Zinegoak jaialdiaren lagin bat Asteasun, Villabonan eta Adunan

Aiurri 2021ko api. 8a, 14:38

Jaialdian ikusgai izan diren sei ikus-entzunezko eskainiko dituzte eskualdean, datozen asteetan.

Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia da. Aurtengoa 18. edizioa izan da, eta hilabete honetan jaialdiko hainbat lan ikusgai izango dira Asteasun, Amasa-Villabonan eta Adunan.

Edizio honetako leloa “Zalantza izpirik gabe” izan da, eta horrek lotura zuzena du Zinegoakeko kartelarekin eta aurtengo helburuarekin. Antolatzaileen ahotan: "Aurtengoan, beren identitatea, nortasuna eta etorkizuna eraikitzen ari direnengan jarri dugu begirada. Beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan”.

“ZG_Hedapena”, eskualdean

Jaialdia Bilbon amaitu eta gutxira, Zinegoak jaialdiak ibilbidea hasi zuen Euskal Herrian barrena, herriz herri. Osasun-krisiak egoera zaildu duen arren, aurten 40 udalerri baino gehiagok parte hartu dute. Lehen aldiz parte hartuko dutenen artean dago Aduna. Aiztondon barrena, hiru saio antolatu dituzte:

Asteasu: Apirilak 16, ostirala. Udaletxeko Ikus-entzunezko gela.

Amasa-Villabona. Apirilak 29, osteguna. Gurea zinema.

Aduna: Apirilak 30, ostirala. Kultur aretoa. 

“Red bay” eta “Hemen.gaur.berriz” euskal ekoizpenez gain, nazioarteko beste lau gehiago ikusteko aukera izango da hiru herrietan: “Leo y Alex en pleno siglo XXI”, “Mall”, “Karaoke” eta “La amante”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!