"Pribilegiatua naiz, zoratzekoa da hau guztia. Ez dakit zer esan"

Mikel Arberas 2021ko eka. 6a, 09:00
IƱigo Orozko laguna besarkatzen igoera lortu izanagatik. Argazkia: Orozko

Iñigo Orozko Andoaingo Leizaran institutuan irakaslea da eta futbolaria Amorebietan. Donostiarrari bizitza goitik behera aldatu zaio; 2. mailara jauzi egin eta gero.

Iñigo Orozko Andoaingo Leizaran ikastetxeko irakasle izatetik, bigarren mailako futbolari profesionala bilakatzera iritsi da, 27 urterekin. Amorebieta futbol taldeko jokalaria da eta, aurten, igoera preziatua eskuratu du. Gauzak horrela, egunerokotasuna goitik behera aldatu zaio. Egun hauetan, sinistu ezinik dabil zer lortu duen, eta ez da gutxiagorako; izan ere, futbol talde handien aurka jokatzeko aukera edukiko du eta alderdi ekonomikoan bultzada handia jasoko du. Hala ere, taldean egingo diren aldaketen berririk ez du eta ziurgabetasuna handia da, oraindik.

Olatuaren aparrean zaudete, zein da zure sentsatzioa?

Apur bat zaila da azaltzea oraintxe bertan daukadan sentsazioa. Nola esango nizuke... Lortu duguna izugarria da eta, nire ustez, ez zuen inork espero. Bagenekien hirugarren postua lortuz gero, talde onen aurka jokatu beharko genuela lehen eta bigarren fasean. Gainera, Badajozen aurka jokatzea egokitu zitzaigun. Oso zaila zen hori guztia irabaztea. Egia da ere ilusio handia genuela, taldean sinesten genuen. Geure jokoa eginez gero, aukerak sor zitezkeela pentsatzen genuen.

Orain nola sentitzen naizen? Egia esan, ez dakit. Galduta. Ezjakintasun handia dago igoeraren gainean; ez dakigu gauzak nola egingo diren, zein bilakaera edukiko duen edota zer jazoko den klubarekin. Izugarri gozatzen ari gara, baina, era berean, ez dakigu zer jazoko den. Oso arraroa da. Egoera geure kontrolpetik ihes egingo balu bezala gaude.

Badajoz taldearen aurka garaipena eskuratu zenuten. Aurrekontu handienetakoa zuten, zeuena, berriz, txikienetakoa...

Extremadurako udalerririk handiena da Badajoz, 150.000 biztanle ditu, gutxi gorabehera. Bestalde, Zornotza herri txiki bat da, 20.000 herritarretara iristen ez dena. Ezberdintasunak ikusteko, alderatzea besterik ez dago. Badajoz bezalako hiri handiek laguntza ekonomiko izugarria izan ohi dute.

Zure gola ezinbestekoa izan zen igoerarako lehian...

Aipatu duzun bezala, olatuaren aparrean gaude. Betidanik jokatu izan dut futbolean, baina Ohorezko mailan edota 3. mailan; baina bapatean Amorebieta bigarren B mailara igo zen eta erronka horri eutsi nion. Erronka hartatik bigarren mailara jauzi egin dugu, eta zer nolako jauzia. Ez nuen inoiz imajinatuko hau guztia. Agian, 28 urterekin profesionala izateko eta futboletik bizitzeko aukera edukiko dut. Pribilegiatua naiz, zoratzekoa da hau guztia. Ez dakit zer esan.

"El Chiringuito" telebista-programan ere agertu zara.

Amatxo maitea. Lotsa izugarria pasa nuen kamerak Leizaran institutora gerturatu zirenean. Gainera, nire lankide batzuek Amorebietaren lorpenaz ez zekiten deus, beraz, bapatean jende asko hasi zen igoeraren berri edukitzen. Eta, "El Chiringuito"ren programarena pasada bat izan zen, jakinda, Espainian gehien ikusten den kirol programa dela. Zabalkunde izugarria eduki du.

Talde handi askoren aurka jokatzeko aukera edukiko duzue datorren urtean; besteak beste, Eibar, Realeko bigarren taldea edota Rayo Vallecano...

Ipuruan eta Anoetan jokatuko dugu talde handien aurka. Vallecasen ere jokatuko dugu Rayo handiaren aurka, hori bai dela partida. Oso norgehiagoka politak edukiko ditugu. Gainera, Espainiako zoko guztiak ezagutuko ditugu, leku batetik bestera mugituko baikara.

Futbolaria izateaz gain, Leizaran insitutuko irakaslea ere bazara. Orain arte, nola uztartu dituzu bi lanak?

Amorebietak uzten digun aukeretako bat da, eta horregatik oso eskertuta gaude. Zera esan nahi dut: ordutegiak moldatzeko aukera eman digute, izan ere, taldekide askok beste lan batzuk dituzte, esaterako, irakasleak, informatikariak edota familiako dendetako langileak dira. Taldeak bi arloen arteko oreka mantentzeko aukera uztea, benetan eskertzekoa da. 2.B mailan soldatak ez dira izugarriak, eta lan batekin uztartzean, behintzat, hilabete bukaerarako diru-sarrera interesgarria lortzen dugu.

Babesa jaso duzu ikasleengandik eta irakasleengandik?

Futbolzaleak diren ikasleak jakinaren gainean zeuden eta asko animatzen ninduten; astelehenetan, sarritan galdetzen zidaten partidei buruz. Lankideei dagokionez, irakasle askok ez zekiten taldearen egoeraz, baina, El Chiringuiton eta hedabideetan agertu ostean, guztiak jakinaren gainean jarri ziren. Oro har, oso ondo portatu dira irakasleak, zuzendaritza eta eskola. Egoera askotan erraztasunak eman dizkidate. Esaterako, kanpora joan behar nuenean edota entrenamenduak nituenean.

Bigarren mailarako jauzia eginda, bi lanen artean aukeraketa egin beharko duzu, ezta?

Amorebietan jarraituz gero, aukeratu egin beharko dut, bai ala bai. Maila horretan ezin da bi gauzetan ibili. Zirt edo zart egin behar da, bata edo bestea aukeratu. Mementoa iristean, dudarik gabe, futbola aukeratuko dut. Parentesi txiki bat, behintzat, onuragarria izango da niretzat.

Bigarren mailan jokatuz gero, ekonomikoki lasaiago egongo zara seguruenik, ezta?

Jakina. Soldata oso altuaz hitz egiten ari gara. Sekulakoa. Futbolaren burbuia da. Kirol honek ez du ulertzen arlo ekonomikoaz, gizartetik at dago. Datu bat ematearren, bigarren mailako gutxieneko soldata 77.000 eurokoa da urteko. Orain arte eduki dudanarekin alderatuta, diru kantitate oso handia da. Gutxienekoaz ari gara, pentsa zenbateraino handitu daitekeen.

Zein aldaketa egingo diren taldean adierazi al dute?

Lehendakariarentzat eta kirol zuzendariarentzat ere izugarrizko jauzia da igoera. Pertsona hauek gustuko dutelako daude postu horietan, musutruk egiten dute lan. Orain, bapatean, mila gauza kudeatzen eta egiten ikasi beharko dute. Lan karga eta presio izugarria dute. Gainera, ezjakintasuna handia da gauza askoren gainean eta, oraindik, ez dira geurekin kontaktuan jarri. Baina pentsatzen dut laister esango digutela zerbait, izan ere aurre-denboraldirako ez da asko falta. Klubarentzat bizitza berri bat hasiko dela esan genezake.

Egoera kudeatzeko lanean ariko direla pentsatzen dut eta jokalariok deiaren zain geratuko gara, ea zer esaten diguten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!