKA geldi ez dadin”. Bat dator harekin Joxemi Aranburu Andoaingo AEK-ko kidea: “Ekitaldi jendetsua da, parte-hartze handikoa. Gainera, edizioz edizio handitu egin da ekimena”. Horren harira, gehitu du ez duela gustuko jendeak KORRIKA jai kutsuarekin, soilik, lotzea, alegia, haren iritziz, “era kontzientean” parte hartu behar da hitzorduan. Aldi berean, KORRIKAk “euskalduna izatearen harrotasuna” ematen duelakoan dago Zubimendi: “Ondo sentiarazten gaitu, giro berezia sortzen baita, eta ikasle askori hori dela-eta sortzen zaie euskara ikasteko grina”. Horregatik guztiagatik, bi kideek argi dute martxoaren 28an kalera irteteko beharra.

Bestalde, euskarak bizi duen egoera linguistikoaren erradiografia egiten du KORRIKAren ibilbideak. Zubimendik dioenez, “oso agerikoa” da hori kilometro-banaketan, esaterako: “Hemen, handia da eskaria, baina beste hainbat lekutan, zenbait kilometroz aritzen dira korrika, ez baitago lekukoa eramateko nahikoa jenderik”. Horregatik, jende andanak erosi ohi du kilometroa KORRIKAk bultzada txikia duen lekuetan, eta horrek, irakaslearen ustez, “kohesioa ematen dio Euskal Herriari”.

Bulkada, indar hartzeko

Zuloa eragin du KORRIKAren hutsuneak, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman dio erantzuna AEK-k. Zorpetze horri ere aurre egin beharko dio, ordea, eta herritarren babesa behar duela jakinarazi du erakundeak: “Hurrengo ikasturtean izango den KORRIKAk babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu-eta”.

Ikuspuntu ekonomikotik erreparatuz gero, diru-iturri oso garrantzitsua da AEKrentzat KORRIKA, izan ere, Zubimendik dio “bi urtez bizirauteko adinako ekarpena” lortzen dutela horren bidez. Ildo beretik, Joxemi Aranburuk gaineratu du pandemiak berak zuzenki eragin duela euskaltegien jardunean. Orotara, urtero, 40.000tik gora herritar egon ohi dira euskara ikasteko bidean, Euskal Herrian zein nazioartean; baina, Aranbururen esanetan, aldaketa nabari da matrikula-kopuruan: “Euskaltegietako taldeak ere nabarmen txikiagoak dira aurten. Herritar ugari gerturatu da gurera; hala ere, egoera epidemiologikoa medio, ezin izan dute guztiek izena eman. Ikasle-kopurua mugatu egin behar izan dugu”.

Gauzak horrela, diru-bilketa abiatu du AEK-k, Aranbururen esanetan, erakundea sostengatzeko: “Ikuspuntu ekonomikotik erreparatuta, urte txarra izango da; ez dugu KORRIKArekin biltzen dugun diru-kopurua lortuko”. Hala, ekarpena egin nahi duenak AEKren webgunean izango du diruz laguntzeko aukera. Ezjakintasunak ezjakintasun, itxaropentsu ageri da andoaindarra, eta jendearen babesa izango dutelakoan dago.

Hogeita bian, hogeita bigarrena

Mendea hastearekin batera, mundu bat euskarara bildu zuen AEK-k, herriak geroa landu zezan; arr, harri; err, herri; irr, irri… Orreagatik Bilbora, ondoren, euskal herritarrak euskaldundu zituen KORRIKAk, baita munduko hamaika txokotako euskal diasporakoak ere. Hurrengo edizioan, gogotik heldu zioten hitzari, lekukoari eta elkarlanari; euskarari, herriari.  Karriketan korrikan, korrika karriketan aritu zen euskara orain hamarkada bat, eta pausoz pauso eman zioten euskara elkarri hainbat Euskalakarik. Euskahaldundu zituen BaTZuk, hizkuntzaren malabarista bihurtu, herriaren ilusionista; eta nork bere erritmora egin zuen Klik-a azken KORRIKAn. Aurten, euskaltzaleen bultzada sentitu nahi du AEK-k, “Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!”, eta 2022. urtean igaroko da KORRIKA, berriro ere, herriz herri. Bien bitartean, Euskal Herriko errepideetan, irrikaz itxarongo diote herritarrek lekukoari, euskarak, eskuz esku, ahoz aho iraun dezan.

 

Hitzordu bana igandean

Hamaika txokotan barrena, Euskal Herria zeharkatu behar zuen, aurten, KORRIKAk. Baina ez da posible izango. Hala ere, AEKren eskutik, ekitaldi-sorta izango da, euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko asmoz: “Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara!”. Hala, martxoaren 28an kalera ateratzeko deia zabaldu du AEK-k:

11:00 Andoain, Goikoplaza.

12:00 Urnieta, Etxeberri Plaza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!