Eskualdeko ordezkaritza Gipuzkoako eskolarteko bertsolari txapelketan

Sara Medrano 2021ko mai. 11a, 07:46

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa abiatu da, eta bertan skualdeko lau bertsolari gazte parte hartzen ari dira. Haritz Mujika Asteasuko bertsolariarekin trebatzen ari dira.

Nola ikusten dituzu bertsolariak txapelketa honen aurrean?

Lehenengoz parte hartuko dutenak urduri sumatzen ditut. Besteak, ez hainbeste. Normala da, ni ere halatsu egoten nintzen eta gaur egun ere urduri sentitzen naiz txapelketako saioren batera edo plaza garrantzitsuren batera noanean. Esaten diedana da urduritasun horri neurriko garrantzia eman eta kontzentratuta mantentzean dagoela gakoa, indarrak eta pentsamendua behar den horretara bideratzen.

Zergatik da garrantzitsua eskolarteko txapelketa?

Plazan aritzeko urtean zehar daukaten aukera ia bakarra delako. Oholtzan eta jendaurrean kantari aritu ez denak ezin du jakin zer den bertsolari izatea, zer den bertsolariek oholtzan sentitzen dutena, zer den bat-bateko jardun horretan publikoaren eta sortzailearen artean sortzen den gauza berezi hori… Eta eskolartekoak aukera hori ematen die.

Metodologia zehatz bat erabiltzen al duzu irakasteko?

Azken ikasturteetan aldaketa ugari eragin dira. Bertsozale Elkartearen “Gu ere bertsotan” proiektuaren baitan, bertsolaritza saioak emateko modua nola hobetu lantzen ari gara eta ni ere bertako lan-taldean nagoenez, bertako lanketa eta mintegietatik hartutako ideiak probatu, landu eta hobetzen saiatzen naiz. Labur esplikatzeko, ikasleak bertsolarien esperientziara hurbiltzea nahi dugu eta horretarako behar dituzten tresnak eskura ditzaten laguntzen zaie bertso eskoletan: abesten, errimatzen, erantzuten edota jendaurrean egoten ikasiz…

Askorentzat agian lehenengo plaza izango da. Jendeaurrean kantatzea gogoko duten edo ez deskubritzeko aukera da

Jendaurrean kantatzea denok dugu gustuko. Nori ez zaio gustatzen urte guztian egindako lana publiko aurrean erakustea? Beste kontu bat da urduritasuna kudeatzeko gaitasuna baduten edo ez, urtean zehar landutakoa aski den edo ez saio txukuna egiteko, norbere buruaren ahaleginarekin gustura dauden edo ez… Bakoitzak beretik zerbait uzten badu eta publikoak hori eskertzen eta txalotzen badio, seguru berriro ere jendaurrean aritzeko gogoz geratuko direla.

Pandemiak eragin al du, gazteak bertso eskolara joaterako orduan?

Itxialdi garaian telematikoki egin genituen bertso eskola saioak. Ez da gauza bera baina besterik ezean, alternatiba bat izan daitekeela konturatu ginen. Aurtengo ikasturtean, berriz, saio presentzialak egiteko aukera izaten ari gara eta motibazioan eta bertso mailan nabaria da aldea. Astelehenetako tarte kuttuna izaten dute bertso eskolakoa; ez soilik kantuan eta kontutan aritzen direlako, baita lagun talde eta kolektibo baten partaide sentitzen direlako ere. Oso interesgarria da beraien arteko elkarrizketak entzun eta beraiekin pil-pilean dauden gaiez aritzea, asko ikasten eta gozatzen dugu elkarrekin.

Txapelketan parte hartuko duten bertsolariekin solasean

Beñat eta Oibar asteasuarrentzat bigarren esperientzia, eta Izar eta Aratzentzat lehenengoa.

Zerk animatu zintuzten bertsolaritzan izena ematera?

Aratz: Amak bertsoak entzuteko ohitura handia du eta orduan hasi nintzen bertsoarekin harremantzen. Eskolan bertsolaritzako klaseak jasotzen hasi ginen eta bertso eskolan izena emateko aukera eman zigutenean, ideia ona zela iruditu zitzaidan. 

Izar: Unai Mendizabal eta Oihana Iguaran etorri ziren hitzaldi bat ematera eskolara, eta bertso eskolan izena emateko esan ziguten. Lagun batzuekin izena eman eta gaur egun arte. Oso gustura nabil. 

Beñat: 5. mailan nengoen gurasoek eskolaz kanpoko jarduera moduan izena emateko animatu nindutenean. Asko gustatuko zitzaidala eta interesgarria irudituko zitzaidala esan zidaten. Eta oraindik hemen nago.

Oibar: Guk ere bertsolaritza izaten genituen eskolan. Unai Mendizabalek animatu ninduen bertso eskolan hastera. 

Zer iruditzen zaizue eskolarteko txapelketa?

Izar: Nahiz eta urduritasuna presente izan, bakoitzaren burua proban jartzeko modu egokia dela uste dut. Bakoitzak zer nolako gaitasuna duen eta noraino iritsi daitekeen jakiteko. Badakit oraindik garaiz dela esateko, baina gustatuko litzaidake aurrerago ere txapelketetan jarraitzea. Eskolartekoa oso polita iruditzen zait. 

Beñat: Gure adineko bertsolariak ezagutzeko aukera ematen du eta esperientzia polita da hori. Gainera, bertsolaritzan hasteko aukera ona dela esango nuke.

Oibar: Txapelketetan bigarren aldia de nirea, eta gutxi bada ere, praktika hartzen zoaz. Oso polita da bertan sortzen den giroa, baina hala ere, aurreko urtean egin zen formatua askozez nahiago dut, bertso-afari moduan. Nik nahiago izaten dut estilo horretan kantatu. 

Nola ikusten duzue zuen burua txapelketaren aurrean?

Aratz: Egia esateko, oso urduri baina probatzeko gogoa daukat.

Izar: Gogotsu, baina aldi berean, beldurrez. Parte hartzaile guztietatik gazteenetarikoa naizela esango nuke eta lehen aldia izate horrek urduri jartzen nau. 

Beñat: Prest ikusten dut nire burua. Ahalik eta hobekien egitea gustatuko litzaidake eta ahal bada, finalera pasatzea. Baina badakit maila handia dagoela. 

Txapelketa, entretenimendu moduan edo lehia moduan ikusten duzue?

Aratz: Aurten txapelketa bat zer den ikustera noa, eta ondo pasatzera. Noski, denei gustatzen zaigu finalera iristea eta lehia puntu hori konturatu gabe ere, beti dagoela esango nuke. 

Izar: Lehen aldia izan da, ez noa irabaztera, ez naiz ikusten modu horretan lehiatzen. Gehiago noa disfrutatzera eta nire burua probatzera. Agian aurrerago, sentituko dut lehia puntu hori, baina oraingoz ez.

Beñat: Biak direla esango nuke, entretenitzeko modua da baina baita zeharka dagoen lehia ere. Beti egon behar du, gutxi bada ere. 

Oibar: Nire ustetan, bertso txapelketak lehiatzeko dira eta entretenimendua nahi bada, badaude bestelako formatuak, plazako edozein saio, esaterako. 

Bertso saioetan, zein ariketekin disfrutatzen duzue gehien?

Aratz: Bakarkakoan aritzea eta oinak emanda. Ofizioetan aldiz, urduri jartzen naiz. 

Izar: Koplatan aritzea oso gogoko dut. Musikaren erritmoan joan behar zara, eta batzuetan kosta egiten zait baina gogoko dut. Pena aurten ariketa hori ez dagoela…

Beñat: Niri puntu-erantzunak gehienbat. 

Oibar: Puntu-erantzunak, gaia emanda… egia esan, ariketa guztiak iruditzen zaizkit interesgarriak. 

Honen ostean, plazan kantatzeko asmorik ba al duzue?

Aratz: Edozein modutara gustatuko litzaidake, bai bertso saio ezberdinetan kantatzea eta baita txapelketetan ere. Bertsoa gogoko izanez gero, edozein aukera da egokia. 

Izar: Egia esan denetarik gustatzen zait baina, sagardotegietan bertsotan aritzea gustatuko litzaidake. Giro hori asko gustatzen zait eta txapelketetan egoten diren urduritasun horiek bezalakorik ez direla izango iruditzen zait. 

Beñat: Herriko festetan kantatzea gustatuko litzaidake. Jendea ezagutzen duzu eta giro ona izaten da normalean. Gainera ez dira txapelketetan izaten diren gai serio horiek izaten, eta estilo hori asko gustatzen zait. 

Oibar: Konpetitzeko bertso mota hori ez da nire gustukoena, baina badakit, txapelketak eman diotela bertsoari jarraipena eta oso garrantzitsua dela. Nire burua plazan eta bertso bazkari edo afarietan ikusten dut gehien, nire bertso kantakera modu horretara lotzen dut. 

Kuriositate moduan, norekin abestuko zenuke gustoren?

Aratz: Oraingoz ezagunak direnekin, adibidez, Oihana Iguaranekin eta Haritz Mujikarekin.

Izar: Julio Soto eta Maialen Lujanbio oso gustoko ditut, eta etorkizun batean gustatuko litzaidake beraiekin bertsotan aritzea. 

Beñat: Niri Beñat Gaztelumendirekin eta Julio Sotorekin. Baina haietaz aparte, beti egiten du ilusioa gertukoekin eta ezagunekin kantatzea. 

Oibar: Eskola zaharrekoa naiz eta aukeratu beharko banu, gustura kantatuko nuke Lazkao Txikirekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!