[Postontzia]

Sindikatuok bilera errondari ekin diogu alderdi politikoekin, EAEko sektore publikoaren egoera larriaren berri eman eta euren erantzukizuna aldarrikatzeko

LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuak 2021ko eka. 4a, 09:31
Andoaingo Udal langileak, atzoko elkarretaratzean

Apirilaren 22an sektore publikoan greba orokorra deitu genuen sindikatuok hala eskatuta, ekainaren 3an ekin diogu bilera errondari Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza duten honako talde politikoekin: EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemosekin. Ekainaren 4an, berriz, PSE eta PP-Ciudadanos alderdietako ordezkariekin bilduko gara.

Batzarretan, sindikatuetako ordezkariok azaldu dugu zergatik bultzatu ditugun EAEko sektore publikoan mobilizazio eta greba-egunak, eta sektore publikoak bizi duen egoera larriaren berri eman diegu: sektore publikoan 120.000 langile baino gehiago daude azpikontratatuta, eta kontratatutako langileen % 40k behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen du. Hori gure erakundeek sektore publikoa pribatizatzeko egindako apustuaren ondorio garbia dela adierazi diegu.  

Beharrezkoa da gure erakundeek eta alderdi politikoek behingoz irtenbide bat bilatzea, beren esku baitago konponbidea, eta hori lortzeko, behin-behinekotasuna pairatzen duten 60.000 langile publiko baino gehiago kontsolidatu behar dira, eta behingoz zerbitzu publikoen alde egin, enplegu publikoa sortuz eta pribatizazioari bidea moztuz.

Helburu hori lortzeko eta mobilizazioen dinamikaren barruan, LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok manifestazioak deitu ditugu ekainaren 5ean EAEko hiru hiriburuetan

Manifestazioak 11:30ean izango dira; Gasteizen, Diputazio plazatik; Donostian, Boulevardetik; Bilbon, Arriagatik. Sindikatu deitzaileok langile publiko guztiak eta herritarrak animatzen ditugu bertan parte hartu dezaten; guztion artean lortuko dugu helburua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!